Eider Goenaga Lizaso
Astelehena da, lanera itzultzeko garaia, Aste Santuko oporren ondorena. Horietako bat da Jaione Lapaza. “Banekien aldaketak zeudela Renfen, eta, umeak oporretan zeudenez, joan den astean autoz egin nuen lanerako bidea. Nik uste nuen bizpahiru eguneko kontua zela, baina, antza denez, luze joko du”. Ez dago oker. Hamabost hilabete iraungo baitute trenbide sareko obrek Irun eta Errenteria artean.
2015etik ari da Adif —Renferen azpiegiturez arduratzen den enpresa— obratan, Irun eta Astigarraga artean abiadura handira egokituko den trenbide zabalera ezartzeko. Hirugarren erraila ari dira eraikitzen. Normalki, gauez egiten dira lanak, bidaiariei kalterik ez egiteko; baina, 2018ko uztail arte, Gaintxurizketako tunelean egin behar dituzte obrak, eta horrek asko mugatuko du trenen joan-etorria: norabide bietan errail bana izan beharrean, errail bakarra dago irekita, eta bertatik igaro behar dute bai aldiriko trenek, bai distantzia luzekoek eta bai salgaien garraiorako trenek.
“Badakigu erabiltzaile askorentzat ez dela erosoa, askori ordutegia ez zaiela ondo egokituko, baina saiatu gara bidaiariei ahalik eta kalte txikiena egiten, eta sekulako ahalegina egin dugu, trena aldatu behar badute, bidean ahal den denbora gutxien gal dezaten”, azaldu dio Hitza-ri Alvaro Etxaniz Renfeko Komunikazio arduradunak. Bestalde, Etxanizek dio bi aste pasatu dituztela geltokietan informazioa banatu eta bidaiariak ohartarazten, aldaketek jendea ustekabean har ez zezaten. “Jendeari bere eguneroko erritmoa aldatzea ez zaio gustatzen, baina are gutxiago gustatzen zaio hori abisatu gabe egitea, eta benetan ahalegindu gara jendea informatuta egon dadin”.
Lapazak Grosen hartu du trena, eta han langile batek eman dizkio aldaketei buruzko azalpenak. Ez da gauza bera gertatu Norteko geltokian. Han hartu du 08:52ko trena kazetariak. Irunerako txartela erostean, txarteldegiko langilearen azalpenen zain gelditu da. Azalpenik ez, ordea. Geltokiko pantailetan ere, ezer ez. Irunera iristeko trena aldatu behar duela inork abisatu gabe igo da trenera; tren barruan dauden ordutegietan bakarrik aurkitu du informazio hori, bozgorailutik ere ez baitute aldaketaren berri eman.
“Niri langileak esan dit garaiz iritsi nahi badut hobe dudala aurreko trena hartzea, zuzenekoa dena”, azaldu du Lapazak: “Baina, horrek ez dit balio, umeak ikastolara eraman behar ditudalako. Beraz, lanera joateko ordu erdi inguru galduko dut. Bueltakoan ez dut arazorik, lehengo tren bera hartuko baitut, Donostiara zuzenean datorrena”.
Tren aldaketa
Pasaiara iritsi da trena, eta dozena erdi bat bidaiari pauso azkarrez abiatu dira Euskotreneko geltoki aldera. “Uste dut hobe dugula azkar ibiltzea. Horiek ere beste geltokira doazela dirudi, eta presaka dabiltza”, esan du Lapazak. Ehun bat metro daude geltoki batetik bestera. Korrika egin gabe, baina pauso bizian joanda, eta semaforo gorria errespetatu gabe, trenarekin batera iritsi dira Renfeko erabiltzaileak Euskotreneko geltokira. “Eskerrak ez garen lasaiegi ibili. Batek baino gehiagok galduko du trena hemen”, esan du Lapazak, trenera sartu ondoren.
Etxanizek azaldu du Euskotrenen ordutegira egokitu dituela Renfek bere ordutegiak. “Ezinezkoa zen aldiriko tren guztien ordutegia mantentzea; tuneletik, egunean eta norabide bakoitzean, aldiriko hamazazpi tren bakarrik pasatu daitezke. Horregatik, gure ordutegiak moldatu behar izan ditugu, zuzenekoak ez diren trenak Euskotrenen ordutegietara egokitzeko”. Eta tren aldaketa Pasaian egiten da, bertan daudelako gertuen Renfeko eta Euskotreneko geltokiak. “Tren aldaketarekin, ahalik eta denbora gutxien galtzeko modua bilatu dugu, eta horregatik hautatu genuen Pasaia. Ordutegiak ere egokitu ditugu, erabiltzaileak ez dezan denbora asko gal tren batetik bestera”. Batez beste, hamar minutuko tartea dago trenen artean.
