Eider Goenaga Lizaso
Gunea aktibatu du berriro Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun Zuzendaritzak. Bi urtez geldirik egon ostean, emakume taldeen, mugimendu feministaren eta erakunde publikoaren arteko bilgune izateko xedez sorturiko plataforma abian jarriko dute berriro; nahiz eta, gobernu aldaketa tarteko, izaera ez den guztiz berdina izango: plataforma honetatik ateratzen diren ondorioek aholku izaera izango dute, eta ekarpen gisa hartuko ditu foru aldundiak bere politikak zehazteko garaian; jatorrian, nolabaiteko izaera juridikoa aitortzen zitzaion Guneari, partaide ziren emakume taldeei hainbat politika publikotan zuzenean eragiteko aukera emanez.
Miren Elgarresta Berdintasun zuzendariak “parte hartze eta interlokuziorako espazio” gisa definitu du Gunea. “Emakume taldeek eta banakoek — emakumeak noski— parte har dezakete, betiere berdintasuna helburu gisa jarrita”. Asteartean egingo dute lehen batzarra, eta abendura arte iraungo duen prozesua diseinatu du Berdintasun Zuzendaritzak. “Parte hartzerako organo bat izango da, baina hau esperientzia pilotu gisa ikusten dugu; beste lanen artean, tarte honetan ikusi nahi dugu ea zein den eredu eta egitura onena espazio honek iraun dezan eta ahalik eta eraginkorrena izan dadin”.
2015ean, foru hauteskundeen ostean, Gunearen gobernantza batzordea (zuzendaritza) desegin egin zen. “Legealdia hasi zen momentuan izan genuen lehen kontaktua Gunearen gobernantza batzordearekin, baina batzorde horretan bazeuden halako desadostasun batzuk, eta kide guztiek dimititu zuten, batek izan ezik”. Elgarrestaren arabera, 2014ko lehen proiektu hark ez zuen izan esperotako ibilbidea, ez zuen aukera izan egonkortasuna lortzeko, eta bi urtez geldirik eta etenda egon da haren jarduera.
Ez, ordea, foru aldundiko ordezkariek emakume taldeekin izandako harremana. “Batzarrak egin ditugu, bilerak… Harremanak ez du etenik izan. 40 bat elkarte aritu dira gurekin harremanetan, eta haiek bat datoz Gunea berriro aktibatu behar dela. Gure asmoa da proiektuari beste bultzada bat ematea, funtzionamendurako eredu egoki bat bilatzea, betiere legealdi hasieran zehaztutako gobernantza eredu berriaren filosofiari jarraituz”.
Emakume taldeen, mugimendu feministaren eta banakako emakumeen bilgune izango da, beraz, Gunea; baina baita lurraldeko elkarte horiek guztiek foru aldundiarekin harreman zuzena izango duten espazioa ere. Eta abendua bitarteko lehen fase honetan, helburu bikoitza jarri dio Elgarrestak plataformari. “Lehen egitekoa izango da guztion artean funtzionamendu eredu bat zehaztea, lanketa bat egitea lan esparru hau ahalik eta eraginkorrena izan dadin”.
Bestalde, astearteko batzarraren ondotik, bi lan ildo izango dituzte mahai gainean, adituen ahotsak entzun, iritziak partekatu, lanketa egin eta abendurako ondorio zehatzak ateratzeko. “Lan ildo bat emakumeen kontrako indarkeriaren gaia izango da. Izan ere, agerikoa da gure gizartean ezberdintasunak daudela, eta horren adierazpenik anker, krudel eta lazgarriena emakumeen kontrako indarkeria da”. Bigarren lan ildoa astearteko batzarretik aterako da, eta hori da Gunean arituko diren emakumeen arteko elkarlanaren lehen emaitza. “Parte hartze prozesuetan aditua den aholkularitza tekniko batek gidatuko du saioa, metodologia zehatz bat erabilita, eta hortik aterako da bigarren lan ildoa”.
Elgarrestaren hitzetan, biltzen diren emakumeek lan ildo batean edo bestean izena ematea da xedea. “Gero, lan ildo bakoitzak bere bidea egingo du; bide paraleloak izango dira, baina bakoitzak bere lanketa egingo du. Beste bi lan saio presentzial izango ditu ildo bakoitzak, eta gure asmoa da abenduan-edo laugarren batzar bateratua egitea eta bertan ondorioak aurkeztea, bai ildo batean, bai bestean, eta bai funtzionamenduari dagokionez”.
Parte hartuko duten emakumeei dagokienez, bi profil daudela uste du Berdintasun zuzendariak. “Batetik, emakume elkarteetako kideak daude; bestetik, bere horretan mugimendu feministari loturikoak. Lan ildo eta funtzionamendu ezberdinak dituzte, elkarte mota ezberdinak dira, eta lehen erronka izango da ea nola lortzen dugun denen artean lan ildo bat hitzartzea”. Bestalde, banakako emakumeek parte hartzeko ahalegin berezia egiten ari da Berdintasun Zuzendaritza, eta, horretarako, bilera presentzialak ez ezik, e-Gunea izeneko on line plataforma jarri dute abian, emakume gehiagok parte har dezan.
