Asier Perez-Karkamo
Aurkikuntza artistiko handia egin dute Hondarribian, ezustean, bilatu gabe. Greziako kanpalekuetako errefuxiatuen alde ekintza bat prestatzen ari zirela, herrian 63 artista, behintzat, badaudela deskubritu dute. Sorpresa handia izan da, eta balioa ematea erabaki dute; ezkutalekuetatik atera eta haien lanak erakustea, herritarrek eta bisitariek ere deskubri ditzaten.
Helburu solidarioa dago horren guztiaren atzean. Hondarribia-Katsikas boluntario taldeak zozketa solidarioa egingo du bi aste barru, eta errifak saltzen ari dira, euro batean. Mari Jose Aseginolaza presidenteak azaldu duenez, herri osoa inplikatu nahi izan dute: “Udazkenean osasunari eta elikadurari lotutako proiektu bat abiatu nahi dugu Grezian, eta herriko profesionalei laguntza eskatu diegu. Bakoitzari bere jarduerarekin zerikusia duen zerbait oparitzeko eskatu diogu; artisten kasuan, artelan bana”. Aste honetan ari dira oparien zerrenda ixten, eta, dagoeneko, 370 baino gehiago lortu dituzte, horien artean 63 artistaren lanak. Apirilaren 22an zozketatuko dituzte “jendaurrean, kristalezko kutxetan”.
Zozketan, gainontzeko opariek adina balioko dute artelanek, baina Maite Garcia Hondarribia-Katsikaseko boluntarioak argi du “beste zerbait” badutela: “Artelan bakoitzean egilearen zati bat dago, eta horri balioa eman nahi genion. Ez genuen uste hainbeste artista zeudenik herrian, izugarri ondo portatu dira gurekin, eta artea sortzen eta erakusten ari direnen lanari balioa eman nahi izan diogu. Eta, horretarako, zer hoberik erakustea baino?”.
Hiru erakusketa antolatu dituzte dohaintzan jasotako artelanak erakusteko. Aste honetan ireki dituzte bi: Bernat Etxepare kaleko Route 33 kafetegian bat (portuan), eta Damarri plazako Otzazki galerian bestea. San Pedro kaleko Sardara tabernan zabalduko dute hirugarrena, hilaren 20tik 23ra, larunbat horretan zozketa egingo duten plazatxoaren parean. Judas Arrieta artistari eskatu diote laguntza erakusketak antolatzeko, eta hura aritu da lanak sailkatzen, bakoitzaren ezaugarrien arabera leku egokia bilatzen. Dohaintzak izan arren, lanen maila nabarmendu du Arrietak: “Oso artelan onak lor daitezke euro bakar baten truke; Remigio Mendibururen grabatu bat, esaterako. Baina, horren gainetik, artista guztien jarrera izan da politena, eta haien eskuzabaltasuna”.
“Eskaintza heterogeneoa”
Mendiburuz gain, Iñaki Grazenea, Agustin Tife, Javier Sagarzazu, Sara Otaño, Jose Luis Noain eta beste hainbaten lanak jaso dituzte. Izen handiak, askotariko diziplinatakoak, artista amateurrekin maila berean nahastuta. 32 lan bildu dituzte Route 33 kafetegian, bi paretatan banatuta. Otzazki galerian, beste hogei inguru. Gainontzekoak Sardaran erakutsiko dituzte. Arrietak azaldu du lanak banatzeko irizpideak zeintzuk izan diren: “Artelanen eskaintza heterogeneoa da nabarmenena; denetik dago. Route 33 kafetegian mosaiko bat osatu dugu obrekin. Otzazkin, berriz, pieza txikiak eta eskulturak jarri ditugu, espazioarekin hobeto egokitzen zirelako. Sardaran, lekuak eskatuko digu lanak bata bestearen ondoan jartzea”.
Otzazkin, galeriako bazkide bakoitzak bana eman du —bederatzi, orotara—, eta beste hamar bat lanekin osatu dute erakusketa. Juncal Alfonsok muntatu du, eta artelanen “sentikortasuna” nabarmendu du: “Ez dira ausaz hautatutako lanak, artista bakoitzak zerbaitegatik hautatu ditu. Dohaintzetan konpromiso handia dago, eta erakusketaren balio emozionala ere halakoa da”.
Urrats gehiago behar dira
Otzazkin bazkideak ez direnen artelanak erakusten dituzten lehen aldia da, eta bazkideek galeria ireki ahal izatea begi onez ikusi dutela dio Alfonsok: “Ekintza honek ez du aurrekaririk. Helburu beraren inguruan ekintza gehiagorako akuilua izango da hainbeste artista elkartzea, ziur, eta horrek eskualdean dekadentzian dagoen baina izaera handia duen artearen sektorea indartzeko balioko du”.
Egun, Otzazki da modu iraunkorrean erakusketak antolatzen dituen Hondarribiko galeria bakarra, eta, Maite Garciak jakinarazi duenez, horregatik jo du atea: “Duela urte batzuk, galeria asko zeuden Hondarribian. Orain, Otzazkik bakarrik erakusten ditu artelanak urte osoan”. Bazkideek esker oneko hitzak dauzkate Hondarribia-Katsikasentzat. “Parte hartzea sustatu, eta artea eta kultura aintzat hartu dituen sare soziala ehundu dutelako”.
Arrietak ere gogoan du Hondarribia galeriaz josita zegoeneko garaia, eta horren falta sumatzen du: “Garai bateko arte galeriak desagertu egin dira, eta artista lokalek oso aukera gutxi dute lanak erakusteko. Ekimen hau gauzatzeko areto pribatuetara joan behar izan dugu, Hondarribiak ez duelako leku publiko bat artista lokalen edo bestelakoen lana erakusteko. Hondarribia-Katsikasen proiektu honek argi erakutsi du artistak badaudela”.
Hondarribia-Katsikas boluntario taldearen ekimenarekin argi gelditu da Hondarribian dozenaka artista daudela; 63, behintzat, bai. Hilaren 23ra arte izango da aukera haien lanak deskubritzeko. Ez dadila horretan bakarrik gera.
Leave a Reply