A. Perez-Karkamo
Oiartzungo auzo txikienean bizi da Goiatz Labandibar (Oiartzun, 1985), Artikutzarako bidean dagoen eta 200 biztanle eskas dituen Karrika auzoan. Etxean idazten du, baina kanpora ateratzeko aukera izan du, Poloniara, Finlandiara… Eguneroko errutinatik ateratzeko beharra asetzen du bidaiatuz, baina gogoz itzultzen da etxera.
Bizitzeko nolako herria da Oiartzun?
Nire herria da, etxean nagoela sentiarazten nau. Herri atsegina da, goxoa, eta, era berean, erosoa. Gauza asko ditu hurbil: Donostia, Errenteria, Lapurdi, hondartza, mendia… Nahiz eta garraioa ez izan oso ona, kokapena ez da batere txarra.
Idazle batentzat toki ona al da?
Nik uste toki guztiak direla onak idazle batentzat. Herria da hau, nahiz eta hain txikia ez izan. Egia da mugimendu dezente duen herria dela. Nik hemen sortzen dut, baina horrek ez du esan nahi nire sorkuntzan Oiartzunek hainbesteko presentzia duenik, herria baino gehiago harremanak eta pertsonak izaten direlako nire sorkuntzako iturri.
Ba al duzu bisitatzea gustuko duzun tokirik?
Baditut gustuko tokiak, nahiz eta ez naizen oso maiz joaten. Plaza inguruan, Ibargaingo parkea, eguraldi onarekin, toki zoragarria da irakurtzeko. Eta Apatian lorategia ere zoragarria da; tarteka joaten naiz horra. Eta, Pikoketarako bidean, asko gustatzen zaizkit Ingelesaren gazteluaren inguruko arrokak ere; hortik nahiko goitik ikusten da Aiako Harria, Txingudiko badia osoa… Oso toki polita da.
Zer bisitatzeko gomendatuko zenieke bisitariei?
Beloagako gaztelua; izugarriak dira hortik ikusten diren paisaiak, eta, norbaitek gazteluaren azalpena kontatzen badizu, are gehiago. Eta, Gurutzen, oinez joateko nahiko hurbil daude Egiarko cromlechak; ez daude ibilbide turistikoan, baina oso toki polita da. Eta elizako kanpandorrera igotzeko esango nieke; zoragarria da.
Kanpora bidaiatzen duzunean, zer sumatzen duzu faltan?
Alde egiteko beharra sentitzen dut tarteka, baina gogotsu bueltatzen naiz gero. Eguneroko errutinatik ateratzeko modu bat izaten da kanpora joatea. Gehien, hizkuntza sumatzen dut faltan, euskaraz komunikatzeko aukera. Bestela, jendea, lagunak, goizeroko pintxoa eta kafea…
Zer da hemen ez dagoena eta kanpoan aurkitu duzuna?
Denetik dauka herri honek; zerbitzu dezente dauzka, eta nahiko onak, baina garraioa ez da ona, ez da herri erosoa oinez ibiltzeko, malda asko ditu. Denon ametsa da 18 urte bete eta gidabaimena ateratzea. Hiriak errazagoak dira alde horretatik. Kultur arloari dagokionez, niri gustatzen zaizkidan gauza batzuk ezin izaten ditut aurkitu Oiartzunen, baina, era berean, ez ditut hemendik hain urruti.
Leave a Reply