Unai Zubeldia
“Kezkei tiraka sortu da egitasmo hau, konpromisotik; herritartasuna bizitzeko modu eraginkor eta aktibotik”. Irakurri eta gozatu. Euskal liburuak kalera lelopean, Joxe Goikoetxea beasaindarrak bihar eguerdian kalera ateratzeko dei egin die herrikideei. “Udaberri artistiko-literarioarekin zipriztindu nahi ditugu guztiak”. Hori bai, irakurzaletasuna zabaltze hutsetik haratagoko proiektua da Beasaingoa. “Gai askori oso azaletik heltzen diegun sentsazioa daukagu; oso nekez joaten gara gai horien muinera eta hasten gara zorua ereiten eta ongarritzen”.
Herrigintza eta euskararen egungo egoera dago Irakurri eta gozatu egitasmoaren oinarrian. “Gruyere gaztaren antzekoa da euskararen egoera, zuloz betea; kalera ateratakoan, batez ere. Zulo askotako ihesbideak dituen egoeran daukagu euskara”. Hausnarketa horiek kalera ateratzeko asmoz, 12:00etan hasiko da biharko ekitaldia. “Bakarka, taldeka, familian… Euskarazko liburu bat eskuan hartu eta nahi moduan atera daitezela kalera”. Ezkiaga auzotik Igartza pareko Dolarea parkerainoko kale tartea irakurlez betetzea da asmoa. “12:00etan kalejira abiatuko da Ezkiaga auzotik, eta kalean dauden irakurleak bilduz egingo du Dolarea parkera arteko bidea. Bost minutuko irakurketa egingo dute ibilbidearen hasieran daudenek, eta hogei minutu ingurukoa amaierakoek”.
Musikak girotuta, 12:30ean egingo dute sormen saio literario-artistikoa. Irakurketa, dantza, bertsoa, poesia, musika, marrazketa… Saio “koloretsua eta askotarikoa” izango da biharkoa. “Festa giroa nahi dugu, bai, baina gai izan behar dugu herritarren kontzientzietara iristeko. Pentsatzeko. Hausnartzeko. Oso azaleko arrastoa utziko du gainerakoan”, adierazi du Goikoetxeak. Ekitaldi nagusirako ez dute kasualitatez aukeratu Dolarea parkea. “Ezerezera etorri den parke bat da; ez du inolako izaerarik eta bizitzarik, eta aldarri kutsua eman nahi diogu egitasmoari”. Antolatzaileek “sormenaren eta pentsamenduaren parke” bihurtu nahiko lukete gune hori. “Herritarrek herritarrentzat egokitutako txokoa”.
Antolatzaileen hitzetan, une jakin bateko egitasmoa ez, “prozesuak landuz uzten duen arrastoa” da garrantzitsuena. “Eta ideia horri segika antolatu dugu beste ekintza bat”. Beasaingo lantoki guztiak hartu, eta euskal liburu bat eskainiko dute horietako bakoitzean; “25-30eko zerrenda luzea egin dugu”. Lantoki bakoitzeko ordezkari batek jasoko du liburua. “Eta gehienez bi hilabeteko epea izango du irakurtzeko. Bere konpromisoa ez da hor amaituko: liburua irakurriko duen beste langile bat aurkitu beharko du lantokian, eta komunikazioa sortuko da eskuz eskuko bide horretan”. Liburua noiz jaso duen eta nor den azaltzeko mezu bat bidaliko du langile bakoitzak zuereirakurle@gmail.com helbidera. “Liburua zein ibilbide egiten ari den eta egitasmoak bizirik dirauen edo ez jakiteko”.
Irakurle taldeen topaketa
Maiatzaren 14koa ez da izango egun bakarreko ekitaldi soila, beraz. Liburu bakoitzak bere bidea egingo du lantoki bakoitzean, baina ekainaren 17an Goierriko Irakurle Taldeen I. Topaketarekin hauspotuko dute bihar sortuko dutena, Dolarea parkean bertan, ordu eta erdiko ekitaldian. “Bederatzi-hamar irakurle talde daude Goierrin, eta topaketa moduko bat egitea erabaki dugu”. Joan Mari Irigoien idazlearen Consummatum Est liburua izango dute mintzagai guztiek, 18:00etatik aurrera. “Hain emankorra izan den eta izaten ari den idazle horri omen xume eta goxo bat ere egingo diogu”.
Herritartasuna “modu eraginkorrean” bizi eta sentitzeko erronka daukate Beasainen. “Lehen esperientzia honek arrastoa uzteko asmoz gatoz, urtero udaberri artistiko-literarioarekin gozatu ahal izateko”.
Leave a Reply