E. Goenaga Lizaso
Ume batek gehiegizko pisua badu edo gizena badago, ondorio fisikoak ez ezik, ondorio psikologikoak izan ditzakeela ohartarazi du Susana Gonzalez Gipuzkoako Poliklinikako psikologoak (Donostia, 1978), eta horiek ere oso kontuan hartu beharrekoak direla. Inguruak —lagunak, eskolako kideak…— eragina du umeak bere buruaz izango duen iritzian eta autoestimuan, baina gehien eragiten duen esparrua familia dela dio, eta ohitura aldaketak familia osoak egin behar dituela.
Umeengan obesitatea eta gehiegizko pisua gero eta osasun arazo handiagoa dela ari dira nabarmentzen etengabe. Gutxi hitz egiten da, baina, halako arazoren batek dakartzan ondorio psikologikoez.
Egia da umeen gehiegizko pisuaz ari garenean batez ere faktore eta ondorio fisikoez hitz egiten dela. Baina arazoak badu alderdi psikologiko bat, eta ondorioek eragin handia izan dezakete ume edo nerabe baten garapen psikologikoan eta egokitzapen sozialean, eta, orokorrean, sufrimendu dosi handia eragiten diote umeari.
Zergatik gertatzen da hori?
Obesitate arazoak dituzten umeek taldean onartuak izateko oztopoak dituzte, sozialki baztertuak izan daitezke —kirola egiteko ez dituzte kontuan hartzen, besteen aurrean barregarri uzten dituzte, bere kontrako hizkera eta jarrera oldarkorrak erabiltzen dira…—. Zenbait kasutan, nahasmendu emozionala —antsietatea, depresioa…— eragin dezaketen egoerak dira; beste zenbait kasutan, berriz, gizartean ezin egokitu sentitzen direnez, bakartzea eta jarduerarik eza dira ondorioak.
Eta, askotan, emozio eta sentimendu ezkor horiek, bakartzeak eta jarduerarik ezak, gehiago jatera eramaten ditu, hobeto sentitzen direlakoan. Halakoetan, gainera, leporatzen zaie beraiek direla egoeraren errudun, ez dutela arazoa konpontzeko interesik. Ume eta nerabeak galduta senti daitezke, ez dute irtenbidea ikusten.
Nola jokatu behar du familiak?
Familiaren egitekoa da gertaera horiei guztiei merezi duten garrantzia ematea; arazo bat dagoela ohartu behar dute gurasoek, ez dela berez igaro edo konponduko den arazo bat. Behin horretaz ohartuta, mediku espezialista batek aztertu beharko luke kasua, eta tratamendu egoki eta pertsonalizatua jarri beharko lioke. Eta, noski, umearen ohiturekin batera, familia osoaren elikadura ohiturak, janariarekiko jarrerak eta jarduera fisikorako joera berrikusi behar dira.
Azkenik, aldaketa emozionalak —umeak edo nerabeak tristeago edo urduriago daudela, adibidez— edo portaera aldaketa nabarmenak antzematen badira, eta gehiegizko pisuarekin edo gizentasuna gainditzeko tratamenduarekin lotuta daudela uste bada, komeni da psikologoak aztertzea.
Nola lagundu ume horri autoestimua gal ez dezan?
Garrantzitsua da umeei jakinaraztea zenbat maite ditugun, bere pisuak ez duela inporta. Ume batek bere buruaz sentitzen duena, maiz, gurasoek hari buruz sentitzen dutenaren isla da; gurasoek umea ikusten duten bezala ikusiko du berak bere burua. Umeak onartua sentitu behar du; ondo egiten duena indartzen ahalegindu behar dute gurasoek —adibidez, eskolan ondo dabilela, lagunek asko maite dutela, musikarako duen gaitasuna…—. Umeari babesa, onarpena eta adorea eman behar zaizkio, eta horrela berak ikasiko du bere burua maitatzen eta onartzen.
Nola eutsi behar zaio gaiari umeak txikiak direnean? Demagun, 5 urteko ume bati dieta zehatz bat jartzen diotenean, nola azaldu behar zaio egoera?