Emakume taldeen ekarpena
Katia Reimberg izango da astearteko batzarrean parte hartuko dutenetako bat. Bidez Bide elkarteko ordezkaria da, eta Gunearen aurreko aldian gobernantza batzordeko presidentea izan zen. Plataforma aktibatzeko beharra argi ikusten du. “Gunea mugimendu feministaren aldarrikapenetik sortu zen; foru aldundiarekin interlokuzio zuzenerako bide bat nahi genuen, beste berdintasun batzorde edo parte hartze organoetatik ezberdina izango zena; izaera juridiko ezberdina izatea nahi genuen, erabaki publikoetan, aldundiaren jardueretan, aurrekontuetan… eragiteko ahalmena izatea”.
Orain, izaera hori galdu egin duelakoan dago Reimberg, baina oraindik ere baliogarria dela dio. “Agian ez da guk nahi genukeen gisako organoa, baina halako espazioak onak dira, aukera bat dira, eta guk egin behar dugu lan, barrutik, hori aldatzeko eta egitura horri guk eskatzen dizkiogun ezaugarriak emateko”. Reimbergek uste du ezinbestekoa dela emakume taldeak elkartzen jarraitzea. Sinergiak partekatzeko espazio bat izango dela uste du, batak bestearengandik ikasteko gune bat, lanen bikoizketa saihesteko balio dezakeena. “Gune komun bat da, eta hori berez da interesgarria. Batasunak indarra ematen du, eta, horrela, elkar hartuta, aukera gehiago izango dugu eragiteko, negoziatzeko eta proposatzeko”.
Bidez Bide elkarteak ikasketak homologatzen laguntzen die atzerritik etorritako emakumeei. “Emakume askok, jaioterrian ikasketak dituzten arren, besteen etxeak garbitzen eta adinekoak zaintzen besterik ezin dute lan egin. Guk emakume horiei beste aukera bat emateko egiten dugu lan; ikasketak homologatzera animatu, orientazioa eskaini eta pauso hori ematen laguntzen diegu”. Horregatik, Gunearen bigarren lan ildoa zaintzaren eta kontziliazioaren bidetik joatea gustatuko litzaioke Reimbergi. “Denok ados gaude indarkeria matxistaren lan ildoarekin; baina zaintzaren esparruan urraketek ez dute etenik, eta hori ere bada indarkeria mota bat. Gure proposamena hortik joango da”.
Lan munduarekin, ekonomiarekin eta emakumeentzako aukera berdintasunarekin lotuta egongo da, bestalde, Aspegi Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartearen proposamena. Aspegiko kide da Adriana Azurmendi, eta hark ere aurreko alditik ezagutzen du Gunea. “Bileretan-eta izan ginen, baina ez ginen aritu batzorde edo lantalde zehatz batean lanean. Sortu ziren batzordeak ez zetozen oso bat gurekin; oso gai zehatzak ziren, gure esparrutik kanpokoak, eta ez genuen gure lekua oso argi ikusi”, argitu du Azurmendik.
Berdintasun ekonomikoa
Gunea berriz aktibatzeko prozesuan ere izan dira Aspegiko kideak, eta Azurmendi itxaropentsu dago ekarriko duenarekin. “Indarkeriaren lan ildoan guk pixka bat kanpoan ikusten dugu geure burua, baina nik uste dut bigarren lan ildoak izan dezakeela harreman handiagoa gurekin: berdintasuna lan munduan, berdintasun ekonomikoa, aukera berdintasuna, kontziliazioa… Gaia hortik badoa, gu hor egongo gara”.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean, Azurmendik ezinbesteko ikusten du lan munduan eragitea. “Izan ere, arazo asko arlo ekonomikoko berdintasunik ezaren ondorio dira. Sekulako menpekotasuna eragiten du, eta bakarrik eta baliabide gabe gelditzearen beldurra sortzen dio emakumeari”. Lan mundua aldatuko balitz, gizartea aldatzeko urrats handia egingo litzatekeela uste du Aspegiko kideak. “Eta gizartea aldatuko bagenu, emakumeak ekonomikoki aukera berdintasuna lortuko balu, beste arazo asko eta asko konpontzeko pauso handia emango litzateke. Izan ere, genero indarkeriak emakumeen %1i eragiten dio, eta gai inportantea da, noski; baina aukera berdintasunik ezak, lan munduko ezberdintasunak emakume guztiak ukitzen gaitu”.
Asmube Beasaingo emakume elkarteko presidente Mari Paz Sanchezek ere badu kezka gai horren inguruan. “Guk, elkarte gisa, ez dugu gai jakin bat proposatuko; 300 kide baino gehiago gara, eta bakoitzak bere interes eta kezkak ditu. Nik, ordea, kezka dut lan munduarekin. Nire enpresan berdin kobratzen genuen, gizon edo emakume izan; baina, gero, egunerokoan argi sentitzen genuen ez ginela berdin baloratuak, lan gehiago egin behar genuela kontuan hartuak izateko eta gizonei berez aitortzen zitzaien balioa guri aitortzeko. Beraz, niretzat, lantzeko moduko gaia da”.
Gunean lan egiteko gogoz dago Sanchez. “Oso ekinbide interesgarria iruditzen zait. Besteak beste, emakumeoi eta taldeoi aukera emango digulako elkar ezagutzeko, elkarlanerako eta elkarrengandik ikasteko. Bestalde, foru aldundiarekin harreman zuzena izango dugu, eta, elkartuta, indar gehiago izango dugu edozer gauza proposatu edo eskatzeko”.
Leave a Reply