Eider Goenaga Lizaso
Bide on” esaten diote elkarri erromesek Done Jakue bidea egiten ari direla gurutzatzen direnean. Bidea luzea da, erromesak ugari —fedeak mugitutakoak ez hainbeste—, baina askok bidearen historiari eta nondik norakoei buruzko informazio eta ezagutza handirik gabe ekiten diote ibilbideari. Horretan lagungarri izateko sortu zen 2009an, Orion, Done Jakue Bidearen Interpretazio Zentroa. “Done Jakue bidea hemendik pasatzen denez, egokia iruditu zitzaien bidearen inguruko informazioa eman eta zabaltzea. Kostako bidean interpretazio zentro bakarra zen orduan; orain, Galizian bada beste bat”, azaldu du Rakel Arrieta interpretazio zentroko arduradunak (Astigarraga, 1973).
Pilliku plazan, Iturriaga jauregian, XVI. mendeko eraikin batean dago interpretazio zentroa. “Beheko solairuan, turismo bulegoa dago, eta, goiko bi solairuetan, interpretazio zentroa”. Done Jakue bidea handik igarotzen da, eta erromesek maiz egiten dute geldialdia bertan. “Gehienetan, zigilua jartzera etortzen dira, eta hurrengo aterpeak non dauden edo Zarautzera iristeko zenbat falta zaien galdetzera. Gehienek ez dakite goian interpretazio zentroa dagoenik, baina guk esaten diegu aukera dutela bisitatzeko, eta, denboraz oso larri ez badabiltza, bisitatzen dute”. Erromesek ez ezik, Oriora bestela joaten diren turistek ere egiten dute bisita. “Informazio orokorraren bila etortzen dira, baina batzuek aprobetxatzen dute bisita egiteko”.
Bestalde, atzerritarren artean sumatu du Arrietak Done Jakue bidearekiko interes gero eta handiagoa. “Gero eta gehiago dira bideari buruzko zerbait entzun dutenak edo bidea egin duen ezagunen bat dutenak eta informazio bila etortzen direnak”.
Erromes bide garrantzitsua
Bi solairutan banatzen dira interpretazio zentroko edukiak. “Lehen solairuan, Done Jakue bideari buruzko informazio orokorra ematen dugu”. Bost minutuko bideo batean Done Jakue bidearen sorrera, historia eta bideak igarotzen zen tokietan izandako eragina azaltzen dute. Interpretazio zentroaren webguneak dioenez, IX. mendean, Santiago apostoluaren ustezko hezurren aurkikuntzarekin, “kontinente zahar osoan eragin handia izango zuen alegiazko elezahar kimeriko bat” sortu zen, eta, horrekin batera, “Erdi Aroko Europako erromes ibilbide garrantzitsuena” ere bai.
“Eragin handia izan zuen Done Jakue bideak bai merkataritzan, bai kulturan, bai arkitekturan… Erlijioarekin lotura du, baina eragina askoz handiagoa izan zen: bideak igarotzen zituen tokietan herriak sortu ziren, kanpotik jende ugari etortzen zen, eta bere kulturaren arrastoa uzten zuen, ekonomikoki ere garrantzitsua zen…”, dio Arrietak. Arkitekturan izandako eragina azaltzen duen bideoa da bisitariek gehien maite duten ataletako bat. “Modu oso errazean azaltzen ditu estilo arkitektoniko ezberdinak, erromanikoa eta gotikoa batez ere; estilo horretakoak dira bidean aurkituko dituzten eliza asko, eta erromesei bideoa oso lagungarri egiten zaie”.
Solairu berean, eta komiki interaktibo moduan, Done Jakue bideari buruzko kondairak ikusi eta irakur ditzake bisitariak. Eta, amaitzeko, Codex Calixtinus idatziaren zati batzuk irakur ditzake bisitariak. Garai hartako erromesek Santiago de Compostelara (Galizia) iristeko asmoz jarraitzen zuten bidaia gida zen Codex Calixtinus, eta han euskaldunei buruz idatzitakoak daude ikusgai Orion. “Bidea egin eta gida idatzi zutenek ez zuten oso iritzi ona euskaldunez”, dio Arrietak. Besteak beste, honako hau irakur zitekeen idatzi horretan: “Nafarrak eta euskaldunak oso antzekoak dira jateko, edateko eta janzteko moduan, baina euskaldunek azal zuriagoa dute nafarrek baino. […] Jaten ikusiko bazenitu, zakur edo zerritzat hartuko zenituzke. Eta hitz egiten entzungo bazenitu, zakurren zaunka ekarriko lizuke gogora, haien hizkuntza barbaroa baita erabat”.
Interpretazio zentroaren bigarren solairuan, berriz, Gipuzkoatik igarotzen diren bi bideei buruzko informazioa aurkitzen du bisitariak; “bai kostako bidearena eta bai barrukoarena, San Adriandik igarotzen dena, Irundik Briñasera (Errioxa) joaten dena, frantses bidearekin elkartzeko”.
Leave a Reply