Unai Zubeldia
Azken bost urteotan leherketa baten modukoa bizi izan dute Usurbilen. Gipuzkoako beste hainbat herritan gertatzen den neurri berean, orain gutxi arte haurrek osatu izan dute herriko dantza taldea. “Baina duela bost urte helduen dantza taldea ere sortu genuen, dantzak beste modu batera lantzeko helburuarekin”, zehaztu du Eli Eizagirrek, Orbeldi dantza taldeko kideak (Usurbil, 1987). “Hausnarketa fase baten ondoren, herriko festetako betiko emanaldiaz gain, beste zerbait egiteko garaia zela ikusi genuen”.
“Dantza egun” bihurtu zen ia oharkabean sortutako mugimendu hura. “Euskal dantzen arratsaldea antolatu genuen lehen urte hartan, Usurbilgo hainbat dantza diziplinak bat eginda: zumba, aretoko dantza, gaztetxeko taldea…”. Eizagirreren hitzetan “xumea” izan zen lehen ekitaldi hura. “Baina gerora gauza gehiago sortuz joan gara, eta bosgarren urtera ere iritsi gara”.
Egun bakarreko jaialditik ia aste osoko egitaraura igaro dira tarte txikian, beste hainbat egitasmoren artean V. Dantza Egunaren harira erakusketa bat izango delako ikusgai bihar arte —atzo inauguratu zuten—. “Ion Markel Saez de Urabaienek atera izan ditu urtero argazkiak Usurbilgo Dantza Egunean. Orain arte, guk bakarrik eduki izan ditugu argazki horiek, baina uste dugu merezi duela herritar guztiek ikus ditzaten”. Sutegi udal liburutegian egongo dira ikusgai argazkiak. Etzi, berriz, Tioteronen semeak taldearen Fresh-Cool ikuskizunarekin gozatu ahal izango da Mikel Laboa plazan (13:00).
Hori bai, biharkoa izango da egun handia Usurbilen. Orain artean, Gipuzkoako dantzari txikien egunetan-eta parte hartu izan dute Orbeldi dantza taldeko kideek. “Baina, lehen aldiz, Ortzadar (Iruñea), Erketz (Lasarte-Oria) eta Lainomendi (Derio) dantza taldeetako dantzariak gonbidatu ditugu herrira. Pixkanaka, hainbat probintziatako dantza taldeak ekartzea da helburua”. Lehen haziak ereiten ari dira. Iruñea, Lasarte-Oria eta Derioko dantza taldeekin batera, herriko neska-mutikoek ere parte hartuko dute goizean. Usurbilgo Udalarekin eta Hurbilago merkataritza elkartearekin elkarlanean antolatuko du eguna Orbeldi dantza taldeak.
Aktoreak eta musikariak
“Guretzat, ordea, gauekoa da ekitaldi nagusia”. Eizagirrek ez dauka zalantzarik. Indiana Jones eta kaliz sakratua ikuskizuna egingo dute 70 bat usurbildarrek. “Ia urte guztian aritu gara lanean, ikuskizun horretan ez duelako parte hartuko dantza taldeak bakarrik”. Antzerki taldeko bost aktore ere igoko dira taulara. “Eta herriko musikariak ere zuzenean ariko dira”. Oinak eta burua elkarrengana hurbilduta, Usurbilek bere egingo du Baratzeko pikuak kantuaren mezua: “Baratzeko pikuak hiru hosto ditu: dantzan dabilen horrek oinak arin ditu. Oinak arin arinak, burua arinago: dantzan hobeto daki arta-jorran baino”.
“30 bat urte” dauzka Orbeldi dantza taldeak, eta Euskal Herriko hainbat txokotan emanaldiak egindakoa da. “Iaz, esaterako, Zuberoara joan ginen. Oso herri mailako egitasmoa izan da orain artean”. Baina azken bost urteetan izugarri handitu zaie proiektua. Eizagirrek emandako datuak aztertu besterik ez dago horretaz jabetzeko: “124 ume dauzkagu dantza taldean, baita 80 bat heldu ere”. Bihar iluntzeko ikuskizunari dagokionez, azken hilabeteotan “hamar-hamabi laguneko monitore taldea” aritu da lanean 70 herritar taula gainera igotzeko. “Eta beste sei-zortzi lagun aritu gara egun hau antolatzeko lanean, Gabonetatik”.
Usurbilen zati handi bat taula gainean izango da bihar, eta beste zati handi bat behealdetik begira izango dute. “Baina nahi duten guztientzat irekita daude herriko ateak, eta animatu etortzera, festa giro polita izaten dugulako beti”.
Leave a Reply