Loinaz Agirre
Segurako Udalak hirigintza parte hartzailearen aldeko apustua egin du erdiguneko lau eremurekin osatutako espazio publiko berria sortzeko —Errebotea, plaza, arboladia eta pilotaleku zaharra—. 2014az geroztik ari dira herritarrekin espazio publiko berriaren inguruan hausnartzen, erabakitzen eta sortzen. Segurarrek 2014an erabaki zuten, herri galdeketaren bidez, Erreboteko plazan zegoen eraikina botatzea; bi urte geroago eraitsi zuten. 2016an, adin tarte desberdineko herritarren beharrak eta ideiak aztertu eta jaso zituzten. Orain, 2017an, erdigunerako jasotako ideiak eta ekarpenak paper zuriaren gainean idazteko garaia da.
Jakintza desberdinak elkarlanean jarriko dituzte lan horretarako, workshop deituriko metodologiarekin; Dunak arkitekto eta diziplina anitzeko profesional taldeak gidatuko du proiektua. Koldo Telleria arkitekto segurarra da talde horretako kideetako bat: “Lantegi bat da workshop-a. Gai baten inguruan lan egitean datza, denbora tarte zehatz batean. Taldean edo bakarka dihardute; taldean aztertzen dituzte lan ildoak. Horrez gain, denbora horretan workshop-ean jorratuko den gaiaren inguruan hitzaldi eta formazio saioak eskaintzen dira, egingo den jarduna bide zuzenean joan dadin”.
Aimar Balerdi Segurako Udaleko zinegotziaren esanetan, herritarrek “zuzenean” parte hartzeko aukera izango dutelako egin dute workshop metodologiaren alde. “Arkitektura lehiaketa batekin, herritarrek ez lukete hartu-emanik izango arkitektoekin, eta ezingo lukete iritzirik eman”.
Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza du Segurako lantegiak, azken bost urteetan ikasketak amaitu dituztenei, ikasketetan azken ikasturtean daudenei eta masterra egiten ari direnei zuzenduta baitago. 21 gaztek erantzun diote deialdiari: hamahiru arkitektok, hiru antropologok, bi eraikuntza ingeniarik, Arte Ederrak ikasitako bi lagunek, eta geografo batek. Euskal herritarrak dira hamasei, eta Galiziako bat, Valentziako bat (Herrialde Katalanak), Sevillako bat (Espainia), Italiako bat eta Venezuelako bat ere badaude; “nazioartekoa eta askotarikoa da”, adierazi du Axier Alustizak, Errebote batzordeko kideak. Herriko udal arkitektoak ere parte hartuko du lantegian. “Profil horretako jendeak ideia berritzaileak eta freskoak eskainiko ditu, eta lanerako gogoa eta hartu-emanetarako jarrera oso egokia izatea da ohikoena”, gaineratu du Telleriak.
Hitzaldiak arratsaldeetan
Astebeteko tartea izango dute gazteek ahalik eta ideia eta proiektu egoki eta definituenak sortzeko. “Beraz, hurbilekoak izango dira amaierako proiektuak”. Jakintza arlo desberdineko formakuntza ere jasoko dute gazteek. Horretarako balioko dute arratsaldeetako hitzaldiek; Seguraren historian eta hirigintzaren inguruan azterketa sakona egin duten pertsonak gonbidatuko dituzte: “Espazio publikoaren inguruan lan egin eta ikertu duten profesionalak gonbidatuko ditugu; espazio publikoaren diseinuak eguneroko bizitzan zein modutan eragin dezakeen argituko diguten pertsonak dira”.
Taldekide batzuek, dagoeneko, ezagutzen dute Segura, herriko bi festa ekitaldi nagusitan parte hartu baitute herrigunea nola eraldatzen den eta zein behar sortzen diren ikusteko. “Datorren astean, herrian bertan biziko dira partaideak”, zehaztu du Telleriak. “Beraz, inguruaren zuzeneko ezagutza izango dute”. Herritarrekin ere harreman zuzena izango dute, euren iritziaren eta ikuspuntuaren berri izateko. “Funtsean, sorkuntza prozesua zuzenean ezagutu eta bertan parte hartu ahal izango dute herritarrek”.
Arratsaldeko hitzaldiak herritarrentzat irekiak izateaz gain, egunero herriko elkarte batean egingo dute afaria. Telleriaren hitzetan, “oso probetxugarriak izango dira afari ondorenak”. 4 urtetik gorako haurrek, orain artean bezala, zuzenean parte hartuko dute proiektua idazteko lanean; bertan izango dira asteazkeneko hitzaldian.
Pixkanaka indarra hartzen ari da workshop metodologia, eta, Telleriaren ustez, badu abantailarik: “Gurea izango da sortuko dena, denon ahaleginari esker egindakoa, denon interesekoa”.
Leave a Reply