Mila euro, batez beste

E. Goenaga Lizaso

Errenta aitorpenaren kanpaina abian da, eta urtean zehar pixkanaka kendutakoaren zati bat itzuli egingo zaie zergadun gehienei. Gipuzkoako Ogasunak 376.000 aitorpen espero ditu, eta horietan 278 milioi euro itzuli eta 202 milioi euro jasoko dituela aurreikusten du. Itzultzea dagokien zergadunek, batez beste, 1.030 euro jasoko dituztela jakinarazi du Gipuzkoako Ogasunak, eta ordaintzea dagokien zergadunek, berriz, 1.906 euro ordainduko dituztela batez beste.

Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak prentsaurrekoan eman zituen aurtengo kanpainaren inguruko azalpenak, hilabete hasieran, eta, bertan azaldu zuenez, iazko kanpainaren antzeko kopuruetan ibiliko da aurtengoa ere. Hala ere, aitortzaile kopuruak gora egingo duela espero dute, “enpleguaren eta soldaten indartzearen adierazle”.

Ogasunak 250.359 autolikidazio proposamen egin ditu, eta hilaren hasieran jaso zituzten zergadunek etxean. Horietatik 173.073ri itzultzea zegokien, eta 77.286ri, berriz, ordaintzea. Autolikidazio proposamena jaso ez duten edo onartu ez duten herritarrentzat, apirilaren 11n hasi zen Ogasuneko bulegoetan hitzordua eskatzeko epea: 902-100 040 telefono zenbakira deituta edo www.gipuzkoa.eus/ogasuna/renta helbidean eska daiteke. Aitorpena egiteko azken eguna ekainaren 26a izango da.

Kanpainan 76 milioi euroko saldo negatiboa aurreikusten duten arren, Aberastasun eta Fortuna Handien Zergaren kasuan bilketak gora egitea espero du Ogasunak. Jokin Perona Ogasuneko zuzendariak azaldutakoaren arabera, zerga horren bidez 65,9 milioi euro biltzea aurreikusten dute, iaz baino 1,6 milioi gehiago. Peronaren esanetan, zerga hori ordaindu behar duten pertsonen kopuruak ere gora egin du: aurreko urtean baino 68 gehiago dira (guztira, 7.500). Horiek apirilaren 18tik ekainaren 26ra arteko epea dute aitorpena egiteko.

Bestalde, errenta aitorpenaren araudian egindako hainbat aldaketa sartuko dira indarrean kanpaina honetan. Besteak beste, minbizia edo beste gaixotasun larriren bat dutenen zaintzarekin lotutako diru laguntzak salbuetsita geldituko dira, eta baita eskola kirolarekin lotutako zenbait jarduera ere. Hipotekan zoru klausula zutenei itzulitako kantitateak ere ez dira zerga oinarrira gehituko, nahiz eta horien kasuan aurreko ekitaldietan erabilitako kenkariak berrikusi egin behar diren.

Sentsibilizazioa

Errenta kanpainaren komunikazio kanpainari buruz, helburua “herritarrekin konektatzea” dela azaldu zuen Larrañagak hedabideen aurrean; “zerga bidezko ekarpenak egitearen garrantziari buruzko sentsibilizazioa” bilatzen duela Ogasunak. “Beti esan ohi dugu heziketa eta sentsibilizazioa direla zerga iruzurrari aurre egiteko biderik eraginkorrena, eta horretara bideratzen da ekimen hau”.

Ildo horretan, “zifra zehatzak emanez eta edozein herritarren egunerokotasunaren parte diren zerbitzuak nabarmenduz” pedagogia egin nahi duen kanpaina bat diseinatu dela dio Larrañagak. Lau lagun irudikatu dituzte; jatorri, lanbide eta adin ezberdineko herritarrak dira, eta haien bidez azalduko zaie herritarrei zerga bidez ordaindutako dirua zertarako erabiltzen den. “Askotan konturatu ere ez baikara egiten autobusa edo jasotzen ditugun hainbat diru laguntza zerbitzu publikoak direla. Gure egunerokotasunean gauza asko daude urtero egiten dugun ekarpen horren esku daudenak”.

Ogasun diputatuak eskerrak eman nahi dizkie betebeharrak “zuzentasunez” betetzen dituzten herritarrei; haren esanetan, ekarpen horiek ezinbestekoak direlako “daukagun ongizate mailari” eutsi ahal izateko. “Horrela finantzatzen ditugu gure zerbitzu publikoak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.