Irungo geltokira 09:33an iritsi da trena: 41 minutu, guztira —distantzia bera tren bakarrean eginez gero, 27 minutu dira—. Irteeran, txarteldegiaren ondoan Renferen makina bat dago ipinita, hamabost hilabeteotan bidaiariak txartela bertan eros dezan. Emakume bat Euskotreneko langilearekin ari da hizketan, eta ordutegiei buruzko azalpenak eskatu dizkio. Renfeko langilea agertu da orduan, ordutegiak eskuan dituela. Luze aritu dira hizketan, emakumeari —Montse izena du, baina ez du abizenik eman nahi izan— ez baitzaizkio ordutegiak ondo egokitzen. Azkenean, leihatilan, Euskotreneko bonua egiteko paperak eskatu ditu.
Montsek egunean lau tren hartzen ditu umea eskolara eramateko; Irundik Intxaurrondora joaten da, eta kezkatuta dago, ez baitaki hurrengo hilabeteetan nola moldatuko den. “Garraio publikoaren erabiltzaile sutsua naiz ni, orain arte Renfekoa; aurrerantzean, ikusiko dugu”. Eskola ordutegiak eta Renfekoak oso ondo ezkontzen zitzaizkiola azaldu dio Hitza-ri. “Orain ezinezkoa da. Zuzenekoa goizegi da, 07:30ean, eta beste aukera da Pasaian trena aldatzea, baina horrekin denbora asko galtzen dut”. Herrerara topoan joango da, eta gero autobusa hartuko du eskolara iristeko. “Euskotreneko bonua atera beharko dut, baina, autobusa hartu behar dudanez, oso konplexua da, eta garestiagoa. Kalkuluak egin beharko ditut”. Montse ez dago pozik aldaketarekin, nahiz eta aitortu duen behar zuen informazioa txukun eman diotela.
Etxanizen arabera, Renfek badaki posible dela hamabost hilabeteotan erabiltzaileak galtzea. “Normala da; bakoitzak erabaki behar du zein den hobekien egokitzen zaion garraio publikoa eta ordutegia. Guk gure esku dagoena egin dugu erabiltzaileen beharrak asetzeko, baina denen beharretara egokitzea ezinezkoa da”.
Distantzia luzekoak
Irundik Donostiara 10:28an dago tren zuzena, ibilbide osoa trenik aldatu gabe egiten duena. Geltokian jende ugari dago zain, maleta alboan duela. Madrilerako Alvia trena hartzera doaz Donostiara. Valladolidekoa (Espainia) da Mercedes Espinilla, eta senarrarekin batera egun batzuk egin ditu Irunen. “Semea bizi da hemen, eta maiz etortzen gara. Trena aldatzearen kontu hau guretzat nahasmendu izugarria da. Maletekin, presaka, tren batetik jaitsi eta bestera korrika igo. Eta guk adin bat daukagu horrela ibiltzeko. Ez nago batere gustura”.
Distantzia luzeko trenetan ere Renfek erabiltzaileen erosotasuna bilatu duela dio Etxanizek. “Saiatu gara distantzia luzeko trenen eta aldiriko trenen ordutegiak egokitzen; eta, kasu gehienetan, Donostian tren aldaketa egin behar dutenek zuzeneko trena dute Irundik. Dena den, kasuren batean ezinezkoa izan da, eta Pasaian bigarren tren aldaketa egin behar dute. Agian, nahiago izango dute beste tren bat hartu”.
Irundik Madrilera doa Marcelo Marfull. Txilekoa da, eta bi astez oporretan egon da hemen emaztearekin. “Orain behintzat badakigu trena aldatu behar dugula, baina, etorri ginenean, Madrilen txartela hartu eta inork ez gintuen ohartarazi. Tren barruan esan ziguten. Nik zalantzak ditut informazioa behar bezala iristen ote zaion bidaiariari”, esan dio Marfullek Hitza-ri.
Tren berean doa Elena Jeromenko ere. Ukrainarra da, eta ingeles eskolak ematera joateko hartzen du trena. “Egunean lau tren edo gehiago hartzen ditut, eta ez nago batere pozik aldaketekin”. Informazioa jaso duela dio, baina kexu da hartu behar duen tren bakarrak ere ez duelako bat egiten lehen hartzen zuenarekin. “Eta, noski, nire eskola orduak trenaren ordutegiaren arabera neuzkan antolatuta. Ez dakit zer egingo dudan; honek luze joko duenez, pentsatzen ari naiz garraio publikoa utzi eta motorra edo auto zahar bat erostea”.
Leave a Reply