[Museora] Ogiaren Txokoa. Ogiari bere tokia

[Museora] Ogiaren Txokoa. Ogiari bere tokia

Eider Goenaga Lizaso

Ogiak berebiziko garrantzia dauka elikaduran. Etxean egiten zuten ogia garai batean; baina, orain, okindegira joan eta hamaika ogi dauzka aukeran kontsumitzaileak, eta askok ogia nondik datorren eta nola egiten den pentsatu ere egin gabe erosi eta jaten dute. “Baina zer da ogia? Ogia irina, ura eta legamia besterik ez da, eta guk, Ogiaren Txokoan, ogiaren garrantziaz, kalitatezko ogiaren ezaugarriez eta ogia egiteko prozesuaz ematen dizkiogu azalpenak bisitariari”, esan dio Hitza-ri Olatz Condek, Lenbur fundazioko kideak (Legazpi, 1974).

Legazpiko Brinkola auzoan dago Ogiaren Txokoa, Igaralde Goena baserrian. Kalean saltzeko ogia egiten du han Tibur Agirrek, baina bisitariei harrera ere egiten die, ogia egiteko prozesuari buruzko jakingarri guztiak azaldu baino lehen. “Baserriko ukuilua zena museo txiki bat atontzeko baliatu genuen, eta museoa bera eta baserria bisita daitezke bertan; baita Igaralde Bekoa baserrian dagoen errota ere”, gehitu du Condek.

Lenbur fundazioak inguruko hainbat baserrirekin duen elkarlanaren emaitza da Ogiaren Txokoa. “Mirandaolarekin eta Burdin Harana proiektuarekin hasi ginenean, ohartu ginen inguruan genituen baserriek aukera ematen zutela garai bateko bizimodua ezagutu eta azaltzeko; gainera, burdinola eta baserri mundua oso lotuta egon dira beti: elkar osatzen zuten. Hala, hainbat baserrirekin elkarlana abiatu genuen; besteak beste, Igaralde Goikoarekin eta Igaralde Bekoarekin”.

Elkarren ondoan, bidearen alde banatan daude bi baserriak, eta biak bisita berean uztartzen dituzte. “Igaralde Bekoan duela 500 urteko errota ikus daiteke, martxan. Berrituta eta txukunduta dago, bisitak egin ahal izateko. Asteburuetan, Pepe Segade etortzen da, bisitariei harrera egin eta azalpenak ematera”. Segade ez da baserrian bizi: kalera joan ziren bizitzera Maria Luisa Inurritegi eta biak. Baina Inurritegiren aita bizi zen artean, errotak lanean jarraitu zuen. “Errotan oso argi ikusten da nola Urola ibaiaren ura ubidetik etortzen den, ura nola biltzen den eta nola ur horren indarrarekin errota mugitzen den. Burdinolan ere ikusten da, baina hemen, askoz ere hobeto”.

Igaralde Goena baserrian, museo gisa atondutako gunea bisitatzeko aukera egoteaz gain, Tibur Agirrek ogia nola egiten den azaltzen die bisitariei, garia lantzen denetik ogia labetik atera arte. Eta bisitak umeekin direnean, ogia egiteko aukera ere eskaintzen die, etxera haiek egindako opiltxo bat eramateko aukerarekin.

Trenez

Lenbur fundazioko kideak Ogiaren Txokora joateko trena erabiltzea gomendatzen du. “Autoz ere etor daiteke, baina Brinkolako geltokia oso-oso gertu dago, eta, batez ere umeekin datozenentzat, polita da trenez iristeko aukera hori baliatzea”. Ogiaren Txokoa bisitatu ostean, oinez Mirandaolara jaitsi, hura bisitatu eta, gero, trena Legazpin hartzea ere proposatu du Condek. “Hala, egun erdiko edo egun osoko plana osatu liteke, ibilaldi eta guzti”.

Helduekin zein umeekin, Ogiaren Txokoaren bisitak modu ezberdinean egiten dituztela azaldu du Condek. “Bisita gidatuak egiten ditugu kasu bietan. Helduek Tiburrekin egiten dute bisita, eta hark ematen dizkie azalpenak, datu gehiagorekin, azalpen luzeagoekin eta datu teknikoekin”. Umeekin, berriz, Errotari Egunak egiten dituzte. Beste mota bateko bisitak dira, eta azalpen eta edukiak umeentzako egokitzen dituzte. “Oso plan ona da familian egiteko”.

Bisitak ordubete pasatxo irauten du. Igaralde Goenan ogiaren masa nola egiten den azaltzen die Agirrek, eta, masa zati bat emanda, bakoitzak bere opiltxoari forma ematen dio, labera sartu aurretik. “Ogia egiten den bitartean, bisitak jarraitu egiten du. Baserrian dagoen museoa bisitatu, eta han ipuin kontalariarekin lantzen dute gaia umeek. Besteak beste, jentilei garia lapurtu zien Martin Txikiren ipuina kontatzen diegu, eta kalitatezko ogia jatearen garrantzia azaltzen diegu”. Gero, Igaralde Bekoan errota martxan ikusten dute, garia jotzen eta ehotzen ikusten dute; baita han dauden animaliei jaten eman ere. “Hori amaitzean, labetik ogia atera, eta bakoitzak etxera eramaten du bere opiltxoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.