Unai Zubeldia
Suzko armarekin jaurtitako tiro batek buruan eragindako odoljarioa. Azalpen berbera ageri da bi gazteen heriotza agirietan”. 1974ko maiatzaren 20an, Hondarribiko Asturiagako hondartza ondoan hilda agertu ziren Jose Luis Mondragon Elortza Morico 27 urteko arrasatearra eta Xabier Mendez Villada Roke 21 urteko santurtziarra. Iheslariak ziren biak, eta Jose Luis Arrondo Cocoliso “poliziak infiltratutako pertsona” zihoan haiekin batera. “Ez dugu aurkitu lekuko zuzenik, eta oso informazio urria daukagu eskura”, azaldu du Xabier Isasik, Asturiagako segadan hildakoak oroitzeko sortutako memoria taldeko kideak (Deustua, Bilbo, 1956).
1974. urtea zen. Maiatzaren 20a. Astelehena. “Espainiako diktadura eta diktadorea bizirik zeuden artean. Erabateko inpunitatea zegoen; tentsio handiko urteak izan ziren”. Zirrikitu guztietan bila dabiltza memoria taldeko kideak, eta puskaka-puskaka ari dira osatzen orain 43 urte gertatu zena. “Donibane Lohizunen lan egiten zuen Roke Mendezek”, hasi du azalpena Isasik. “Eta badakigu goiz hartan lanean aritu zela. Lantokitik atera eta hortik aurrera, ordea, ez dakigu zer gertatu zen”. Deustuarrak azaldu duenez, “polizia iturriek zabaldutako informazioa soilik” daukate gaur egun. “Komando bat osatu zutela zabaldu zuten iturri horiek, baina bi gaztek eta infiltratu batek nekez sor dezakete komando bat. Bistakoa da hori, eta ETAk berak jakinarazi zuen une hartan ez zirela erakundekoak”.
Isasik “sinesgarritasun guztia” kendu die diktadura garaiko polizia iturriei. “Erabat manipulatuta dago gertakari honi lotuta zabaldutako informazioa; ez datoz bat guk garai hartan bizi izan genituenak eta orain esaten direnak; tamalez, ohikoak ziren salbuespen egoerak, atxiloketak, eraso basatiak, torturak eta hilketak”. Mondragon eta Mendezen kasuari helduta, La Vanguardia Kataluniako egunkariko adibide bat jarri du mahai gainean bizkaitarrak. “Operazio hori Madrilen diseinatu zutela ageri da bertan, eta handik gidatu zutela guztia. Cocolisok Poliziarekin harremana aspalditik zeukala ere kaleratu zuten. Eta guk ere badakigu hori, hala frogatu zutelako gerora. Aurretik, iheslari gehiagorekin ere egin zuen harremana”.
Bidea egiten ari diren arren, herren daukate informazioa. “Ez dakigu Cocolisok zein eginkizun zeukan; hilda dago jada, eta baita garai hartan auzitegiko mediku lanak egin zituena ere, Ramon Diaz Mora”. Zalantzaz betetako gertakizuna da Mondragon eta Mendezena. “1974ko maiatzaren 18an lekuko batek lau pertsona ikusi zituen auto batean, Hondarribian bertan, eta Jose Luis Mondragon zen horietako bat”. Isasiren azalpenaren arabera, “erabat harrituta” gelditu zen lekuko hura. “Bazekielako Mondragon iheslaria zela. Baina, hain zuzen ere, horrexegatik ez zuen aipatu ezer”. Bi egun geroago iritsi zen albistea. “Normala den bezala, oso gogorra izan zen hilketa haren berri izatea”.
Gertakari haiek “oroitzea” da memoria taldearen helburua. “21 eta 27 urteko bi gazte hil zituztela oroitzea. Eta egia jakitea, diktadura zuritu egiten delako askotan”. Bihar 12:00etan memoria ekitaldi txiki bat egingo dute Asturiagako hondartzan bertan. “Ordukoa gogoratzeko lore eskaintza egingo dugu; hunkitu egin gaitu honek guztiak, oinazea eta utzikeria sumatu ditugulako”. Bi familiekin harremanetan jarri dira memoria taldeko ordezkariak. “Eta ez direla etorriko jakinarazi digute. Oso errealitate gogorrari aurre egin behar izan diote urteotan, 43 urteotan erabat bazterrean utzi dituztela sentitu dutelako”.
Biktima aitortza, “ukatuta”
Taldea sortu zutenean “familiarekiko errespetua” finkatu zuten aurrera egiteko oinarri gisa. “Baina oroitzapen ekitaldi hori egin egin beharra daukagula sentitzen dugu”. Ezkonduta zegoen Mendez. “Eta, oroimen historikoaren legearen babesean, biktimen aitortza eskatu zuen haren alargunak”. Ukatu egin zioten. “Bai Madrilen eta bai Eusko Jaurlaritzan, nahiz eta oso ahula den argudioa. Zergatik ez dira biktima Mendezen alarguna eta alaba, eta Mondragonen senideak?”.
Isasik azaldu duenez, “leku estrategikoa” zen Higer lurmuturra eta bertan dagoen itsasargia. “Bi estatuen arteko muga bertan izanik, oso inguru zaindua zen hori. Garai hartan, gainera, guardia zibilen kuartela zegoen han”. Kuartel hartatik ehun metroko labarra zegoen Asturiagako harrizko hondartzara. “Itsasotik Asturiagaraino iristeko, Txingudiren itsasadarra zeharkatu beharra dago. Ez dakigu Hendaiatik zuzenean etorri ote ziren, edo Donibane Lohizunetik; itsas zabaletik, alegia”.
Bigarren aukera hori “zaila” dela uste du Isasik. “Korronte handia izaten delako inguru horretan. Belarra izeneko olatu ezaguna hor dago. Ez da samurra Donibane Lohizunetik abiatu eta hori zeharkatzea”. Artxiboetan arakatuta irakurri dute Hondarribitik “largabistekin” kontrolatu zituztela. “Argitaratuta eta aitortuta dago hori, eta, ondorioz, bazekiten nondik eta zer ordutan zetozen”.
Bada beste datu esanguratsu bat ere: egun argitan egin zutela guztia. “Ez zuten aukeratu ilunabarra edo egunsentia. 17:00etarako hilik zeuden heriotza agirien arabera; horrek esan nahi du lehenago hil zituztela, maiatzaren 20an, eguraldi argiarekin. Hori ere ez da batere normala. Hiltzeko prestatu zuten ekintza hura, argi eta garbi”.
Leave a Reply