U. Zubeldia
Gozo-gozo bizi da Maria Saint Gerons (Mendaro, 1970). Familiaren iraganeko jardunari jarraipena emanda, Mendaroko txokolate dendan ari da lanean egun, beste bi ahizparekin eta hainbat lankiderekin batera. Herriak gozotik asko duela adierazi du, eta Lizarrola ingurua goratu.
Mendarori buruz hizketan hasi, eta txokolatea izaten da hizketagai normalean. Non dago sekretua?
Lantegiaren antzinatasunean, ziurrenik. Familia enpresa bat da gurea, eta, beste hainbat langilerekin batera, hiru ahizpa ari gara lanean gaur egun. 1850ean sortu zela ageri da leku guztietan, baina pixka bat lehenagokoa da berez. Mendaron dauzkagu lantegia eta denda, eta Donostian eta Bilbon ere badaukagu denda bana.
Duela urtebete, susto handia izan zenuten Mendaroko lantegian, lapurrak sartu zirelako.
Hala da, bai. Apirilaren 11n izan zen, eta eskerrak ertzainek aurkitu zituzten altzaririk zaharrenak eta politenak. Kalte batzuekin, baina azaldu ziren. Berriz ere polit-polit jarri ahal izan genuen dena, eta tira…
Gozoak, gaziak, serioak, umore onekoak… Nolakoak dira Mendaroko herritarrak?
Gozoak, biziak, atseginak… Jatorrak dira Mendaroko bizilagunak.
Dendako sartu-irtenean erraz antzemango duzue, eta herria eta herritarrak asko aldatu al dira azken urteotan?
Mendaro asko aldatu da azken urteotan. Hemengoa ez den gazte asko etorri da herrira, eta ume asko daude egun; garai batean baino gehiago. Dendan bertan nabari da jende berri gehiago dabilela. Gazte horiek asko bidaiatzen dute, gehiago ibiltzen dira batera eta bestera, eta harremanetan nabaritzen da irekiak direla. Oso aberasgarria da hori.
Lan jardunak tarte bat uzten dizunerako, Mendaroko zein txoko duzu gustukoen?
Lizarrola ingurua. Kilimon haranean, baserri artean, 3,5 kilometroko bidea dago Lizarrola baserriraino, ia erabat laua, eta oso polita da joan-etorria. Lizarrolatik aurrera joanda, mendi bidean, Larraskandaraino iristeko aukera dago; Lastur-Itziar ingurura joan daiteke alde batetik; Azkoiti aldera bestetik; itsasoa ikusten da… Zoragarria da.
Txokolateaz gain, beste hainbat gauza erakargarri ere badauzkala herriak, alegia?
Bai, bai. Ermita polit bat daukagu herrian, eliza ere polita da, naturarekin harremanetan bizi gara… Oso inguru politean dago Mendaro. Gertu daude Deba, Itziar, Mutriku… eta eguna pasatzeko inguru paregabea da hau.
Leave a Reply