Eider Goenaga Lizaso
Gizakiak beti amestu du bere lana erraztuko duen makinak asmatzearekin, eta gaur egun makinek egiten dituzte garai batean eskuz egiten ziren lan ugari: arropak garbitu, elikagaiak xehatu, arropak josi, pertsonak garraiatu, kargak igotzen lagundu… Eskulana ordezkatzen duen tresna oro makina-erremintatzat har daitekeela dio Pedro Ortuondo Elgoibarko Makina Erremintaren Museoko arduradunak (Durango, 1957). “Eta Euskal Herrian toki bat baldin badago makina-erremintarekin lotzen dena, hori Elgoibar da”. Hala, Ortuondorentzat logikoa da 1998an museo hau Elgoibarren sortu izana. “Euskal Herrian, zehazki Debabarrenean, eta, noski, Elgoibarren, makina-erremintaren ekoizpenak pisu handia izan du beti. Elgoibarrek munduan barrena badu abizen bat, eta hori makina-erreminta da”.
Industria arloan berrikuntzak sartzearekin batera, makina-erremintek aldaketa handiak izan dituztela dio Ortuondok, eta museoaren egitasmoa martxan jartzearen arrazoietako bat desagertzen ari zen industria ondare hori berreskuratzea izan zela. “Izan ere, ehun urte ez da asko, baina makina-erremintaren sektorea denbora horretan izugarri aldatu da”. Mende hasierako makina asko erabilerarik gabe gelditzen ari zirenez, horiek berreskuratu eta balioa emateko modu bat izan zen museoa.
Ortuondoren arabera, museoa bisitatzen duten askoren ustea da gaurko makinek eta lehengoek ez dutela zerikusirik. “Baina, lehen, tornuak ziren, eta orain ere tornu deitzen diegu; lehen, prentsak ziren, eta orain ere izen bera dute. Zergatik ote da? Bada, azkenean gauza bera direlako, oinarrizko kontzeptuak berdinak direlako; makinei sartu zaie informatika, sartu zaizkie segurtasun faktoreak… Baina, hemen ditugun makinak ikusita, laster antzematen da kontzeptua bera dela”.
“Munduan ekoizten den edozer gauza egiteko” erabiltzen diren makinak dira makina-erremintak, Ortuondok dioenez. “Batez ere gauza astunekin eta burdinarekin lotzen ditugu, baina, azkenean, edozein produkturi nahi duzun geometria emateko sortutako tresnak dira. Hor sartzen dira bai tornuak eta bai fresatzeko makinak, baita talka edo presioa egiten dutenak ere, prentsak…”. Makina-erremintaren zabalpena industria iraultzarekin lotzen du erabat museoko arduradunak, orduan ordezkatu baitzuten makinek aurrez artisauek egiten zuten lana: “Zehaztasunez sortzeko eta produkzioa handitzeko makinak dira, lana seriean egiteko gai direnak eta denbora gutxian gauza asko ekoizten dutenak, merkeago eta kalitateari eutsiz”.
Museoan 24 makina dituzte, eta guztiak daude martxan. “Modu horretan, bisitariak ikus dezake makina hauek nola funtzionatzen zuten, eta nolako produkzio prozedurak zituzten… Oraingo belaunaldiek erraz antzeman dezakete nola aritzen ginen garai batean eta non gauden orain”.
Hiru aretotan banatua
Hiru ataletan dago banatuta museoa. Erdikoan, mekanizazio tailerra dago. XIX. mende amaierako tailer baten erreplika da, euskal industriaren ondarearekin osatutakoa. “Mekanizazio tailerrean sasoi bateko makinak nolakoak ziren, zer ekoizteko erabiltzen ziren eta martxan jartzeko nolako indarra (eztanda makina edo lurrunezkoa, adibidez) erabiltzen zuten ikus daiteke”.
Museoaren beste atala errementeriak osatzen du. Harri-hormako sutegi bat ikus daiteke, sua pizteko hauspo handiarekin eta hainbat produktu sortzeko beharrezkoak ziren tresnekin. Errementariek nola lan egiten zuten ikusten da bertan, nola lantzen zuten burdina, kolpeka. “Burdina lantzeko modu zaharra errementerian ikusten da; nola lan egiten zuten artisau moduan, baina baita ere nola joan ziren makinak sartuz, nola hasi ziren moldeak erabiltzen, prozesu industrial bihurtu arte”. Eskualdean forja enpresek izandako garrantzia nabarmendu du Ortuondok, eta errementerian sektorearen bilakaera ondo ulertzen dela azaldu du.
Gaiari buruz ezer ez dakien bisitariari makina-erremintek zer egiten duten azaltzeko modu onena, ordea, merkatuan dauden objektuak erakutsi eta horiek ekoizteko prozesua azaltzea dela dio Ortuondok. Patxi Aldabaldetreku aretoan, josteko makinak dituzte horren adibide. “Sigma josteko makinak Elgoibarren egiten ziren. 1940ko hamarkadan hasi ziren makina horiek ekoizten, eta prozesu guztia hemen egiten zen: orratzak eta pieza txiki guztiak bertan ekoizten ziren, eta dena mekanizatuta zegoen. Eta horrek adibide paregabea ematen digu gure eskuetara iristen den produktu batek jarraitzen duen prozesuari buruz”.
Horrez gain, areto horretan makina-erremintaren hastapenetatik hasi eta gaur arteko ibilbideari buruzko azalpenak jasotzen ditu bisitariak, ikus-entzunezko formatuan.
Leave a Reply