Danel Agirre
Etxera iritsi eta karteroaren ipurdi biluziaren azpian bere ama topatu berri duenaren tamainako shocka izan zen lehengo egunekoa. Lanaren atzaparretatik ihesi nenbilela, Interneteko sator-zulo ilun batean ezkutatu nintzen. Kaka usain sarkorra zerion ezkutalekuari. Inguruan begiratu, eta hantxe ikusi nuen, euli laino baten azpian: euskarazko lehenbiziko blog xenofoboa. Stop Immigrazioa izenburua du blogak. Anonimoa da, euliz inguratutako sareko gorotz mendixka guztiekin gertatu ohi den moduan. Abertzaletasunez mozorrotutako xenofobia klandestinitatetik ateratzeko saiakera da, baina pixka bat lotsatia.
Javier Marotok eta Orreaga taldekoek bi eskutara idatzitako txosten bat dirudi Stop Immigrazioa izeneko blogak. Diru sarrerak bermatzeko errenta lapurtzen duen errumaniar eta marokoar oldearen inguruko salaketarik —klasiko bat genero horretan— ez da falta. Euskaltegian eta independentziaren alde konspiratzen aritu beharrean asteburuak kale bazterretan Cristiano Ronaldori buruz hizketan igarotzen dituzten etorkinei buruzko kexarik ere ez. Azken merkantzia hori askoz fresko eta originalagoa denez, material grafiko aberatsarekin lagunduta dator. Erretratu batean, euskal estatuaren eta kulturaren bi etsai afrikar ageri dira, Real Madrilen kamiseta soinean dutela Bilboko jarleku batean eserita. Zuhaitz baten atzetik edo modu traketsean ateratako argazki anonimoa da. Abertzaletasunez mozorrotutako xenofobia klandestinitatetik ateratzeko saiakera delako, baina pixka bat kakatia.
Etxera iritsi eta karteroaren ipurdi biluziaren azpian bere aita topatu berri duenaren tamainako shocka izan zen egun batzuk geroagokoa. Nire ideal politikoak zeintzuk diren badakidan plantak egin, eta Berlin erdialdean egin zen TTIP merkataritza itunaren aurkako manifa batera joan nintzen, bere ideal politikoak zeintzuk diren badakien plantak egiten dituen lagun batekin. Bostehun metro osatu gabeak ginen, alboan zihoan kuadrillak lelo batzuk ozen abestu bai, baina beste batzuekin modu susmagarrian isiltzen zenaz jabetu ginenean. Berokian itsatsita pegatina bat zeramaten guztiek: arto-buru ederra zuen marraztua sigla batzuen azpialdean. Sakelakoan kontsultatu genuen zein erakunde ote zen hura —zuhaitz atzetik Real Madrileko kamiseta zeramaten afrikarrei argazkia atera zienaren pareko disimuluarekin, badaezpada—. Webgunearen bazter batean AfD eskuin muturreko alderdiaren logoa ipinia zuen Turingiako nekazari elkarte batekoak ziren.
Gure idealak zeintzuk ziren bagenekien plantak eginez kausa ustez zintzo baten alde borrokatu nahi, eta arrazista kuadrilla baten alboan desfilatzen nolatan amaitu ote genuen ezin ulerturik geratu ginen adiskidea eta biok. Zer esan ez dakigun bakoitzean egin ohi dugun moduan, kapitalismo globalari errua botatzeko tentaldia izan genuen. Baina alboko arrazista kuadrilla kapitalismo globalaren aurka oihukatzen ari zen, ozen, une horretantxe bertan. Bihurgune bat baliatu genuen manifestazioarena ez zen kontrako bidea hartu eta handik hurbil fitxatuta geneukan taberna batera egiteko. Gure ideal politikoak zeintzuk diren badakigun plantak egiteari betirako utziko geniola erabaki genuen. Abertzalez mozorrotutako xenofoboei eta kapitalismo globala desaktibatzearen aitzakiarekin eskuin muturreko militante egiten diren nekazariei norbaitek aurre egin behar badie, ez diegu lagunak eta nik egingo.
Leave a Reply