Ane Olaizola
Ez zait iruditzen moda kontua soilik denik. Beti esaten dugu: hau osasuna da. Hori da ibilketa nordikoaren funtsa; kirola egitea bigarren mailakoa da”, adierazi du Juanma Mujikak (Villabona, 1959). Ibilketa nordikoko irakaslea da, eta, kirol horrek egiten duen mesedearen fededun, Gipuzkoa osoan ikastaroak eta irteerak egiten dituzte astero. Izan ere, bere larruan antzeman du ibilketa nordikoak onura ugari dakartzala. “Istripu larri bat izan nuen, eta bizkarrezurra puskatu nuen. Ibilketa nordikoa egiten hasi nintzen, eta honi esker osatu naiz”.
Finlandian du jatorria ibilketa nordikoak. Uda partean, elurrik ez zutenean, eskiatzaileak makila berezi batzuekin hasi ziren ibiltzen, giharren tonua mantentzeko asmoz. Pixkanaka, Europa osora zabaldu da kirol hori, eta Euskal Herrian ere gero eta gehiago joaten dira oinez ibiltzera makila berezi horiekin. Eramaten dituzten makuluak ez dira euskarri gisa erabiltzen, bultzada emateko baizik. Mendirako erabili ohi direnak baino motzagoak dira, eta zilborraren altueran jartzen dira. Pausoak eman ahala, eskua itxiz eta irekiz joaten dira. Alfa 247 teknika irakasten du Mujikak, eta, adierazi duenez, zuzen ibiltzea, eskua luzatzea, makilekin triangelu bat osatzea eta pausora egokitzea daude oinarrian. Modu horretan, gorputzaren goiko aldea lantzen da bereziki.
Herriz herri irteerak antolatzen dituzte Mujikak eta Ana Bengoak (Anoeta, 1962). Irakasleak dira biak. Astelehenetan, Ordizian elkartzen dira; astearteetan, Zarautzen eta Andoainen; asteazkenetan, Irunen; eta, ostegunetan, Tolosan. Hogei lagun inguru biltzen dira egunez egun, eta ibilketa nordikoa egiten dute inguruko txokoetan barrena. Horrez gain, oinarrizko ikastaroak antolatzen dituzte han-hemenka. Datorren larunbatean, esaterako, Azpeitian egingo dute, 09:00etatik 12:00etara. Parte hartu nahi dutenek 602-33 25 36 telefono zenbakira deitu beharko dute. Ordubeteko teknifikazio saioa egingo dute, eta bidegorrira joango dira gero, ikasitakoa praktikan jartzera. Gainera, Azpeitian ere talde bat sortzekotan dira laster, han ere astero irteerak egin ditzaten.
Jarraitzaile ugari ditu ibilketa nordikoak, eta gero eta ohikoagoa da jendea makilekin ikustea paseoan. Hilean bitan ibilaldi luzeagoak ere antolatzen dituzte Mujikak eta Bengoak; ia ehun lagun elkartu ziren azkenekoz Villabonan egin zuten ibilaldian. Horietako bat da Miren Osane Amilibia (Azpeitia, 1972). “Oinez ibiltzea gustatzen zait, eta kasualitatez egin dut topo kirol honekin, ez bainuen ezagutzen. Lehengoan, Tolosan egin nuen ikastaroa, eta gustatu egin zitzaidan. Gorputz osoa mugitu eta jende ugari ezagutzen da. Badakizu egunez egun irteerak daudela, eta norbaitekin topo egingo duzula”.
Europako hainbat herrialdetan, osasun sistema publikoan txertatua dute ibilketa nordikoa; ikastaroak ordaintzen dituzte, eta gaixoak lehengoratzeko orduan teknika hori lantzen dute. “Oinez ibiltzea, berez, ona baldin bada, ibilketa nordikoa egitea are eraginkorragoa da, makilek asko laguntzen dutelako”, dio Mujikak. Gorputzeko giharren %90 lantzen dira kirol horrekin, eta garondoko eta ornoetako tentsioa eta estresa arintzen ditu. Horrez gain, sistema kardiobaskularra indartzen eta zuzen mantentzen laguntzen du, eta koordinazioa eta mugikortasuna hobetzea ahalbidetzen du. “Guztientzat da aproposa, baina, batez ere, hanketako arazoak dituztenentzat, gorputzaren goiko aldea lantzen delako batik bat. Bizkarreko lesioentzako ere eraginkorra da. Izugarrizko bilakaera ikusi dut lehen pattal zeuden pertsonen artean”, dio Mujikak.
Ahizparen pausoei segika
Tere Telletxea (Beasain, 1962) duela urtebete hasi zen ibilketa nordikoa egiten, eta ordutik paseoak makilekin egiteko ohitura hartu du. Adierazi du “segituan” hasi zela onurak nabaritzen. “Bizkarreko min gutxiago izaten dut orain, eta oinetatik ere gutxiago sufritzen dut. Postura asko zaintzen da, eta makilekin bultzada handia lortzen da. Besoekin indarra egiten da, eta, finean, gorputz osoa mugitzen da”. Bere ahizparen esperientzia aintzat hartuta, Montse Telletxea ere (Beasain, 1955) kirol hori probatzera animatu da, eta Azpeitiko ikastaroan parte hartuko du: “Oso gustura ibiltzen da ahizpa, eta haren bidez eduki dut kirol honen berri. Gustukoa dut oinez ibiltzea, eta ikasten hasiko naiz”.
Amilibiaren ustez, osasungarria izateaz gain, baditu beste hainbat onura ere: “Norbait bakarrik sentitzen bada, lagun gutxi baditu, edo aurrerapauso hori ematea kostatzen bazaio, aukera polita da”. Bakarrik irteteak “nagia” sortzen diola argitu du azpeitiarrak, baina taldean egiteak “asko” errazten duela. “Jende asko ezagutzen duzu, eta hartu-eman polita sortzen da”. Hain zuzen, Tere Telletxeak gaineratu du kirola egiten duten bitartean “barre pixka bat eginez eta hitz eginez” joaten direla.
Lanketa eskatzen du teknika barneratzeak. Horretan bat datoz guztiak. “Gauza guztietan bezala, praktikaren bidez ikasten da”. Izan ere, pausoak makilekin koordinatzen ikastea kostatzen da gehien. “Zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta okerragoa da. Nahastu egiten zara, eta trakets ibiltzen hasten zara. Normal joatea da egokiena”, dio Amilibiak. Mujikaren ustez ere hori da gakoa: “Ez pentsatu, lasaitu eta utzi gorputzari ibiltzen”.
Leave a Reply