Elkarbizitzaren bideak irekitzen

Elkarbizitzaren bideak irekitzen

Unai Zubeldia

Eskubideak eta mugak. Hortxe betiko bi hari-muturrak. Soka fin horri tiraka hasi, eta oreka bilatu nahian lanean ari dira Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mendizale Federazioa. “Arriskuan daude espezie batzuk, araudi bat ere badaukagu, eta hori gauzatzea da kontua”. Ibai Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko baso fauna teknikariaren hitzetan, “elkarlana” izan dute oinarri aldundiak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak. “Ulertzen dugu eskalatzaileek euren jarduera egiteko eskubidea daukatela, baina naturaren eta mehatxatutako espezieen alde lan egiten dugu guk”. Horregatik arautu dituzte eskalatzeko guneak. “Baina inondik inora ez da eskalatzaileen aurkako neurri bat”, zehaztu du Mendizale Federazioak berak. “Ez da debekua, oinarri zientifikoak aintzat hartuta egindako erregulazioa baizik”.

Hain zuzen ere, Mendizale Federazioak eman zuen lehen pausoa —15.700 federatu daude gaur egun—. Diru laguntzen bidetik, hainbat esparrutan aldundiarekin elkarlanean ari zen aurretik ere. “Eta, beste gai askorekin gertatu bezala, mehatxatutako espezieen inguruan ere berme eta baimen guztiak nahi zituztela jakinarazi ziguten”. Aizpuruk azaldu duenez, eskalatzeko hogei bat gune aztertzen hasi ziren duela lau urte. “Baina azterketa lana Gipuzkoa osora zabaldu beharra geneukala jabetu ginen”.

Eskalatzeko gune guztien zerrenda osoa egin zuen Mendizale Federazioak. “Eta, oinarri horrekin, erasotzen errazenak diren hegaztien jarraipena egin zuten basozainek”. Habiak egin eta txitak hazten dituzten garaian izaten dira zaurgarrienak hegaztiak. “Eta hegazti bakoitzaren fenologia edo bizitza zikloa aztertu genuen, kasuan-kasuan aldi baterako edo urte guztirako debekuak zehaztu ahal izateko”. Gutxi-asko, urtebeteko lana hartu zuten horretarako —debekatuta dago hegaztiek arrautzak jartzen dituzten gunetik 500 metro baino gutxiagora jarduerak egitea—. Hegaztiak dira babestutako espezieen %99, nahiz eta Aiako Harrian badagoen arriskuan dagoen landare bat ere: petrocoptis pyrenaica.

Gipuzkoako Mendi Federazioak argitu duenez, hegaztien kasuan ez dute zehaztu gune bakoitzean zein espezie dagoen babestuta. “Nahikoa saltsa dagoelako arrautza lapurretekin. Espezie bakoitza zehatz non dagoen esanez gero, lapurtzera joango litzateke jendea, etxera eraman, han hazi, eta ondoren legez kanpo saltzeko”.

Beste herrialde batzuetan egin bezala, Gipuzkoan ere koloreka sailkatu dituzte debekuak. Gorriz ageri dira urte guztian eskalatzea debekatuta dauden guneak: 22 guztira. “Hegaztien santutegiak dira horiek; oso espezie garrantzitsuak daude gune horietan”, zehaztu du Mendizale Federazioak. Horiz irudikatu dituzte debekua egun jakin batzuetara mugatuta daukatenak: hamalau. Eta berdez urte guztian eskalatzeko baimena daukatenak: 67. Hori bai, “malgua” da erregulazioa. “Aldian-aldian espezieak lekuz mugitzen direlako, eta habiak leku desberdinetan egiten dituztelako. Urtero aztertu beharko dugu gune bakoitza”. Mendizale Federazioaren hitzetan, “etengabeko berritze prozesua” eskatuko du eskalatzeko guneen arautzeak.

Eskalatzaileen inplikazioa

Aizpuruk onartu du elkarbizitzaren bidean “oso zaila” izaten dela denak pozik uztea. “Baina kontzientzia handiko taldea da eskalatzaileena, eta oso erantzun ona izan dugu”. Espezieen defentsa eta eskalatzaileen gozamena, bi muturrak bermatzen saiatzen da aldundia. “Espezieen ongizatea bermatzen saiatzen gara gu, baina eskalatzaileak gustura egotea ere bada gure helburuetako bat, bide horretatik errazagoa izango delako eurak gai honetan inplikatuta egotea”.

Foru araurik ezean, gaur-gaurkoz neurria ez da zigortzailea. “Baina Natura Babesteko Legeak zehaztuta dauzka espezieen inguruko hainbat zigor, eta, oinarri horrekin, gaur egun ere jar daitezke isunak”. Hori bai, kontzientziazio lanarekin, bide horri izkin egitea da helburua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.