Unai Zubeldia
Bitxia da egoera: Gipuzkoan bi talde dauzkagu softboleko Espainiako Ohorezko Mailan; liga irabazteko zorian egon izan da Orioko Bate Bizkorrak, eta egungo txapeldunak gara gu. Baina ez gaude egoerarik onenean”. Orel Morales (Santa Clara, Kuba, 1970) Donostiako Atletikoko entrenatzailearen hitzak dira horiek. Liga erregularra amaitzeko bi partida falta direnean —jardunaldi bakarra—, jokatutako hamasei lehiak irabazita daude donostiarrak, sailkapen buruan, eta titulurako lehian izango dira —lehen hirurak sailkatzen dira—. Orioko Bate Bizkorrak, berriz, zazpigarren daude, zazpi garaipen eta bederatzi porrotekin, eta Espainiako Kopa jokatzeko aukerarik gabe daude jada; lehen laurak sailkatzen dira, eta hiru garaipenera daukate Dridma Rivas.
Sailkapen kontuak ahaztuta, hala ere, etzi elkarren aurka ariko dira bi taldeak, Orioko Mendibeltz zelaian, 11:00etan eta 13:00etan. Azken hamabost denboraldietan lau onenen artean ibili ondoren, Elena Etxeberria (Orio, 1975) presidentearen hitzetan “sailkapenaren erdialdean” amaitzeko erronka daukate oriotarrek; eta “inork inoiz egin ez duena egitekoa” donostiarrek. “Izan ere, 18-0eko balantzearekin amaituko genuke liga Orioren aurkako bi partidak irabaziz gero, eta inork inoiz ez du lortu halakorik”. Etzi izango da kirol lehia, baina, aurretik, Orio Cup-ekin gozatzeko aukera izango dute bihar, Orion. “Bi talde dauzkagu guk, eta beste bi gonbidatu ditugu. Ikasturte amaierako festa giroko jaialdia antolatu dugu”.
Gipuzkoako bi taldeen artean “lehia handia” dagoela onartu dute biek ala biek. “Elkarren artean oso harreman ona daukate jokalariek, baina, kirol arloan, modu berezian bizitzen dira horrelako partidak”. Etxeberria ados dago Moralesekin. “Softbola ez da kirol oldarkorra [beisbolaren aldaera moduko bat da], baina derbiak derbi izaten dira beti, eta irabazteko grina handia edukitzen dute jokalariek”.
Donostiako Atletikok 1990ean sortu zuen softbol egitura, eta 1992an eman zituen lehen pausoak Orioko taldeak. “Gorabehera asko izan dugu gure ibilbidean”, adierazi du Etxeberriak. “Behe-behetik hasi ginen lanean, eta, azkenean, lortu genuen Ohorezko Mailara igotzea”. Lehen urteak “gogorrak” izan zirela onartu du oriotarrak. “Baina Europako txapelketak jokatzera ere iritsi ginen 2011n eta 2013an. Hor jo genuen goia”. Belaunaldi aldaketa izan dute azken urteotan. “Eta oso talde gaztearekin lehiatzen ari gara gaur egun. Denbora pixka bat behar dugu oraindik”. AEBetako eta Kubako jokalariren bat edo beste eduki izan dute Orion. “Baina gonbidatu gisa; ezer askorik eskaini gabe”. AEBetan, Kanadan eta Japonian dauka berebiziko indarra softbolak.
Orioko Bate Bizkorren gisan, harrobiarekin lan egiten saiatzen da Atletiko ere. “Gipuzkoarrak dira jokalari gehienak”, azaldu du Moralesek. “Eta, gehienez ere, inguruko talderen batean aritu izan den jokalariren bat edo beste fitxatzen dugu”. Aurrekontuari begiratu besterik ez dago errealitateaz jabetzeko. “25.000 euro ingurukoa da gure aurrekontua”. Donostiako Atletikoren datuak dira horiek. “Horrekin aurre egin behar izaten diogu denboraldi guztiari”. Argia da ondorioa: “Jokalariek ez dute kobratzen, noski”. Are gehiago, kuota jakin bat ordaindu behar izaten dute hilero. “Venezuelako jokalari bat iritsi berri zaigu taldera, eta AEBetako bat ere eduki genuen iaz. Baina horiek ere ez dute kobratzen. Erabat afizionatu mailako kirola da gurea; ez da kirol profesionala”. Kluben eta udalen babesaz gain, Kirolgiren laguntza ere jasotzen dute bi taldeek.
Harrobiari begira beti
Klub handia da Atletiko. “Baina, klubaren barruan, egitura txikia dauka gureak”. Gazte mailako talde bat eta ohorezko mailakoa dauzkate donostiarrek. “Kadete mailako bat ere eduki izan dugu, 16 urtez azpikoena, eta duela bost urte Espainiako bi txapelketa irabazi genituen”. Baina, “ohorezko maila lehenetsita”, bertan behera utzi behar izan dute kadete mailako egitura. “Hurrengo denboraldian berriz ekingo diogu lan horri, hala ere”. Europako lehiaketan zazpigarren amaitu zuten iaz, Txekiar Errepublikan. “Eta podiumean sartzeko erronka daukagu aurten”.
Oriotarrek Urola Kostara zabalduta daukate sarea. “5.000 biztanleko herria da gurea, eta zaila da futbolari, saskibaloiari edo arraunari aurre egitea. Multikirol ligaxka sortu genuen Orio, Zarautz, Getaria eta inguruko herrien artean, beste kirol diziplina batzuk ere lantzeko”. Horrek ematen die aukera gazteenak softbolera inguratzeko. “Kirol hau ezagutzeko aukera izaten dute gutxienez”. Udako kirol eskaintzan ere sartuta daukate softbola. “Baina, haurrek pausoa eman arren, unibertsitaterako jauzian zaila izaten da neskek kirol honi lotuta jarraitzea”.
Hamar taldek osatzen dute Espainiako Ohorezko Maila, eta bidaia luzeak egitea egokitzen zaie sarritan. “Furgonetetan joaten gara gu eta ez zaigu ezer falta izaten”, hasi du azalpena Moralesek. “Hotelean lo egiten dugu aurreko egunean, eta ez gaude kexatzeko”. Furgonetetan moldatzen dira oriotarrak ere. “Larunbatean entrenatu, furgonetak alokatu, bidaia egin, aterpetxeren batean lo egin, igandean partidak jokatu, eta etxera buelta goizaldean. Gogorra da erritmoa”. Baina bi jokalariek “pasioz” bizi dute softbola. “Eta, lagun artean, egurrean jarraituko dugu guk”.
Leave a Reply