Leire Narbaiza
Umetan udaberria izaten zen gure idazlanetako gaia. Irakaslea gelan sartu eta esaten zigun urtaro honen gainean idatzi behar genuela. Imajinatzen dut orrialdeak lorez eta txoriz beteko genituela, baita ostarkuz ere, jakinekoa baita sasoi idealizatua dela.
Agian horregatik, martxoaren erdi aldetik aurrera kantatzen dugu ahots betez Zea Mays-en Negua joan da ta, arao bat balitz legez, jakin dakigulako oraindik ere hotza, haizea eta ekaitzak jasan beharko ditugula.
Euskal Herrian aurtengo udaberriko egun hauek inoiz baino udaberriago direla esango nuke. Primadera garai nahasia da, baina, era berean, esperantzaz betea. Sentimenduak azal-azalean dauzkagu. Halaxe gaude motibo askorengatik. Aurten Korrika urtea ere bada, gainera.
Bai, Korrika dabil gure errepideetan, eta zoro kuadrilla horrek antxitxiketan egiten duen bitartean, besteoi begiak betetzen zaizkigu malkoz, gure hizkuntzaren alde etengabe norbaitek diharduela edozein txoko galdutan pentsatze hutsarekin.
Malkoak eta sentimenduak ere azaleratzen zaizkigu udaberri guztietan Durangon eta Otxandion. Aurten, batez ere, bonbardaketen laurogeigarren urteurrena oroitu —ez ospatu, mesedez!— dugulako. Durangaldeko ekitaldiez gain, aurten lehenengoz omendu dira euren etxe eta herrietatik, Gipuzkoatik, frankistek egotzi zituztenak, batez ere emakumeak eta umeak. Hauena estali eta makillatutako sufrimendua izan da luzaroan, andreak eta haurrak izanda errazago zela, edo gutxiago interesatu delako, beharbada. Ihes egin zutela esaten zen, baina bota egin zituzten, goian zerua eta behean lurra. Begi ertzetan malkoa, berriro ere.
Eta sailean etorriko zaizkigu beste bonbardaketa eta erreketen konmemorazioak: Eibar, Elgeta, Elorrio, Gernika, Bilbo… gerra galdu izanaren oroitza. Horrela urterik urte. Negarrik negar.
Baina bedatse honek izango du malkoak xukatzeko aukera emango digun ekitaldi ezin garrantzitsuagoa, bihar bertan, Baionan. Bakearen Artisauek lortuko dute lortzeko gaitza zirudiena, berritasun itxaropentsu bat. Izan ere, Euskal Herri kontinentaleko euskaldun hauen inplikazioari esker beste urrats bat egingo da aurrera. Begira diezaiogun ekitaldiari begi espainiar edo frantsesekin: Espainiako barne arazo bat, Frantziako hegoaldea zipriztintzen zuena, eta konponduko da esku hartu dutelako frantses batzuek, arazoaren parte ez zirenak. Dena musu-truk! Gratis et amore! Bitxia bada, behintzat. Euskaldunon begiekin begiratuta, maistraki egina. Ezinbestekoak zaizkigu artisauok.
Gainera, aurkitu dute modu irudimentsu bat desarmea gauzatzeko, estatuetako arduradunek ezingo diotenari ezetzik esan, orain arte bezala. Armak entregatuta, irudikatuko da bakearekiko konpromiso irmoa. Historia ilun eta hits baten amaieraren azken-aurreko urratsak. Hemen ere begiak lausotuko zaizkigu, emozioz, batez ere falta ditugunak gogoan.
—Eta bitartean, aitatutako ekitaldi eta oroitza guztiak egiten direnean, zoro batzuek jarraituko dute korrika kilometroak egiten Euskal Herriko edozein bazterretan euskararen alde—.
Eta segituko dugu kantatzen Negua joan da ta udaren esperoan, lore eta txoriz beteko zaigulakoan esperantzaren leihoa, jakin arren oraindik ere elurra egin lezakeela, hotzak eta ekaitzak eraso liezagukeela, udaberria beti delako urtaro nahasia.
Leave a Reply