Amagoia Iban
Donostiako Viktoria Eugenia antzokia erabat beteta, eta film emanaldiaren ondorengo solasaldia testigantza artean josita. Halaxe estreinatu zuten igandean Iban Gonzalezen (Arrasate, 1973) Ama, nora goaz? filma.
Igandeko Viktoria Eugeniako estreinaldiaz zer esango zenuke?
Pozez zoratzen nagoela. Bete-bete egin zen, eta guretzat oso aproposa zen lana plaza horretan erakustea, Gipuzkoan eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan. Gipuzkoan gertatu zen giza eskubideen urraketa bat kontatzen dugulako. Viktoria Eugenia ez da nolanahiko plaza, eta erabat bete zen. Dokumentaleko emakumeek izugarrizko txalo zaparrada jaso zuten, eta filma eman osteko hizketaldian ere jende asko geratu zen. Oso ederra izan zen. Orain, beste bide bat egingo du dokumentalak.
Bide hori egiten hasita zaudete jada, gainera.
Bai. Bilboko Zinexit Elkarbizitzaranzko zinemaldian egin genuen aurrestrenaldia, azaroaren 16an, eta joan den ostiralean Malagako [Espainia] zinemaldian erakutsi genuen. ETBn ere emango dute. Orain, emakumeak kanporatu zituzten Gipuzkoako hamalau herrietan eman nahi dugu, baina beste herri batzuetatik ere hasi zaizkigu deitzen. Azkenean, dokumentala aitzakia bat izan behar da elkarrizketa hasteko, herriko kontuen inguruan hitz egiteko eta argi pixka bat ematen saiatzeko.
Filma erakutsi ahala, bertan ager zitezkeen pertsonak ezagutzen hasiko zarete akaso. Herritik bidali zuten jende gehiago ezagutzeko parada izango duzuela, alegia.
Bai, hori tipikoa da. Ikerketa prozesuan aritzen garenean, kostatu egiten da izenak lortzea. Gero, gure ikerketaren emaitza aurkeztu eta hedatzen denean, jendea ezagutzen dugu. Hori oso ona da. Hain zuzen ere, dokumentalaren helburuetako bat hori da: frankismoaren inguruko isiltasun hori apurtzea. Eta isiltasuna ez da dokumental baten aurrean bakarrik apurtzen. Isiltasuna etxeko sukaldean, herriko tabernan eta toki guztietan apurtu liteke. Guk sortutako zaratatik beste gauza batzuk pizten badira, gu pozik. Oso pozik.
Beren seme-alabekin batera egotzi zituzten emakume haien alabak elkarrizketatu dituzue dokumentalean. Duela 80 urte helduak ziren haiek hilak dira jada.
Bai. Garai hartako neskatilak elkarrizketatu ditugu. Batzuek 14 urte zituzten orduan, eta 94 egun. Beste batzuk gazteagoak dira, eta etxean kontatutakoak eta amarekin bizi izandakoak kontatzen dituzte. Asko bidean geratu dira, bai.
Baleukon urte dezente daramatzagu memoria historikoarekin lanean, eta, pertsonalki, beti izan dut gogoa honelako zerbait egiteko. Gizonen historia gizonek idatzi dute. Gu patriarkatu batean bizi gara, eta arlo honetan ere nabari da hori. Gutxitan kontatzen da emakumeen historia, eta, kontatzen denean, beste modu eta maila batean kontatzen da.
Gizonen ibilerak askoz epikoagoak eta garrantzitsuagoak omen dira.
Bai, eta neuk ere landu izan dut epika hori. Gernika batailoia dokumentala, esaterako, oso epiko egin nuen. Inertziaz egin nuen, akaso, baina lan honetan elkarrizketatu genituen emakumeei entzun, eta izugarria iruditzen zait beren lana eta beren bizi esperientzia. Lehendabiziko elkarrizketa egiten hasi orduko, dokumentalerako plana aldatu zitzaidan, guztiz. Zenbat sufritu zuten emakume haiek, zenbat aldiz altxatu ziren, eta zeinen apalak ziren. Diren. Euren apaltasun mailan jartzen saiatu eta hitza beraiei ematea beste aukerarik ez nuen ikusi.
Fikzio lizentzia bat hartu duzu, hala ere.
Bai, istorioari haria emateko, bi aktore erabili ditut. Baina elkarrizketatutako emakumeen apaltasun horri erantzuten saiatuz beti.
Proiektu hau ezin da ulertu Joseba Esnal zumaiarraren ekarpenik gabe, ezta?
Ez. Dokumentalean agertzen den Lore Albizuren semea da. Orain dela hemeretzi urte hasi zen Joseba kontu honen inguruan ikertzen. Pelikula bat egiteko gogoa ere sortu zitzaion, baina ez zuen aukerarik eduki gauzatzeko. Orain dela bi urte, egunkarian Siriako errefuxiatuei begira, amak esan omen zion: “Geu ere horrelaxe ibili ginen!”. Hortik sortu zitzaion berriz ere gaiari heltzeko gogoa. Baleuko eta bera elkartu ginen, eta halaxe izan da. Ideiaren bultzatzailea Joseba izan da, bai.
Etxean abertzaleak zein ezkerrekoak izateagatik egotzi zituzten emakume haiek. Nola agertu duzue kasuistika hori zuen lanean?
Abertzale etxeetakoak dira denak, baina ez nituzke denak zaku berean sartu nahi. Egia da inguru batekoak bakarrik agertzen direla esan daitekeela, baina ezinezkoa zitzaigun dena kontatzea.
Gipuzkoatik botatako emakumeen historia kontatu duzue. Euretako gehienek Gernikako eta Bilboko bonbardaketak, erbestea eta II. Mundu Gerra nozitu zituzten.
Bai. Bide desberdinak egin zituzten, eta, dokumental honetan elkarrizketatutako emakumeen bitartez, haiei denei aitortza eta omenaldia eskaini nahi zaie.
Bere bizipenen garrantziaz jabetu gabeko emakumeak ere ezagutuko zenituen.
Isiltasuna enkistatuta dago gure herri honetan. Frankistek ondo egin dute beren lana. Besteren bizipenak ezabatzen eta berenak inposatzen asmatu zuten. Horri matxismoa eransten badiozu, atera kontuak! Horregatik, isiltasun hori haustea ez da erraza gertatzen beti. Barruan min handia daukaten pertsonak dira. Eta, hala ere, aurre egiten ikasi dute.
Leave a Reply