Eider Goenaga Lizaso
Taberna bateko terrazan eseri behar duenak jende gehien dagoen tokia aukeratzen duen bezala, Interneten iritzi gehien duten jatetxeei erreparatzen die jendeak bertara joan baino lehen. Eta Donostiako jatetxeek iritzi asko sortzen dituzte sarean, gero eta gehiago; %43 gehitu ziren on line iritziak 2015etik 2016ra. Donostia bisitatu eta bertan izandako esperientzia gastronomikoarekin “pozik” edo “oso pozik” agertu ziren iaz sarean idatzi zutenen %79, eta 8,18ko batez besteko nota eman zieten Donostiako taberna eta jatetxeei.
On line plataforma nagusietan fitxa duten jatetxeei buruz erabiltzaileek egindako balorazioak aztertu ditu Basque Culinary Centerreko (BCC) Turismo Gastronomikoaren Aholku Batzordeak, eta emaitzen berri eman du. Guztira 590 fitxa aztertu dituzte, 400 jatetxe ingururenak; eta 230.000 iruzkin, balorazio eta gomendio inguru topatu eta aztertu dituzte. Jatetxeen fitxan bertan eginiko iruzkin eta balorazioak dira horietako 59.000; eta beste 170.000, berriz, oro har Donostiari buruz eginikoak dira, baina gastronomiaren gaia aipatzen dute.
BCCko zuzendari Joxe Mari Areizagak, Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordeak —elkarlanaren emaitza da ikerketa— eta Damia Serrano BCCko Turismo Gastronomikoaren Aholku Batzordeko kideak egindako agerraldian, ondorio komun bat jarri dute mahai gainean: garrantzitsua da jatetxe eta tabernak Interneten egotea, eta jatetxeek ahalegina egin behar dute bezero horiek sarean iritzia eman dezaten, horrela erakarriko baitituzte bezero gehiago.
Interneten fitxa duten jatetxeak hiriburu osoan eta auzo guztietan dauden arren, zabalpen hori ez da islatzen on line jasotzen diren iritzietan. “On line ospeari buruzko txosten honetan ikusten duguna da iruzkin gehienak Parte Zaharreko jatetxeei buruzkoak direla, eta, gainera, hiriburuko hogei jatetxek jasotzen dituztela iruzkinen %38. Jatetxeek euren burua ezagutarazteko ahalegina egin arren, hutsune bat dago: jatetxe asko daude iruzkin gutxi edo bat ere ez dutenak, eta horrek eragina du haien fitxan jasotzen den azken kalifikazioan eta, ondorioz, bisitari posibleek jasotzen duten pertzepzioan”. Serranoren hitzetan, iruzkinen banaketa orekatuagoak izan beharko luke Donostiako ostalarien helburuetako bat, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du marketina.
Lautik batek, 10ekoa
Iritzien azterketak utzitako ondorioak “luxu bat” direla nabarmendu du, hala ere, Serranok. “Lautik batek 10eko nota ematen dio bisitatu duen jatetxeari, eta erabiltzen dituzten kontzeptuetan bikaintasuna, kalitatea, zerbitzua aipatzen dituzte; eta bai gaztelerazkoetan eta bai ingelesez egindako iruzkinetan agertzen dira pintxoak, gure gastronomiaren ezaugarri gisa”. Bestalde, balorazio ez hain ona egiten dutenen artean, prezioa izaten da nota jaistearen arrazoi nagusietako bat. “Bitxia da, hala ere, balorazio ona egiten dutenen artean ere aipatzen dela prezioa, kalitatearen eta prezioaren arteko oreka nabarmenduz”.
Jatetxeei emandako nota da aztertu den puntu nagusietako bat. “8,18ko batez besteko nota dute. Horrelako beste azterketarik egin ez dugunez, antzeko erreferentziarik ez dugu, eta konplexua da nota altua edo baxua den zehaztea, baina, iruzkinak irakurrita, nota ona dela ondoriozta dezakegu”. Iruzkinak egin dituztenen jatorria aztertuta, bertakoek eta hurbilekoek (Espainia, Katalunia, Frantzia…) batez besteko nota jaitsi egiten dute; eta hortik kanpokoek nota altuagoa jartzen dute. “Nota altuenak errusiar (8,93) eta estatubatuarrenak (8,75) dira, eta baxuena, bertakoena eta estatukoena (7,96)”.
Donostian egonaldia egin ondoren hiria bisitatzea gomendatzen dutenen atalean, aztertu dituzten 170.000 iruzkinetatik ondorio nagusi bat atera dutela azaldu du, bestalde, Serranok. “Gastronomiak gomendio horietan duen pisua interesatzen zitzaigun, eta ikusi duguna da %30ek arrazoi horregatik aholkatzen dutela Donostia bisitatzea. Horren pare agertzen zaizkigu Donostiako hondartzak eta natur ingurunea”.
Leave a Reply