Danel Agirre
Dudatsua eta gezurteroa egin zidaten. Norbait aurkezten didatenean, neure burua ahal den heinean dotoretzen saiatu ohi naiz. Glamour handikoak diruditen —eta ez diren— zereginak aipatu ohi ditut lanpostuaz galdetutakoan, eta egia askoz lotsagarriagoa ezkutatu. Zutabeak eta saskibaloiko analisiak idatzi, irratian hitz egin eta egunkariak diseinatzen ditudala kontatuta solaskideen mirespenezko keinuak eskuratu ohi ditut. Egiteko horiek lanaldiaren hamarren bat ere hartzen ez didatela da errealitate askoz prosaikoagoa, ordea. Nire benetako lanbidea oso jende gutxiri aitortzen diot, nire benetako lanbideak zeharo atsekabetzen nauelako.
Xehetasunetan ere ez naiz galduko, baina ordenagailuaren aurrean igaro ohi ditudan hamar ordutik zortzi itxita askoz hobe legokeen webgune txatxu baten sustapena egiten ematen ditut. Duintasunik gabeko jarduera da: inori ez dio onurarik eskaintzen, inork ez du behar, inork ez du eskatu. Munduari zarata desatsegina eransten dio, eta, sarean galduta dabilenak nik idatzitakoei kasu eginez gero, denbora —eta, akaso, bere dirua— alferrik xahutu baino ez du egiten.
Norbaitek ordaintzea erabaki eta beste norbaitek —nik— diru premia duelako bakarrik existitzen da lan hau. Ez dut asmatu definitzeko beste modurik: lan ezdeusa da. Autorik gabeko Ipar Koreako autobide bakarrean erratza pasatzen duten koitaduena bezain lan ezdeusa bai gutxienez.
Ez nago bakarrik itsasontzi pirata honetan. Hiru enplegu atari ikuskatzetik nator. Lehen begi-kolpean, zerrendatzen ziren iragarkietatik bi herenetik gora inork bete beharko ez lituzkeen lanpostuenak ziren. Ez soldata eskasak zituztelako, gizarteari inongo ekarpen objektiborik egiten ez diotelako baizik. Community manager-ak, komertzialak, prentsa arduradunak, publizistak, finantza-analistak, traderrak, aholkulariak, harreman publikoetan espezialistak, bankariak, coach-ak. Desagertzearekin onura besterik ekarriko ez luketen lanpostuen multzoa amaigabea da, eta hazi eta hazi jarraitzen du. Txakurrak gustura asko bizi dira ile-apaindegira joan gabe. Gozo-dendek eta iturgindegiek Facebook erabiltzeko mintegietan izena ematea aberrazio bat da. Autobideak haizeak garbitzen ditu.
Gizakiaren irudimena mugagabea da zoritxarrez, eta mendeak eman ditzakegu errealitate ukaezina onartu gabe: behar baino askoz lan gehiago egiten dela, alegia. Webgune txatxu baten sustapena egiteak lezio bakarra erakutsi dit orain arte. Badagoela soldata kaskar batengatik sakrifikatzea baino gauza askoz okerragoa: ataza ezdeus batean orduak eta orduak galtzea.
Ezkorra naiz ni. Ez dut uste gure buruari oinarrizko errenta unibertsal bat emango diogunik, edota ito arte zorpetu eta edonondik dirua eskuratu beharraren mekanika ankerretik irtetea lortuko dugunik. Autobidean erratza pasatzeko txanda tokatzen zaigunean, telefonoko aplikazioan euria egingo duela aurreikusi eta zira jantzi ahal izango dugu behintzat.
Leave a Reply