Unai Zubeldia
Lehia jokorako baino gehiago, jolaserako gogoa daukagu. Saio polit bat egin nahiko genuke, bertsozalea bertsoz asetzeko”. “Gozamena” oinarri hartuta aurkeztu zuten Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, urtarrilaren 28an, eta, Unai Mendizabal Karidadeko Bentako taldekideetako batek onartu duenez, “gozatu handia” hartzen ari dira saioz saio. 38 taldek ekin zioten txapelketari, otsailaren 3an, eta Karidadeko Benta (Asteasu eta Zizurkil) eta Am… ona! (Amasa eta Villabona) iritsi dira finalera, bertso eskola bereko kideak denak; Haritz Mujika, Joseba Otaegi eta Unai Mendizabal aritu dira kantuan Karidadeko Bentan, eta Beñat Iguaran, Oihana Iguaran, Amaia Agirre eta Ander Goikoetxea Am… ona! taldean; txandaka, azken horien kasuan. Bihar izango da azken saioa, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan (17:30).
“Sona pixka bat lortu duten bertsolariei aukera eskaintzeko baino gehiago, bertso munduan dabilen jendea saretzeko, antolatzeko eta plazara biltzeko aukera eskaintzen du Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak”. Iguaranen hitzetan, Ander Goikoetxea taldekidearena da adibide argietako bat. “Andriu, orain artean, lagun giroan aritu izan da bertsotan, eta izugarrizko esperientzia ari da izaten beretzat, ia hutsetik hasi eta finaleraino iritsi delako txapelketa honetan”.
“Batere espero gabeko esperientzia” izan da Goikoetxearena. “Eta urduri samar aritu nintzen lehen bi saioetan”. Baina etorriari bere bidea egiten utzita, “gogotsu” dago biharko. “Sentsazio onak izan nituen finalerdietan, baita lehengo larunbatean izan nuen beste saiotxo batean ere, eta lasai nago oraingoz”. 33 urterekin iritsi zaio aukera Goikoetxeari. “Neure burua inoiz ez dut ikusi izan bertsolari gisa, baina asko entrenatu gara txapelketa osoan, eta hobekuntza nabaritu dut”. Gaztetxeetan “pare bat” saio egindakoa da billabonatarra. “Baina niretzat gauza berriak dira hauek”. Hori bai, irakasle lanak lagundu dio jendaurrean, “neurri batean”, lasaitasunari eusten. Etorkizunari bere bidea egiten utzi nahi dio Goikoetxeak. “Txapelketa honetan barrua askatu dut pixka bat, eta deiren bat edo beste jasoz gero, gustura joango naiz kantatzera. Azken batean, ez du kalterik egiten gauza berriak probatzeak”.
Goikoetxearen neurri berean, txapelketen zurrunbilotik urrun dabil Otaegi ere, eta, behin finala jokatuta, aurrerantzean ere “neurri txikian” segituko duela jakinarazi du zizurkildarrak. Aizkorak eman dio sona Otaegiri, baina “eskolartekoetan-eta” bertsotan aritutakoa da. “Nahiz eta bertso eskoletako lana falta izan zitzaigun guri. 14-18 urte arte horretan, bakarkako lanean hasi ginenean, orduan urrundu nintzen pixka bat bertso txapelketetatik”.
Lagun giroan orain ere “gustura” aritzen dela onartu du zizurkildarrak. “Baina beste maila bateko txapelketa da hau; ihes egiten dit lan klase honek”. Otaegik berak onartu du “nahikoa zailduta” dagoela zortziko handiko lanean. “Baina segidillak ematen dit errespetua. Finalean minutua osatu beharko du bakoitzak, eta, ondo hasiz gero, azkar pasatuko da, agian, baina adarren bat agertzen bada…”.
Finalera arteko bidea eginda, bi taldeetako ordezkariak elkartzeko “nahikoa lanekin” ibili dira aste guztian. “Lan kontuak tarteko, Whatsappez-eta moldatu behar izan dugu”, onartu du Iguaranek. “Baina ea gai garen finalean saio orekatu bat egiteko”, gaineratu du Mendizabalek. “Aurkariak hain gertukoak izanda, desberdina izango da finala, eta elkarri laguntzen saiatuko gara”. Tolosaldeko bertso maila “osasuntsua” dela erakutsi nahiko liokete zaleari. Txapelketak berak argi utzi du hori, bertso eskola bereko lau talde aurkeztu zirelako lehiara, eta horietako bi ariko direlako bihar Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
Talde izaeraren garrantzia
Talde bakoitzak txandan-txandan antolatu ditu Herriarteko Txapelketako kanporaketak. “Eta oso giro onean joan dira saioak”. Bertso afariak, “saio serioagoak”, gaztetxeetan egindakoak… Denetik eman du Herriartekoak. “Batetik, eskualdean bertso munduan ibiltzen den baina antolatuta ez dagoen jende hori bildu dugu, festa giroan; eta, bestetik, askotan izaten ez duen plaza bat eskaini diogu bertsoari”. Iguaranek azpimarratu du hasierako agurrek “presentzia handia” izaten dutela txapelketa honetan. “Izaera berezia ematen dio horrek, taldea aurretik prestatzeko elkartu egin dela esan nahi duelako, eta broma giro hori sortzen duelako”.
Bertsozaleak ondo erantzun du kanporaketa guztietan, eta jende mordoa espero dute bihar ere. Tolosaldean dezenteko autobus mugimendua izan da azken egunotan, eta, Iguaranen ustez, festa giroa “ziurtatuta” egongo da. “Bertsoaren inguruan giro alaian gozatzeko eguna izango da. Ariketa zailak ere badaude tartean, eta bertso gosez doana aseko du horrek, baina parranda giro on hori ere sumatuko da kanpotik”. Otaegiren hitzetan, saltsa pixka bat sortzen “eta barrua lasaitzen” laguntzen dute hasierako agurrek, taldeka prestatutakoek —bestelako aldarte bat ematen du horrek—. Finalaren ondoren, afari mokadua izango dute iluntzean, Sanagustin kulturgunean. “Eta horixe izango da onena”. Horretan ados daude denak.
“Taldeari” eta “elkarrengana biltzeari”garrantzia emanda, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuko “azken gozatua” falta zaio Herriarteko Txapelketari.
Leave a Reply