Unai Zubeldia
Gogoan izango ez dugu, ba!”. 1998ko otsailaren 21eko argazki bati begira daude Mikel Unanue (Donostia, 1968) eta Jokin Errasti (Azkoitia, 1966). “Hau da hau! Gazteago geunden orduan, Jokin…”. Barru-barrutik atera zaio hausnarketa Unanueri. “Oroitzapen politak dauzkat”, hasi da Errasti. “Baina urruti gelditu da jada partida hura”, lagundu dio donostiarrak. Jokin Etxaniz eta Aitor Elkoro 22-21 mendean hartuta —haiek ere gipuzkoarrak—, Unanuek eta Errastik osatutako bikotea da Binakako Txapelketa irabazi duen Gipuzkoako azken bikoa; 2000n galdu egin zuten, Titin III.a eta Lasa III.aren aurka, 22-19.
Ondoren, Juantxo Koka txapeldun izan zen 2003an, Ruben Belokirekin bikotea osatuz; eta Oier Mendizabal ere bai, 2008an, Aimar Olaizola aurreko koadroetan zuela —atzelariak ordezko gisa ekin zion txapelketari—. Baina Unanue eta Errastirena da txapela jantzi duen azken bikote gipuzkoarra. 19 urteko lehortea errotik eteteko aukera polita daukate etzi Irribarriak eta Rezustak, nagusi izan baitira txapelketa guztian. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe izango dituzte parean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Errastik gogoan dauka 1998koa “oso final gogorra” izan zela. Datu bat gaineratu dio hausnarketari: “Lehengoan eman zidaten datua: 1.086 pilotakada izan ziren. Gaur egun ezinezkoa da halakorik irudikatzea”. Atzera eginda, Unanuek ekin dio duela 19 urteko finalaren kontaketari: “Oso eroso hasi ginen, 12-3 uste dut, baina gerora asko gogortu zen partida”. Errastik atzean “nagusi” ekin zion finalari. “Pilota gozatuz eta dominatuz hasi ginen, baina desberdinak ziren orduko pilotak, gastatuz joan ziren, eta asko gogortu zen amaiera”.
Biek ala biek arazo fisikoekin amaitu zuten partida. “Hanketako bikietan gainkarga izan zuen Jokinek”, gogoratu du donostiarrak, “eta bizkarrean zuntz haustura izan nuen nik. Ezin nintzen mugitu ere egin”. 20-21 atzetik jarri, eta “akabo” pentsatu zuten biek. “Baina Elkorok, hirugarren koadrotik, kanpora bidali zuen pilota, eta…”. Polita izan zen azken tantoaren aurreko hizketaldia. “Zegoen pilotarik biziena kantxaratu, sakea luze atera, eta, eskura bazetorkidan, tantoa amaitzeko esan zidan Jokinek”. Baina azkar erantzun zion aurrelariak: “‘Jokin, badakik ezin dudala ezer egin. Atera heuk sakea’, esan nion”. Barrez amaitu dute finala kontatzen: “Sakea atera, Elkorok eraman, eta neukan guztiarekin egin nuen errematea”. Erdi-erdira joan zen Unanueren pilota. “Baina zabalera joanda zegoen Jokin [Etxaniz], eta hantxe amaitu zen finala”.
Oroitzapenen kaxatik gauzak atera eta atera, ospakizunei ere egin diete tarte txiki bat biek. “Inauteriak ziren”, hasi du kontaketa Unanuek. “Eta lagunekin-eta afaldu, eta emazteekin batera Donostian amaitu genuen laurok”. Zehatz ez dute gogoan nondik nora ibili ziren; ez dute argitu, behintzat. “Baina uste dut hurrengo egunean eguerdi partean-edo itzuli ginela etxera”. Zintzo aitortu du azkoitiarrak.
Unanuek 29 urte zeuzkan txapel hura jantzi zuenean —aurretik hiru final zeuzkan galduta—, eta ordurako 32 zeuzkan Errastik. Garaiak aldatu diren seinale, oraindik 19 urte besterik ez dauka Irribarriak —buruz buruko egungo txapelduna da—, eta 24 dauzka Rezustak. “Guri asko kosta zitzaigun oreka lortzea”, azaldu du donostiarrak. “Baina iristerako sartu dira hauek txapelen lehian. Irribarriak badaki zer den txapel handi bat janztea, eta Rezusta finalean sartu zen iaz [Irujok min hartu zuen gero]. Ondo bidean, aukera gehiago ere izango dituzte biek”.
Errastiren buru aldea, Zuberoa jatetxeko afaria… Biak barrez hasi dira kazetariak galdera egiterako. “Bazegoen zerbait kontu horrekin, bai”, xaxatu du ondokoa Unanuek. Atzelariak eroso eraman du errestoa. “Kazetari baten kontua izan zen dena. Finalera iritsiz gero ilea motz-motz eginda joango nintzela esan nion nik, eta ez nintzela ausartuko erantzun zidan berak”. Azkoitiarrak irabazi zuen apustu hura. “Orain ez daukat makina pasatzen ibiltzeko premiarik!”.
Irribarria-Rezusta, faborito
Beste kontu askotan bezala, garai batekoa eta egungoa alderatzeko tentazioari heldu diote biek. “Beste estilo bateko jokoa zen ordukoa. Jokatzera bideratuta zeuden pilotalekuak. Garai hartan, Bergaran edo Eibarren ez zuketen onartuko gaur egungo jokorik”. Azalpena gehixeago zehaztu du Errastik. “Ez zen onargarria izango pilotari batek hamabi pilota huts egitea, edo bigarren koadrotik ezker gantxoa huts egin, eta hurrengoan berriz huts egin, eta hurrengoan berriz airez sartu, eta…”.
Unanueren hitzetan, “oso joko klasikoa” zen ordukoa. “Nik beti jartzen dut Errastiren edo Tolosaren adibidea. Asko agintzen zuten. Gaur egun, agian, aurrelari batek sotamanoz pilota txapapera bidali, buelta erdia eman, eta eskua altxatzen du barkamena eskatuz bezala. Bi horiekin ez zen halakorik gertatuko”.
Etziko finalari helduta, Irribarria eta Rezusta “nabarmen faborito” direla uste dute biek. “Irribarriak gaitasun handia dauka aurkarien atzelaria egurtzeko, eta Larunbek ez du lortuko jokoan nagusitzerik. Aukerako pilotekin, berriz, izugarri jokatzen du Rezustak”. Errastirekin erabat ados dago Unanue. “Hirugarren-laugarren koadrotik sartu beharko du Oinatzek, eta hortik zaila da Irribarriari min egitea”.
Leave a Reply