U. Zubeldia
Realean, Athleticen, Logroñesen, Salamancan, Eibarren eta Aurrera Ondarroan futbol jardun oparoa izan ondoren, gazteenei irakasten ari da orain Luciano Iturrino Lutxo (Mutriku, 1963). Ondarroan bizi da egun, baina ez dauka ahaztuta umetako txokoa.
Mutrikutik Ondarroara arteko bidea eginda, zer moduz bizi da Lutxo Iturrino?
Ondo, ondo… Urte batzuk badira bizitzera Ondarroara etorri nintzela, eta futbolari lotuta jarraitzen dut oraindik ere. Entrenatzen hasi nintzen futbola utzi eta berehala, eta gazteekin ibili naiz azken urteotan; Zubietan, Lezaman, Eibarren, Ondarroan… Zaila da entrenatzaileon lana, eta entrenatu gabe egon naiz azken urtebetean, baina talderen bat aurkitzea da hurrengo denboraldirako erronka.
Ondarroara bizitzera joanda… Mutriku ez al zen leku egokia horretarako?
[Barrez] Bai… Baina badakizu zer gertatzen den askotan… Futbola utzi eta Mutrikun bizi izan ginen hiruzpalau urtez, baina ezkondu eta Ondarroara etortzea erabaki genuen. Mutrikuar asko gaude hemen; beti eduki izan dugu lotura handia. Portuari esker, Mutrikun baino biziagoa da hemengo egunerokoa.
Nolako herria da Mutriku?
Herri lasaia da, nahiz eta alde handia dagoen uda garaitik negura. Udan, kanpotar asko etortzen dira hondartzara edo portu aldera. Eta neguan oso lasaia da; lanetik etxera joaten da jendea.
Leku asko ezagutu dituzu futbolari esker, baina beti izango zenuen txoko kutuna herria, ezta?
Bai, bai. Donostian, Bilbon, Logroñon, Salamancan… Leku askotan egon izan naiz futbolari esker, baina beti deseatzen egoten nintzen etxera etortzeko eta lagunekin egoteko. Herrimin handia sortzen da kanpoan zaudenean.
Zein txoko duzu gustukoena herrian?
Behera jaitsi eta igerilekura joatea gustatzen zitzaigun gaztetan. Ordu asko igarotzen genituen han. Kalbariora bidean bizi ginen gu, eta han goian ibiltzen ginen. Futbolean jokatzeko zelai txiki bat geneukan han, mendia ere bertan geneukan… Ordu asko igarotzen genituen han, eta hondartzara edo igerilekura joateko bakarrik jaisten ginen herrira.
Zer falta zaio herriari hobetzeko?
Sustapen pixka bat egitea. Oso polita da herria, baina Getariak daukan bizitza hori falta zaio, agian; jatetxeak, esaterako. Berdel Egunean-eta jende asko inguratzen da, baina publizitate pixka bat falta zaio, oso leku polita delako pare bat egun igarotzeko. Portua, esaterako, oso leku berezia da.
Zer dauka Mutrikuk hain futbol jokalari onak sortzeko?
Betidanik egon izan da futbol giroa. Nire aurretik ere egon izan dira mutrikuarrak Realean eta beste hainbat taldetan, eta, nik futbola utzi ondoren hutsune bat egon zen arren, Asier Illarramendi agertu zen gero. Oso jokalari garrantzitsua da eta izango da. Herriari sona ematen dio horrelako jokalari bat izateak, komunikabideetan askotan entzuten baita Mutriku hitza.
Leave a Reply