Eider Goenaga Lizaso
Iritsi da 2016ko errenta aitorpena egiteko unea, eta, horrekin bat, hainbat taldek eragozpen fiskala egiteko kanpaina abiatu dute. Gipuzkoan, Setem Hego Haizea taldeak kudeatzen du kanpaina, eta Donostiako Jose Arana kalean du herritarrei aitorpenean eragozpen fiskala egiten laguntzeko bulegoa. “Eragozpen fiskalak esan nahi du estatuarekin ez kolaboratzea, eta gure diruarekin egiten dituen gastu bidegabeak salatzea: gastu militarra, azpiegitura erraldoiak, bankuen erreskatea… Eragozpen fiskalaren bidez, Ogasunari esaten diogu ez gaudela ados gure dirua helburu horietara bideratzearekin, eta, aldi berean, helburu bidezkoagoetara joango den kopuru bat zehazten dugu”, azaldu du Setemeko kide Jon Narbaezek.
Haren arabera, Espainiako aurrekontu orokorretan ia eraginik ez duen keinu bat da eragozpen fiskala. “Baina sinbolikoki indar handia du. Izan ere, Ogasunari diru kopuru bera ordainduz, gutxienez diru horren zati txiki bat zertarako erabiliko den zuk erabakitzen duzu, ez estatuak”. Narbaezek dio jende gutxik egiten duela, baina harentzat garrantzitsua litzateke bere diruarekin egiten den banaketarekin ados ez dauden guztiek eragozpen fiskala egitea. “Presioa egiteko tresna bat da, eta modu egokia da gure diruarekin gastu bidegabeak egiten direla azaleratzeko”.
Setem Hego Haizea taldeak iaz egin zuen lehen aldiz eragozpen fiskalaren aldeko kanpaina. “KEM Kontzientzia-Eragozpen Mugimenduak urte pila bat daramatza [30 urte inguru] Bizkaian eragozpen fiskala sustatzen, eta iaz gurekin jarri ziren kontaktuan. Haien asmoa zen kanpaina indartzea, beste lurraldeetara hedatzea. Guk helburuekin bat egiten genuenez eta Araban eta Gipuzkoan bulegoak ditugunez, boluntarioak topatu eta lanean hasi ginen. Oso jende gutxi hurbildu zen, baina lehen pausoa izan zen”. Aurten, talde gehiago batu dira eragozpen fiskalaren kanpainara: Mundubat, Mugarik Gabe, Kakitzat, Ekologistak Martxan, ESK sindikatua eta Fiare babesteko elkartea.
Setemen Donostiako bulegoan Edurne Pujana aritzen da lanean. Gipuzkoako sentsibilizazio teknikaria da, eta berak artatzen ditu eragozpen fiskalari buruz informazioa eskatzera joandako herritarrak. “Normalki, etortzen den jendeak badaki zerbait eragozpen fiskalari buruz, gehienak gobernuz kanpoko erakunderen batean dabiltza eta sentsibilizatuta daude; baina nola egiten den eta, eginez gero, ondoriorik ekarriko liokeen galdetzen dute”. Informazio hori Pujanak ematen die, eta gero hitzordu bat zehazten dute errenta aitorpenean eragozpen fiskala egiteko. Bi boluntario aritzen dira Gipuzkoan zerbitzu hori ematen. “Finantza gaietan adituak dira, eta Ogasuneko programarekin errenta aitorpenerako proposamena prestatzen laguntzen diete herritarrei”.
Bota atzera proposamena
Ignacio Sanz KEMeko kideak argi du zein den herritarrek egin behar duten lehen pausoa. “Errenta kanpainan gaude, eta honezkero gehienek jasoko zuten etxean Ogasunetik bidalitako eskutitza, aitorpenerako proposamen bat eginez. Bada, guk beste proposamen bat daukagu: bota atzera Ogasunaren proposamen hori, eta egin beste bat, eragozpen fiskala aplikatuta, eta diruaren zati bat norberak nahi duen talde edo egitasmo bati zuzenduta”, esan zuen, eragozpen fiskalerako kanpainaren harira apirilaren 5ean Bilbon antolatutako hitzaldi batean. Sanzen arabera, kopurua edozein izan daiteke: “Euro bat edo 700-800 euro, hori baita estatuak pertsona bakoitzeko jasotzen duenetik gastu militarretara bideratzen duenaren kalkulua”.
