Unai Zubeldia
Kaleko jarleku bat eta zinta puska bat lurrean, horra tenis zelai bat; azpia kendu diogun fruta kaxa bat kaleko seinale bati lotu, eta horra saski bat; erosketetarako bi orga eta zinta puska bat, horra futbol zelai bat”. Irudimenarekin jolas egitea, horixe da Gipuzkoa Active Hacking egitasmoaren funtsa. “Gipuzkoarrak aktiboagoak izateko estrategia bila gabiltza; sedentarismoaren eta jarduerarik ezaren aurkako neurriak hartu nahi ditugu, eta egitasmo hau da esku hartzeetako bat”. Unai Asurmendi Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol teknikariak 12-18 urte arteko gazteei dei egin die bihar kalera atera daitezen, eta, “irudimenari bere bidea egiten utzita”, jolas egin dezaten.
“Kalea gurea” ideia ibili zuten buruan hasieran. “Baina Nafarroa, Aragoi eta Akitaniarekin daukagun hitzarmena garatzea da helburua, eta horregatik aukeratu dugu nazioarteko izena”. Nerabeentzako proposamena da Gipuzkoa Active Hacking. “Har dezatela espazio publikoko txoko bat, eralda dezatela ingurua klerarekin, klarionarekin edo dena delakoarekin, mugi ditzatela eskura dauzkaten baliabideak, eta jolas egin dezatela nahi duten moduan”. Gutxienez lauko taldeak osatuta, ekintza horiek sakelakoekin grabatzeko deia egin du Asurmendik. “Eta sare sozialetan jar ditzatela, #GipuzkoaActiveHacking traola erabiliz”. Bost ekintzarik “original eta berezienak” aukeratuko dituzte antolatzaileek, eta maiatzaren 20an Donostian gauza berbera egiteko gonbidapena egingo diete saridunei. “Aukeratutako bost taldeei 300 euro emango dizkiegu, bidaia gastuei eta Donostian egongo diren ordu horietako beharrei aurre egiteko”.
Europan “urbanismo aktiboaren” ildotik sortutako mugimendua da Gipuzkoa Active Hacking. “Herriak eta hiriak pertsonentzat berreskuratzeko ideia dago atzean”. Asurmendiren hitzetan, gaur egun kirol jarduera asko egiten dute gazteek. “Baina galdu egin da kaleko mugimendu hori. Kanikekin jolastea, harrapaketan ibiltzea, brileta, bote-bote delakoa… Jolas horiek ez zeukaten federaziorik, ez zen lizentziarik behar, ez zen kuotarik ordaindu behar, ez zen izaten epailerik, ezta munduko txapeldunik ere. Baina oso ondo pasatzen genuen”. Orain gutxiko sentimendu haiek guztiak gaur egunera ekartzea da egitasmoaren helburuetako bat.
Elhuyar fundazioarekin elkarlanean ari da gaia aztertzen Gipuzkoako Foru Aldundia. “Eta gazteek kirol gehiago baina jolas gutxiago egiten dutela jabetu gara. Jarduera antolatuak dira kirol arlokoak; entrenamendua eta lehiaketa sena daude atzean. Eta, horrelako egitasmoak baliatuta, gizarte eredu berri bat nahi dugu guk”. Aldundiko kirol teknikariak argi utzi nahi izan du euren proposamena ez dela kirol jardunaren aurkakoa. “Ez dugu gutxiesten. Ezta gutxiago ere. Baina espazio publikoa berreskuratu nahi dugu, umeek euren kasa jolastu ahal izateko”.
Gazte guztiei gonbita
Sortu berritan, deialdi irekia egin dute aurten, eskolekin-eta lanketa berezirik egin gabe. “Eta ikusiko dugu zer-nolako erantzuna jasotzen dugun; erakunde baten proposamena izanda, ez da erraza deialdiak arrakasta handirik izatea”. Baina eguraldi ona dago iragarrita biharko. “Eta gazte guztiei dei egin nahi diegu parte har dezaten”. Hori bai, orain artean “proposamen gutxi” jaso dituztela aitortu du Asurmendik. “Hiru besterik ez”. Eta, horregatik, etorkizunera begira hausnarketa sakonagoa egingo dute Aldundian. “Heziketa fisikoko arduradunen bidez, horrelako proposamenak unitate didaktikoetan sartzea litzateke aukeretako bat. Ikusiko dugu”.
Orain gutxi, Realeko futbol taldeko jokalariekin eta Bera Berako eskubaloi taldeko jokalariekin egin zituzten kalea hartzeko bi ekintza. “Baina jolasa da oinarria. Euskarak oso gauza polita dauka, jokoa eta jolasa ondo bereizten dituelako. Jokoari ez, jolasari begiratu nahi diogu guk”.
Leave a Reply