Olatz Mitxelena
Errealitatearekin zerikusia dauka hemen ikusiko duzun guztiak”. Hala dio mezuak, eta horixe irakurriko du Pasaian egunotan ikus daitekeen erakusketara biltzen denak. Gipuzkoako Caritasek 50. urteurrena bete du, eta erakusketa ibiltaria antolatu du mende erdiko ibilbidea ospatzeko. Aste honetan Trintxerpen dago erakusketa, Ziriza etxean. Donostian, Bergaran eta Irunen egon da aurretik, eta Pasaiatik Azpeitira eramango dute laster. “Erakunde ezaguna bezain ezezaguna da gurea”. Hala adierazi du Caritas elkarteko komunikazio arduradun Jon Odriozolak.
Gizarte bazterketaren esparruan lan egiten du Caritasek, eta, hain zuzen, gai hori jorratu dute erakusketan. Aparkatu zure axolagabekeria. Horixe herritarrak ezustean hartzeko asmoz antolatu duten erakusketaren izenburua, ikusezinak ikusarazi, “eta kontzientzietan atximur egiteko”.
Parking baterako diseinatuta dago, berez, erakusketa. Hori da berezitasunetako bat. “Badakigu satorra egon, badagoela. Lur azpian dago. Ezkutuan. Baina gure baratzean edo lorategian zulo bat egiten badigu, orduan…”. Satorrarekin nola, gizarte bazterketarekin ere antzera pasatzen dela azaldu du Odriozolak: “Badakigu egon, badagoela, baina gure ingurumarian gertatzen ez bada…”.
Horregatik, “errealitate argi batetik errealitate ilun batera jaisteko”, aparkaleku baterako diseinatu zuten erakusketa. “Autoa aparkatzera zihoana ezustean hartzea zen asmoa, gizarte bazterketak harrapatu ohi gaituen moduan. Zer egiten du honek hemen? Zergatik egiten dit traba? Kontraste hori jarri nahi genuen martxan”, azaldu du Caritaseko komunikazio arduradunak.
“Gizarteko errealitateen adibideak” bildu dituzte erakusketan, eguneroko adibideak, gaika antolatuta. Bazterketa, etxerik gabekoak, immigrazioa, buruko gaixotasunak… “Keinu bat egitea da helburua, atximur bat egitea. Hemen dagoena ez da asmatua; kartelak dioen bezala, errealitatea da”.
Kartoiak protagonismo berezia dauka erakusketan. Eta ez ausaz. Odriozolak azaldu du zergatia: “Kale gorrian dagoen pertsona batentzat kartoia da elementurik garrantzitsuena, hotzari aurre egin eta mezuak helarazteko”. Mezuak, mezu oso deigarriak bildu dituzte erakusketan, horietako asko kalean bertan jasotakoak, eskean aritu ohi diren pertsonei irakurritakoak. Denak ez dira ezkorrak. Ikusezinak izatearen kontrako borrokan itxaropenari zirrikitua uzten diotenak ere badira tartean, laguntza eskertzen dutenak.
Horregatik, mezuak helarazi soilik ez, bisitarien mezuak ere jaso nahi dituzte bueltan, eta horretarako papertxoak izango ditu eskura bisitariak, ikusitakoak iradokitakoa idatz dezan. Erreakzioa sortu nahi du erakusketak.
Ez dago zalantzarik bazterketa pobreziari estu lotuta dagoela, baina beste faktore askok ere eragin dezakete gizarte bazterketa. Caritasek, “bere eguneroko jardunean bezala”, horiei guztiei erreparatu nahi izan die erakusketan. Etorkizunean zeresan handia izango duela sinetsita, besteak beste tokia egin diote buruko gaixotasunek eragindako bazterketari. “Buruko gaixotasuna ez da kale gorrian dagoen pertsona bati soilik gerta dakiokeen zerbait. Gure ingurumarian, errealitate normalizatuan ere gerta daiteke halakorik”, ohartarazi du Odriozolak. Alde horretatik, goraipatu egin du Caritasek Gizaide Fundazioaren bidez arlo horretan egiten duen lana.
Oinarrian, “ezjakintasuna”
Zuzena da erakusketa, xumea, baina eragin handikoa, bizkarrez dauden aurpegirik gabeko siluetak adibide. “Pertsona bati bizkarra ematea da gizarte honetan dagoen gauzarik gogorrena”, ohartarazi du Caritaseko ordezkariak. Horregatik iradoki dute axolagabekeria aparkatzeko. Hala ere, Odriozolak uste du “ezjakintasuna” dagoela, askotan, axolagabekeria horren oinarrian. “Errezeloarekin begiratzen diogu egoera askori, eta, pauso bat aurrera eman beharrean, bi pauso atzera ematen ditugu; itxoin egiten dugu”. Hori bai, gizartea “eskuzabala” dela azpimarratu du Odriozolak. “Oso solidarioa, gainerakoan ezinezkoa izango zelako 50 urte irautea”.
Horregatik, eskerrak emateko modu bat ere bada erakusketa. Boluntario lanetara biltzeko deia ez ezik, boluntarioen ekarpena eskertzeko modua ere bada. “Horiena da ondarerik handiena; inork ikusi nahi ez dituenen alde eskaintzen dute euren denbora”.
Leave a Reply