“Zerbait pasatu arte…”

“Zerbait pasatu arte…”

E. Goenaga Lizaso

Tolosa erdiguneko tren geltokiak irisgarritasun aldetik dituen hutsuneek kezka eragiten dute; ez bakarrik Eguzkiri, baita Tolosako Udalari eta Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiei ere —Renferi eskaera egin berri diote aho batez, behar diren egokitzapenak egin ditzan—. Nasara iristeko eskailera mordoa igo behar da, baina arazoa, batik bat, trenera igo eta trenetik jaisteko garaian sortzen da. Brinkolarako norabidean, trenaren eskailera nasatik 60 zentimetrora gelditzen da, eta 20 zentimetro baino gehiagoko altuera hartzen du.

“Urteak daramatza horrela. Zerbait pasatu arte… Eta horrela jarraitzen badu, pasatuko da”, esan dio Hitza-ri Enkarni Ahedok, Zumarragarako trena hartu aurretik. Berak zailtasunik ez duela dio, baina jende askorentzat trena ez erabiltzeko arrazoia dela. Laida Etxenagusiak egunero hartzen du trena, eta esan du ez dela erraza geltoki horretan jende nagusia topatzea. “Ni gaztea naiz, eta halere kosta egiten zait: igotzeko, eutsi egin behar zaio heldulekuari, eta jaisteko, salto egin behar da. Adineko jendea ia bere burua bota beharrean ikusten duzu maiz, nasara iristeko. Eta umeen orgarekin igo behar baduzu, ahaztu; bakarrik ezinezkoa da”. Etxenagusiak dioenez, adinekoak edo zailtasunak dituzten asko Tolosako beste geltokira joan ohi dira trena hartzera. “Hemen ezin dute hartu. Geltoki honen egoera penagarria da”.

Alegian, Brinkolarako bidean, beste hainbeste gertatzen da. Geltokira iristeko eskailerarik ez dago, baina, trena bihurgune batean gelditzen denez, nasatik trenera tarte oso handia gelditzen da. Jesus Mari Zabalak Donostia aldera hartu du trena. Zulo handirik ez dago, eta erraz igo du bizikleta. Arazo gehiago izango du itzuleran, trenetik jaisteko. Zabalak dioenez, ikusi izan du jendea trenaren eta nasaren arteko zulora erortzen. Arriskutsuena, ordea, trenbidea gainetik igaro beharra iruditzen zaio. “Hemen gertatu dira istripuak; duela ez asko, 50 urte inguruko gizon bat harrapatu zuen. Egunero ibiltzen zen, eta, ez dakit zer gertatu zen, konfiantza gehiegi edo despiste bat edo ez dakit, baina trenak harrapatu egin zuen. Gainera, hemen gelditzen ez diren trenak abiadura handian pasatzen dira”.

Tolosatik iritsi berri da beste tren bat, eta Malen Mujika jaitsi da bertatik, makulua eskuan duela. Alegian ditu alaba eta biloba, eta haiek ikustera joateko hartzen du trena. “Astean behin etortzen naiz Tolosatik, baina ez erdiguneko geltokitik, hor ere oso gaizki baitago trenera igotzeko. Hemen ezin da saihestu, ordea. Derrigor jaitsi behar”. Poliki-poliki eman ditu pausoak, trenetik ez baita beste inor jaitsi hari laguntzeko. “Bi aldiz pentsatu behar duzu hanka non jarri; argi ibili behar da, eta kontu handiz. Jendeak laguntzen badizu, ondo: norbaiti eskutik eutsita jaisten zara; baina inor ez badago…”.

Trenetik jaisteko ez ezik, itzuleran trenbidea zeharkatzeko ere argi ibili beharra izaten duela adierazi du Mujikak. “Trenbidea gainetik pasatu behar da, baina, geltokia bihurgune itxi batean dagoenez, ia ez du astirik ematen trena datorrela ikusteko: berehala duzu gainean. Arriskutsua da oso, eta jendea hil da hemen trenak harrapatuta”. Mujikak “utzikeriari” egozten dio Renfeko geltokien egoera kaskarra: “Ikusi besterik ez dago nola dagoen geltoki hau: ez dute mantentze lanik edo egokitzapenik txikiena egiten”.

Estalperik gabe

“Utzia”, horrelaxe ikusten du Elena Rodriguezek Legorretako geltokia ere. Pisukidea eta biak trenaren zain daude, Andoainera joateko. Kontrako norabideko nasan zergatik dauden galdetuta, behatzarekin egin diote keinua kazetariari beste aldeko nasara begiratzeko. “Ikusten duzu nola dagoen: ezta eserleku triste bat ere. Zain egon behar baduzu, hobe zaude alde honetan; babesean eta eserita. Gu hementxe egoten gara, eta pare bat minutu falta direnean igarotzen dugu trenbidea, beste nasara joateko. Korrika igarotzen gara, badaezpada, arriskutsua baita; baina geltokia zuzengune batean dagoenez, behintzat nahiko ondo ikusten da trenik badatorren”.

Bost minutu falta direla, trenbidea gurutzatzeko esan dio batak besteari. “Ez, nik gehiago itxarongo dut alde honetan; lunbalgiak ez dit uzten hainbeste denboran zutik egoten”, erantzun dio Alicia Sayagok. Esan dute Legorretan ez dagoela arazorik trenera igotzeko, baina Sayago kezkatuta dago, laster Tolosara bizitzera joango delako. “Erdiguneko geltokiak beldurra ematen dit; sekulako zuloa gelditzen da; arriskutsua da. Pentsatzen dut beste geltokira joango naizela”. Trenean maiz ibiltzen direla esan du Rodriguezek, eta hainbat geltoki ezagutzen dituztela. “Eta, salbuespenak salbuespen, uste dut egoera txarra dela geltoki gehienetan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.