Askotariko urraketen testigu

Askotariko urraketen testigu

Maite Alustiza

Kairo, 2013ko uda. Egiptoko iraultza hasi eta bi urtera kokatu du Eshtebak filma Mohamed Diab zuzendariak. Mohamed Mursi presidente zena kargutik kendu ondoren, protestetan zebiltzan manifestari ugari atxilotu zituzten, eta Poliziaren furgoi berean bat egin zuten sinesmen politiko eta erlijioso sendoak zituzten lagun askok. Film horrekin hasiko da, gaur, Giza Eskubideen 15. Zinemaldia, Donostian, 19:30ean.

Apirilaren 7ra arte, giza eskubideak hizpide dituzten film labur eta luzeak ikusteko aukera izango da, Viktoria Eugenia antzokian. Besteak beste, Polonia, Bulgaria, Grezia, India, Serbia, Espainia, Mexiko eta Kuban ekoitzitako lanak emango dituzte; gaiak ere askotarikoak izango dira: artearen zentsura, ustelkeriaren aurkako borroka, errepresioa, lanaren inguruko gogoetak, narkotrafikoa, hinduismoa eta tradizioa… Egitarau osoa zinemaldiaren webgunean kontsulta daiteke: zinemaetagizaeskubideak.eus.

Euskal Herriko filmak ere badira tartean, eta, horien artean, aipagarria da Iban Gonzalez zuzendariaren Ama, nora goaz? dokumentala —lehiaketatik kanpo—. Zinemaldian estreinatuko dute, eta emakume anonimoak ditu protagonista, 36ko gerran Gipuzkoatik kanporatu zituzten emakumeak, hain justu. “Ahaztutako frontea” izan ziren, “biktimak, baina baita heroiak ere”. 1937ko neguan, Gipuzkoako hamalau herritako mila emakume kanporatu zituzten; errepublikaren alde borrokan ari ziren gizonen emazteak ziren, abertzaleak eta errepublikazaleak. Seme-alabak besoetan harturik egin behar izan zuten alde. Igandean ikusi ahal izango da, 16:30ean. Horren aurretik, Beti bezperako koplak film laburra jarriko dute. Emanaldi nagusiaren ondoren, berriz, solasaldia egingo dute Iban Gonzalez zuzendariarekin, Lore Albizu filmeko protagonistarekin eta Joseba Esnal oroimen historikoko adituarekin.

Urteetan atzera egingo du Poloniako Powidoki filmak ere: II. Mundu Gerrara, hain zuzen. Agintariek ez dute begi onez ikusten Wladyslaw Strzeminski margolariaren lana; hark, ordea, ez dio inposatutakoari kasu egingo, eta, ondorioz, nekez biziko da, pobrezian. Filma apirilaren 3an emango dute, 16:30ean.

Bulgarian girotu dute bere lana Kristina Grozevak eta Petar Valchanovek. Slava filmak ustelkeriaren aurkako borroka jorratzen du, Tsanko Petrov langilearen eskutik. Ustelkeria kasu baten parte egingo dute, eta, aitak oparitutako erloju preziatua galdu ondoren, erlojua bera eta duintasuna berreskuratzen ahaleginduko da. Apirilaren 7an izango da emanaldia, 20:00etan.

Iraganeko bizitza berreskuratzen saiatuko da Dev Bhoomi filmeko protagonista ere, Rahul. Bere jaioterrira itzuliko da, Himalayara. Ongietorria, ordea, ez da samurra izango: herrian ez dituzte ahaztu Rahulek iraganean egin zituenak; ez ahaztu, ezta barkatu ere. Apirilaren 5ean izango da saioa, 16:30ean.

Lanaren inguruko gogoeta dakar David Macian espainiarrak La mano invisible filmean —bihar, 19:00etan—. Zenbait sektoretako langileak beren zereginetan agertuko dira, eta, ilunpetik, publikoa haiei begira ariko da. Isaac Rosaren izen bereko nobelan oinarrituta dago filma.

Tatiana Huezo mexikarraren Tempestad lana ere eguneroko gertaera batetik abiatzen da: Miriam lantokian atxilotuko dute, inolako frogarik gabe, pertsonen trafikoa egotzita; kartzelan jasandakoak arrastoa utziko dio. Adela zirku ibiltariari, berriz, duela hamar urte aldatu zitzaion bizitza. Apirilaren 5ean emango dute, 19:00etan. Tempestad bezala, Latinoamerikan girotzen da Fernando Perezen Ultimos días en la Habana. Lagunak dira Miguel eta Diego; heroia bata, eta antiheroia bestea. Ezberdinak izan arren, suntsiezina izango da haien arteko adiskidetasuna: biek bakarrik gordetzen dute iraganean gertatutakoaren sekretua. Bihar ikusi ahalko da, 22:30ean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.