Lehenik eta behin, umeak babesa sentitu behar du. Ez du sentitu behar ezberdina denik, edo bere pisuagatik jarduera ezberdinak egin behar dituztenik. Justu kontrakoa; elikadura ohiturak aldatu behar baditu, edo jarduera fisikoa gehiago egin, komenigarria da aldaketak pixkanaka egitea eta, noski, familiako gainerako kideak ere inplikatzea. Alegia, familian ikasi eta garatu behar dira bai elikadurari eta bai jarduera fisikoari dagozkion ohitura aldaketak. Erabat saihestu behar da umea alde batera uztea “dieta egiten ari delako”.
Jarduera fisikoari dagokionez, sekula ez da inposizio edo obligazio gisa planteatu behar. Jarduera horrek dibertigarria izan behar du, familia osoak parte hartzen duen momentu bat, horrek umearen motibazioa handituko baitu.
Eta nerabeen kasuan?
Nerabe batek askoz ere gaitasun handiagoa du gehiegizko pisua izatearen arrazoiak eta ondorioak ulertzeko, baina posible da erantzukizuna hartzeko gai ez izatea. Galdetzen badiogu, “zer uste duzu gertatuko zaizula pisua hartzen jarraitzen baduzu?”, ezin dugu espero berak erantzutea “bueno, hipertentsioa izan dezaket, edo diabetesa, eta, ez dudanez halakorik nahi, dieta egingo dut”. Alabaina, posible da sentitzen duena kontatzea eta argi esatea eskolako lagunek ez dutela berdin tratatzen, gogaitu egiten dutela, edota gorputz heziketan gainerako kideen erritmoa jarraitzeko zailtasunak dituela.
Garrantzitsua da bere kezkak ezagutu eta horiek aprobetxatzea gaztea motibatzeko. Arazoaz duen ikusmoldea aldatzen ahalegindu behar dugu, betiere kontuan hartuz bere kideekin duen harremanak zenbateko garrantzia duen nerabeentzat, eta ulertuz gehiegizko pisuak zenbateko sufrimendua eragiten dien.
Nerabeekiko komunikazioa ez da beti erraza, ordea.
Nerabeek independente itxura eman arren, familia beti da euskarri inportantea; beraz, txikiekin bezala, ohitura aldaketak familiako kide guztiei eragitea komeni da. Bestalde, ez da etengabe aholkuak ematen jardun behar, edo gaztea ariketa fisikoa egitera edo osasuntsu jatera behartu behar —”itzali telebista, eta joan kirola egitera!” edo “patatak jaten jarraitzen baduzu, ez zara argalduko”—. Horrela jardunez gero, gazteak entzuteari utzi eta ihes egingo du. Hobe da iradokitzea: “joango gara paseotxo bat egitera?” edo “lagunduko didazu bizikletan ibiltzera?”. Gazteari espazioa utzi behar zaio, erabakiak berak har ditzan.
Pisuaren kontura gehiegizko kezka transmititzea ere ez da ona izango, ezta? Elikaduraren nahasmenduak ere hor daude (anorexia, bulimia…).
Honetan ere familia da umeen ispilua. Gurasoek eredu izan behar dute, seme-alabek gurasoen ispiluari begiratzen baitiote. Etxean ikusten dutena da normala beraientzat; ume bati ezin diozu esan “egin ezazu esaten dizudana eta ez nik egiten dudana”. Beraz, gurasoek elikadura ohitura osasuntsuak izatea garrantzitsua den bezala, garrantzitsua da pisuarekin harreman osasuntsua izatea ere. Alegia, aitarentzat edo amarentzat bere pisua arazoa baldin bada, eta eguneroko bizitzan hala azaleratzen badu, bai arropa erostean, bai mahaian esertzen denean, bai baskulara igotzen denean, umeek jokabide horiek ikusiko dituzte, eta beraientzat ere pisua “kezka iturri” izango da, eta arazo bihur liteke.
Leave a Reply