Ahotsa izatearen garrantzia

Ahotsa izatearen garrantzia

Ariane Vierbücher

Adimen urritasuna duten pertsona helduek Gipuzkoako Garaguneetan dute topagunea. Hamabi daude guztira, hainbat herritan banatuta: Donostian lau daude, eta bana Azpeitian, Arrasaten, Irunen, Errenterian, Tolosan, Eibarren, Legazpin eta Ordizian.

Adimen urritasuna dutenek euren jarduerak egiteko duten gunea da Garagunea. Baina, hortik harago, lagunartea da, aske izateko gunea, norberak bere lekua aurkitzeko gunea. Sartu eta segituan nabari da hori Ordiziako Garagunean. Gogo biziz, euren txokoan izaten den egunerokoa erakusteko prest agertu dira bai bertako arduradun Asun Jauregi, bai bertan laritzen diren langileak, eta baita eguneroko erabiltzaileak eurak ere.

Ordiziako Garagunearen arduraduna bakarrik ez, Legazpiko burua ere bada Jauregi, eta bere lana “asko” gustatzen zaiola aitortu du. “Beste pertsona batzuei laguntzeko aukera ematen dit lan honek, eta ondo sentiarazten nau horrek”. Ondokoaren larruan jartzea “oso garrantzitsua” dela nabarmendu du. “Eta baita ondokoak ulertzen saiatzea ere”.

Oinarri-oinarrira joanda, ondokoari laguntzeak “guztion lehentasuna” izan beharko lukeela uste du Jauregik. “Laguntza behar dute adimen urritasuna duten pertsonek, gure babesa behar dute, baina euren lanarekin eta ahaleginarekin eurak ere gai dira gainontzekoei laguntzeko”. Jauregiren hitzetan, hori guztia “argi” gelditzen da Garagunean bertan “eta handik kanpo” egiten dituzten lanekin eta ekintzekin.

Arduradunak azaldu duenez, erabiltzaileentzat “oso garrantzitsua” da gizartean “ahotsa” izatea. “Eta hiritar sentitzea. Horrez gain, baita harremanak lantzea, egunero eginbeharrak izatea eta norberaren zoriontasuna bilatzeko lan egitea ere”. “Beste gauza askoren artean”, horixe egiten saiatzen dira, egunero-egunero, Gipuzkoako hamabi Garaguneetan.

Donostiako Goienetxe fundazioak 1997an sortu zuen lehenengo Garagunea, eta, pixkanaka, egoitza gehiago zabalduz joan dira, “Gipuzkoa osoko beharrei erantzuteko asmoz”. 1950ean sortu zuten erakunde “ongile, pribatu eta irabazi asmorik gabekoa” da Goienetxe fundazioa. Adimen urritasuna duten pertsona helduei zerbitzuak eskaintzea du helburu, lanbide arretaren bidez. Egun, 40 profesional baino gehiago ari dira lanean Gipuzkoako hamabi guneetan. Ordizian, esaterako, sei langile dauzkate, eta hogei erabiltzaile zaintzen dituzte.

Beren autonomia mugatuta daukaten pertsonentzat eta laguntza berezia behar dutenentzat dira zentro horiek; adinagatik edo gaitasun mailagatik lanbide tailerrak edo enplegu zentro berezien alternatibak eskatzen dituztenentzat, alegia. Garaguneetara joaten den pertsona bakoitzak bere emaitzak lortzea da Goienetxe fundazioaren helburua. Horretarako, Bizitzeko Era Ezberdinen Oinarrizko Plana izeneko egitasmoa garatu eta martxan jarri dute. Pertsonak eta haien ingurunea kontuan hartuta, aldizka berriz aztertzen dute plana.

Norbanakoaren independentzia edo autonomia, gizarte integrazioa, osasuna eta segurtasuna, eta harremanak lantzea eta bermatzea: helburu horiei segika aritzen dira lanean zentro guztietan. Adimen urritasuna duen pertsona bat gizarteko beste edozeinen “parekoa” dela ulertzen dute lehenik eta behin. “Pertsona dela. Eta, ondorioz, norbanako paregabea”. Hori oinarri hartuta, pertsona bakoitzarekin lan berezia egiten dute, norbanako hori ondo ezagutzeko. “Bere gaitasunekin eta mugekin”.

Adimen urritasuna dutenek euren komunitatean “modu aktiboan” parte hartzea da gune horietako oinarrizko ardatza. Horregatik, hainbat arlotako gizarte parte-hartzea lantzen dute: hezkuntza eta esparru soziokulturala —eskolen, tailerren eta tokiko elkarteen bidez, esaterako, helduentzako ikastaroetan parte hartzea—, lanerako prestakuntza esparrua —boluntario gisa aritzea edo inguruko dendekin kolaborazioak egitea—, eta gizarteko osasun esparrua —igerilekuan edo gimnasioan aritzea, edo oinez buelta bat ematea, adibidez—.

Jauregik zehaztu duenez, gizartean parte hartzeko esperientziak lantzen dituzte Ordiziako kasuan. “Azokan parte hartzen dute bidezko merkataritzako produktu eta eskulanekin; defentsarako esparrua lantzeko eta arazoak konpontzeko ikastaroak egiten dituzte; Nagusilan elkarteko boluntarioekin kolaborazioak egiten dituzte…”.

Ateak, “zabal-zabalik”

Eguneroko jardunari helduta, hainbat proiektu dituzte martxan Ordizian. Batetik, eskolako materiala jasotzen dute Gurutze Gorriarentzat; bestetik, hainbat herrialdetako pertsonak gonbidatzen dituzte euren egunerokoaren berri emateko; elikagai bankuarekin ere “kolaborazioak” egiten dituzte; eta Ordiziako hiri hezitzaileen programan ere hartzen dute parte.

“Talde eragileekin eta herritarrekin harremanetan jarraitzeko asmoz”, aurrerantzean ere “elkarlanerako guneak” sortu nahi ditu Ordiziako Garaguneak. “Harremanak egin, mantendu, eta lanerako bide berriak sortu nahi ditugu”, zehaztu du Jauregik. “Horregatik, nahi duten guztientzat zabal-zabalik daude Garaguneetako ateak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.