Unai Zubeldia
Erloju faltarik ez zegoen lehendik ere”. Baina erloju batzuen helburua ez da izaten ordu zehatza jakinaraztea. “Garai bateko altxorra berreskuratu nahi izan dugu guk”. Jon Egiguren (Aizarna, Zestoa, 1949) pasioz ari da bizitzen Aizarnako Santa Engrazia ermitako erloju zaharraren konponketa. “Tximistaren batek-edo jota”, bizpahiru urte bazeramatzan erlojuak orratzik mugitu ezinik. “Eta Xabier Alvarez Yeregik esan zigun hura konpondu beharra zegoela”. Yeregitarrek egindakoa da erlojua. “Eta, Xabierren zuzendaritzapean, lantalde bat sortu genuen lanei ekiteko”. Auzolanean.
Zortzi bat lagun elkartu, joan den irailean lanean murgildu, eta Zestoako Lasao enpresan daukate egun erloju zaharra. “Mekanikoki prest dago”, azaldu du Egigurenek. “Baina elektronika probak egitea falta zaigu oraindik”. Kaxa elektriko-elektronikoa itsastea. Martxo amaieran erakusgai jarri zuten Zestoako kultur etxean, eta, orduari egunik jarri ez badiote ere, maiatz amaierarako itzuli nahiko lukete erlojua Santa Engrazia ermitara.
1914an iritsi zen erlojua Aizarnako ermitara, eta hiru zatitan banatuta dago egitura nagusia: erlojua bera edo denbora zehazten duen pisua dauka ezkerraldean, angelus doinua martxan jartzen duena erdian, eta kanpaia joarazten duena eskuinean. Izatez, mekanikoa du funtzionamendua. “Eta Santa Engraziako bentako gizona hiru egunez behin joaten zen erlojuaren giltzari eragitera”. Orduko baliabideei helduta, 80ko urteetan automatizatu egin zuten erlojua. “Harriak altxatzera joan beharrean, motor batzuek egiten zuten lan hura”. Baina motorrak ere hautsi ziren, eta egungo teknikak baliatuko dituzte orain, “erlojuaren berezko egituratik kanpo”, motor txiki batekin funtzionamendua bermatu eta geldirik zegoen “altxor preziatua” martxan jartzeko.
Bitxikerien zakutik istorioak ateratzen hasita, garai bateko erloju horien “zehaztasun falta” azpimarratu du Egigurenek. “Denbora pasatu ahala, gertatzen zen erlojua hiru minutu aurreratzea edo atzeratzea, baina, GPSaren gisako gailu batekin, erlojua aurreratzeko edo atzeratzeko gaitasuna izango du orain”. Egigurenek ziurtatu du Santa Engraziako ordularia “fidagarria” izango dela aurrerantzean.
Museo baten gisakoa
Egigurenek azaldu duenez, eskualdeko herri guztiek Aizarnako kanpai hotsa entzuten ez zutelako erabaki zuten 1914an Santa Engrazia ermitan erlojua jartzea. “Beharra sentitu zuten orduan”. Baina ordu zehatza ematea baino zeregin sakonagoa dauka Zestoako ermitak. “Historia handia dauka atzean. Paregabea da parajea, altueran dago, eta, eguraldi onarekin, ia Gipuzkoa osoa ikus daiteke bertatik. Behin erlojua ermitara eramanda, museo baten gisako egitura edukiko du, kristal eta argi eta guzti. Eredugarria izango da”.
Usurbilen ere izan zuten Aizarnako burutazioen berri, eta bisitan izan dira orain gutxi, buruan antzeko proiektu bat bueltaka zutela. Juan Luis Atxega Usurbilgo elizako organo jotzailearen ekimenez hasi ziren saltsan han. “Bere garaian oso txukun konpondu zuen herriko organoa”, hasi du azalpena Iñaki Mujikak (Usurbil, 1958). “Eta Juan Luisek berak esan zigun dorreko erloju zaharra berreskuratu beharra geneukala, hautsez eta koipez beteta zegoelako”. 1912an Yeregitarrek egindakoa da Usurbilgo elizako erlojua ere. Xabierrekin hitz egin ondoren, lagunei ere eman zien Mujikak Atxegaren asmoen berri. “Eta oso erantzun ona jaso nuen”. Zazpi bat lagun elkartu ziren. “Eta denon artean erlojua jaitsi, askatu, argazkiak atera, bideoak egin, garbitu, eta, pixkanaka, berriz dena muntatzen ari gara, auzolanean”.
Udalaren laguntza txiki bat ere jaso dute egitasmoa gauzatzeko. “Eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzen deialdian ere eskaera egingo dugu”. Usurbilgo Lanbide Eskola eta Yeregitarrak ere buru-belarri ari dira lanean erloju zaharra berritu eta berriz bere lekuan jartzeko. Aizarnan bezala, Usurbilen ere horixe baita helburua, egungo baliabideekin erlojua zaharberritzea. “Garrantzitsua da herritarrek euren gain hartzea horrelakoak berreskuratzeko eta txukuntzeko ardura. Balio handia dauka horrek. Denon artean zaindu behar ditugu horrelako altxorrak”.
Epeak zehaztea izaten da zailena horrelakoetan. “Usurbilgo jaietarako txukunduta edukitzea zen asmoa [ekain amaieran], jendeak ikus zezan, baina ez dakit iritsiko garen. Azarorako bai, ordurako lanak amaituak izango ditugu”. Altxorrak segundoak neurtzen jarrai dezan.
Leave a Reply