Eragozpen fiskala desobedientzia ekintza bat dela dio Sanzek, eta egiten duenak gehiago duela irabazteko galtzeko baino. “Salaketa ekintza bat izateaz gain, eta salatzea, berez, oso ondo dago, ahaldundu egiten zaitu, alternatiba bat eraikitzen laguntzen du eta, gainera, atsegin handia ematen duen ekintza da”.
Pujanak iaz egin zuen lehen aldiz eragozpen fiskala, eta, dioenez, banketxera joan, diru sarrera egin eta transferentziaren ziurtagirian eragozpen fiskala kontzeptua ikusteak atsegin handia eman zion. “Diru kopuru sinbolikoa da, ez du eraginik izango estatuak gastu militarrean xahutzen duen dirutzan, baina pertsonalki oso momentu polita izan zen, banketxera joan eta nire dirua nik hautatutako proiektu batera bideratzea”. Pujanak dio banketxetik ziurtagiria eskuan eta irribarrea ahoan atera zela.
Hala ere, aitortu du hasieran zalantzak izan zituela. “Ez nekien niretzat ondoriorik izango zuen edo ez, eta hori da jende gehienak izaten duen kezka. Baina ezetz esan zidaten, beste egitasmo batera bideratzen den kopurua txikia denez, Ogasunak ez duela detektatzen, eta ez duela ondoriorik izaten”. Dioenez, errenta aitorpenaren azken zenbatekoari ez dio eragiten. “Zuri 300 euro itzultzea tokatzen bazaizu, 300 euro horiek jaso egingo dituzu, eta horri gehituko zaio zuk erabaki duzun egitasmoari zuzendutako diru kopurua”. Alegia, normalki herritarrak ez du dirurik galduko.
Alabaina, gutxitan bada ere, gerta liteke Ogasunak zerbait antzematea. KEMeko kideak azaldutakoaren arabera, aitorpenak “aleatorioki” begiratzen dituzte, eta eragozpen fiskala akats moduan detektatzen dute. Aitorpen proposamena itzuli egiten dute, eta herritarrak berriro egin behar du. Kasu horretan, desbideratu nahi zen diru kopuru hori bere patrikatik jarri behar du herritarrak.
“Erraza da, oso gutxi kostatzen da hau egitea”, gehitu du Pujanak. Eragozpen fiskala egiteko prozedura sinplea dela argitu du Narbaezek. “Gutun bat idatzi behar da, Ogasun diputatuari zuzendua, eragozpen fiskala egiten duzula adieraziz eta horretarako arrazoiak azalduz. Guk baditugu ereduak, eta hor norberaren datuak ipini baino ez da egin behar”. Horrez gain, irabazi asmorik gabeko elkarteren bati diru sarrera egin behar zaio banketxean. Kanpaina sustatu duten taldeek www.eragozpenfiskala.org webgunean hainbat proposamen egiten dituzte, baina edozein talde edo egitasmo lagun daiteke: talde feministak, antimilitaristak, ekologistak, antikapitalistak, arrazismoaren kontrakoak… Kopuruari dagokionez, 84 euroko diru sarrera sinboliko bat proposatzen dute; euro bat munduan pobrezia handiena pairatzen duten 84 herrialdeetako bakoitzeko.
Diru sarrera egitean, banketxean eskatu behar da kontzeptu bezala eragozpen fiskala jartzeko. “Behin hori eginda, errenta aitorpena egiteko behar diren agiri guztiak ekarri eta gure bulegoetan laguntza jasoko dute aitorpena egiteko. Gero, Ogasunera bidali behar da posta bidez”.
Leave a Reply