Eider Goenaga Lizaso
Suitzan balego mirestua eta Italian balego ospetsua izanen zen lehor-itsasoko leku apal hau, Gipuzkoan dagoelako ezezaguna, noraezean heldu nintzen eta non nengoen ez nekien Eden distiratsu txipi hau Pasages da espainieraz eta Le Passage frantsesez”. Victor Hugo idazle frantziarrak (1802-1885) Pasaiari buruz idatzitako pasarte hori Idi Orgaren Karranka. Euskal Herrian gaindi, 1843 liburuan jaso zuen Koldo Izagirrek 2002an, idazlearen jaiotzaren bigarren mendeurrenean. Eleberri, poesia eta antzerki idazle handia izan zen Victor Hugo, Frantziako idazle miretsienetako bat, eta 1943ko udan egon zen Pasaian. Herriak arrastoa utzi zuen idazlearengan, eta idazleak, halaber, arrastoa utzi zuen herrian. Horren lekuko da 1902an museo bihurtutako Victor Hugo Etxea, gaur egun ere idazlearen oroimenez irekita jarraitzen duena.
“Kasualitatez etorri zen Victor Hugo Pasaiara. Donostian zegoen, eta, paseo bat ematera irten zen batean, Ulia menditik barrena, Pasaiara iritsi zen, portura. 1843ko portuak bazuen xarma berezi bat, giro erromantiko bat; arrantza portu bat zen, batelerak ere bazeuden —oso pertsonaia esanguratsuak Pasaian—, paisaia bera… Txundituta gelditu zen herriarekin, eta hemen gelditzea erabaki zuen”, azaldu du Rakel Paisan Oarsoaldeko Garapen Agentziako turismo agenteak (Errenteria, 1982).
Idatzita utzi zuen Victor Hugok Pasaian ikusitakoa, bizitakoa eta sentitutakoa; paisaiaz gain, bertako herritarren eta herriaren beraren ezaugarriak xehetasunez deskribatu zituen; eta hori nahikoa ez, eta ilustrazioekin jantzi zuen idatziz jasotakoa. “Ez dakigu ziur zenbat denbora egin zuen Pasaian, zenbat egunez bizi izan zen etxe honetan, baina lekukotza aberatsa utzi zuen egonaldiaz”.
Lekukotza horietatik abiatuta, Paul Deroulede eta Marcel Habert politikari erbesteratu frantziarrek idazlearen pausoen aztarnari jarraitzea erabaki zuten, eta Pasaiara iritsi ziren. “Victor Hugo egon zen etxea XVII. mendeko Berpizkunde estiloko eraikina da, eta Derouledek eta Habertek, herriko apaizarekin eta alkatearekin hitz egin ostean, idazlearen omenezko museo gisa irekitzea erabaki zuten. 1902an inauguratu zen”.
Garai ezberdinak bizi izan ditu museoak. Victor Hugoren omenezko museo izan zen aldi batez, baina museo izateari utzi zion gero, eta 1943an berriro ireki zuten museoa. “Baina, Victor Hugori buruzkoa baino gehiago, Pasaiari buruzkoa zen erakusketa”. 2000. urte inguruan, Oarsoaldeko Garapen Agentziaren turismo bulegoak hartu zuen etxearen kudeaketa, eta berriro ere idazleari eman zioten protagonismoa.
Museoaren ardatzak
“Museoak bi ardatz ditu. Batetik, Victor Hugoren egonaldia dago. Bestetik, etxearen beraren historiari erreparatzen diogu; alegia, nola deskubritu zuten eta nola bihurtu zen museo. Eta, hori osatzeko, Victor Hugok utzitako lekukotzak dauzkagu, bai idatziak eta bai irudiak”.
Victor Hugo, oroimenera bidaia da erakusketa iraunkorraren izenburua, eta eraikinaren bigarren solairuan dago —lehenengo solairuan turismo bulegoa dago, eta hirugarren solairua aldi bateko erakusketetarako dute atondua—. “Sartu eta berehala, panelen bidez, eta 1902an egindako inaugurazio handiaren irudiekin hasita, etxearen eta museoaren historia kontatzen dugu”.
Idazleari buruzko atalarekin jarraitzen du erakusketak. “Niretzat erakusketako piezarik garrantzitsuenak Victor Hugorenak izandako bi luma dira; horiez gain, hark egindako marrazkien kopia batzuk ditugu, eta idazlearen eskultura batzuk ere bai, bustoak”. Victor Hugo Pasaian izan zen garaiko altzariek janzten dute, halaber, erakusketa. “Ez dakigu ziur Victor Hugok erabilitako mahaia, ohea edo pianoa diren, baina etxe honetan garai hartan zeuden gauzak dira; beraz, Victor Hugoren egunerokotasuna nolakoa izango zen deskribatzeko erabiltzen ditugu. Idazlearen testuekin, marrazkiekin eta altzariek ematen dioten giroarekin, bisitaria garai hartara eramatea bilatzen dugu, eta lortzen dugula uste dut”.
Bi ikus-entzunezkok osatzen dute erakusketa. Lehena Victor Hugoren logela irudikatzen duen gelan dago. “Eta Victor Hugoren ahotik azaltzen zaigu zer jaten zuen, nola bizi zen, zeintzuk bizi ziren etxean…”. Bigarrenak haren idatziak ditu oinarri: “Bideo horretan idazleak berak hitz egiten digu herriko bizimoduari buruz, nolakoa zen Pasaia, zein egitura zuen…”.
Leave a Reply