Hondarribia-Katsikasek hilaren 22an egingo du zozketa, goizez, San Pedro kalean. Handik oso gertu, atzealdean, Madalen plazan, arteari lotutako beste ekintza ikusgarri bat antolatzen ari dira, bezperatik egiteko. Arrietak gidatuta, zurezko mural erraldoia margotuko dute auzolanean, errotulagailuak, margoak, proiekzioak eta abar erabiliz: “Arratsaldean, haurrek, eta, 22:00etatik aurrera, nagusiek. Haurrekin atzealdeak egingo ditugu, eta nagusiekin, mezuak eta irudiak. Artearen bitartez errefuxiatuen dramaren inguruan hausnartzea da helburua; Grezian gertatzen ari dena irudikatzen saiatuko gara”.
Eta larunbatean murala suntsituko dute. “Errefuxiatuak gugandik banatzen dituen harresia bota egingo dugu”. 800 puskatan zerratuko dute, eta bakoitza euro batean saldu. Hala, ekintzan parte hartzen dutenek formatu handiko artelan bat sortzeko aukera izango dute, eta haien gurasoek, artelan horren zatitxo bat etxera eramatekoa. “Herritarrek parte hartzea eta esperientzia horren zati bat etxera eramatea da helburua, eta, aldi berean, errefuxiatuei laguntzea”, azaldu du Arrietak.
Leave a Reply