“Proiektu txiki gisa hasi ginen, eta asko hazi gara edukiz eta izenez”

“Proiektu txiki gisa hasi ginen, eta asko hazi gara edukiz eta izenez”

Ane Olaizola

Zarauzko Rockumentalak musika eta dokumental zikloaren sortzaile eta antolatzaileetako bat da Iñigo Artetxe (Azpeitia, 1974). Gaur hasiko da zikloa, eta bosna dokumental emanaldi eta kontzertu egingo dituzte Modelo aretoan. 22:00etan hasiko dira saio guztiak, azkena izan ezik. Saioaren iraupena dela eta, 19:00etan hasiko da azkena. Hamalau euroan eros daitezke Toy eta Vulken kontzerturako sarrerak, www.entradium.com webgunean eta Sanz Enea Kultur Etxean. Sei eurokoa da gainontzeko saioetarako prezioa, eta 25 euroan eros daitezke bonuak, rockumentalak@gmail.com helbidera mezu bat idatzita.

Nolako egitaraua prestatu duzue hamargarren urteurrenerako?

Martxoaren 25ean, jaialdi bat egin genuen urteurrena ospatzeko, The Sadies eta Sonic Trash taldeekin eta Diego R. J. disko jartzailearekin. Izugarrizko giroa sortu zuten, eta nahiko genuke orain datorrena ere hura bezain biribila izatea. Hilabeteko zikloa izango da, eta egitura klasikoari eutsiko diogu. Dokumental emanaldien lau ekitaldi izango dira; aurretik, musikan espezializatutako pertsona batek aurkezpena egingo du, eta kontzertua izango da gero. Zikloko kontzertu nagusia, berriz, Toy taldeak emango du. 1980ko urteetako Erresuma Batuko pop eta afterpunk mugimenduaren eragin zuzena du, eta, genero horretan, mundu mailako talderik esanguratsuenetakoa da. Ziur gaude jende asko etorriko dela. Vulk ariko da aurretik.

Nola lotzen dituzue dokumentalak ondorengo kontzertuekin?

Dokumentalek eta jarraian izaten diren zuzenekoek lotura bat izan dezaten saiatzen gara, estilo aldetik, batez ere. Ordea, beti ez da erraza izaten. Dokumentalei dagokienez, taldean aukeratzen ditugu. Ikusi egiten ditugu, eta, ondoren, adostu. Borrokan ibiltzen gara batzuetan, gustu desberdinak dauzkagulako. Baina polita izaten da prozesua.

Zein irizpide izaten dituzue dokumentalak aukeratzean?

Musikaren historian garrantzia eduki duen eduki, mugimendu edo talde baten ingurukoak izaten dira, betiere gure helburuak betetzen lagunduko digutenak.

Argazki erakusketa bat ere prestatu duzue Modelo aretoan.

Aurreko urteetako eta martxoan egin genuen jaialdiko argazkiak ikus daitezke han. Hamar urte hauetako ibilbidea erakutsi nahi izan dugu. Aurretik ere jarri izan ditugu erakusketak; izan ere, gure helburua da arte diziplina txikiak goraipatzea. Hau da, argazkilaritza eta dokumentalak Rockumentalak jaialdian integratzen saiatu izan gara.

Hamargarrena izanda, berezia izango al da aurtengoa?

Bai, guretzat oso berezia da. Bi lagun hasi ginen dokumental emanaldiak antolatzen, eta publikoaren erantzuna oso esponentziala izan zela ikusi genuen. Proiektu txiki gisa hasi ginen, eta asko hazi gara izenez eta edukiz.

Nondik nora hasi zineten antolatzen?

Bi lankide elkartu ginen, biok ere oso musika zaleak. Martin Scorseseren The Last Waltz dokumentalari buruz hizketan aritu ginen kafe giroan. The Band taldearen agurreko kontzertuaren inguruko lana da, eta historian egin den dokumental onenen artean dago. Dokumentalari genion miresmena zela eta, Modelon ematea otu zitzaigun. Ideia horri bueltaka, ziklo bat egitea pentsatu genuen. Horrez gain, ikusten genuen musika kultura degradatuta zegoela kalean, hedabideetan, tabernetan… Musika erabat estandarizatu da egun. Garai batean, taberna bakoitzak bazuen nortasun bat, eta telebistan ere edozein musika estilok lekua zuen programak bazeuden. Gure xumetasunean, musika kultura hori berreskuratu nahi genuen.

Zein da Rockumentalak zikloaren berezitasuna?

Inedit eta Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdiekin batera, jardunaldirik garrantzitsuenetakoa da gurea. Egongo dira gehiago ere, baina garai hartan gu hasi ginen mundu hori jorratzen.

Publiko fidela al daukazue?

Bai. Hasieran, asko kostatzen zitzaigun ekitaldi batzuetara jendea erakartzea. Egun, aretoak ez ditugu beti betetzen, baina ehun lagunetik gora elkartzen gara. Edukiaren eta programazioaren araberakoa izan da publikoaren erantzuna, baina badago programazioa jakin gabe ziklora itsu-itsuan etortzen den jendea ere.

Atzera begiratuta, uste al zenuten honaino iritsiko zinetela?

Inola ere ez. Oso txiki sentitzen ginen, eta besterik gabe hasi ginen. Argi genuen publikoaren erantzunik ez bazegoen ez genuela aurrera egingo, baina publikoak gehiago nahi du. Kontua da bost lagun garela antolatzaileak, eta lan asko eskatzen duela. Nekea pilatzen da halakoetan, eta ikusi egin behar dugu, kalitatea mantentzeko hau guztia nola antola dezakegun.

Leave a Reply

Your email address will not be published.