“Munstroa elikatu beharra daukate”

“Munstroa elikatu beharra daukate”

U. Zubeldia

Hasiera-hasieratik errauste plantaren aurkako pankartari helduta dabil Maria Luisa Sanchez (Donostia, 1952), eta ez etsitzeko dei egin die herritarrei. Zubietan lanak hasi arren, errauste plantaren aurkako mugimenduak kalean jarraituko duela azaldu du.

Joan-etorri askoko hilabeteen ostean, hasi dituzte Zubietan errauste planta egiteko lanak. Zer sentsaziorekin zaudete?

Lehen harria jarri dute, baina guk ez dugu galdu itxaropenik. Arduradunak oraindik ere konbentzitu ditzakegula uste dugu, gauzak zein gaizki egiten ari diren erakutsiz, eta proiektu horrek sortuko dituen kalteez ohartaraziz.

Aldundiari behin eta berriz eskatu diozue proiektua eteteko. Aukerarik izan al duzue haiekin biltzeko?

Ez. Azken aldi luzean ez dugu izan aukerarik hitz egiteko. Lehenago, bai, hamalau urte daramatzagulako kontu honi bueltaka. Askotan elkartu izan gara aldundiko arduradunekin gure alternatiben berri emateko. Donostiako Udalarekin ere hitz egin izan dugu, Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren garaian, baina gaur egun ateak itxita daudela dirudi. Horregatik, asko lagun diezaguke herritarren presioak.

Hainbesteko dirutza xahutu gabe, alternatiba “garbiago, osasuntsuago eta merkeagoak” badaudela diozue.

217 milioi euroko kostua aipatzen dute eurek, baina ia mila milioi eurokoa izango da, 35 urtez urtero milioi mordoa ordaintzea hitzartu dutelako. Pentsa Gipuzkoaren gisako probintzia batentzat zer-nolako zama den hori. Udalerri guztiak hipotekatuko ditu, kopuru horiek ordaindu egin beharko direlako derrigor. Toki askotan, hondakinen %80 birziklatzen dute egun, eta probintzia guztian %50era iritsiko bagina, hondakin tona asko murriztuko genuke. Geldituko litzatekeen errefusa kopuru horrek inola ere ez luke beharko errauste plantarik; tratamendu mekaniko biologikorako planta batekin nahikoa litzateke, zabortegien eta errauste planten beharrik gabe. Horregatik, gaikako bilketa erraldoia egin behar da, errefusa hutsaren hurrengora murrizten baitu horrek. Papera, plastikoa, beira eta organikoa birziklatzen den etxeetan, oso txikia da errefus kopurua.

Debagoiena eta Goierrirekin alderatuta, oso azpitik dabiltza Donostialdea eta Txingudi. Arazoa dago hor.

Bai… Eskualde batzuetan, herritar bakoitzak urtean 50 kilo errefus sortzen du, eta beste batzuetan, 250 kilo. Donostiaren kasuan, udalarekin hizketan aritu gara bosgarren edukiontziaren kudeaketa bestela egiteko; orain artekoak ez du balio ezertarako. Edukiontzi berdeak astean egun batzuetan ixtea eskatu genien, herritarrek bosgarren edukiontzia ere erabil zezaten. Biak irekita egonez gero, jendeak errazera jotzen du, erosoagoa delako nahi dugun orduan nahi dugun guztia edukiontzi berdera botatzea. Proposamena egin genien, baina ezinezkoa izan da harreman onik sortzea.

Debagoieneko eta Txingudiko datuak Gipuzkoa osora eramanda, urtean 51.000 tona sortuko lirateke zuen arabera. 160.000 sortzen dira, ordea, eta errauste planta 200.000rentzat pentsatuta dago.

Ez dauka zentzurik. 100.000 tonarentzat lekua izango du labe bakoitzak; 200.000 tona guztira. Borondatea izanez gero, ez da hain zaila hondakinen kopurua 50.000 tonara jaistea, eta, kasu horretan, ez genuke beharko errauste plantarik. Baina kopurua jaistea ez zaienez komeni, birziklatze tasek gora egin ez dezaten saiatzen ari dira udaletxe asko. Munstroa elikatu beharra daukate, gainerakoan proiektua ez delako izango errentagarria.

Erraustegiaren Aurkako Eguna antolatu duzue Zubietan maiatzaren 27rako. Ospakizunetik gutxi izango du, ezta?

Oso gutxi. Aldarrikapen eguna izango da. Hitzaldiak eta lantegiak antolatuko ditugu. Besteak beste, Sustrai Erakuntza fundazioko kide bat eta Madrilgo Valdemingomez errauste plantaren aurkako mugimenduko beste bat etorriko dira.

Zein mezu bidaliko zenieke errauste plantaren alde eta aurka dauden herritarrei?

Aldekoei, errauste plantak osasunean zein ondorio izango dituen pentsatzeko esango nieke. Ikerketa asko daude eginda; urrutira joan gabe, ohi baino minbizi kasu gehiago izan dira Valdemingomez errauste plantaren inguruan. Ez dezatela pentsatu soilik zaborra nahi duten moduan eta orduan jaisteak daukan erosotasunean. Hamar urte barru ondorio larriak izango ditu errauste plantak; ekonomikoak, noski, eta osasun arlokoak ere bai. Aurka daudenei, berriz, borrokan jarraitzeko eskatuko nieke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.