Dena ez baita futbola

Dena ez baita futbola

Unai Zubeldia

Belar hockeya, beste hainbat kirol —herri kirolei indarra emanda— eta nutrizioa. Hiru osagai horiek zaku berean sartu, ondo nahastu, eta ekainaren 26tik uztailaren 7ra Donostiako Ekintza ikastolaren instalazioetan egingo duten campusa da emaitza. Sportmadness enpresaren eskutik, 9 eta 14 urte arteko neska-mutikoek “aukera paregabea” izango dute hainbat kirol jarduerarekin eta elikadura kontuekin gozatzeko.

“Ainhoa eta Nereba Belzunegi izango dira campuseko entrenatzaileak”. Hala jakinarazi du Aratz Irigarai Sportmadness enpresako Gipuzkoako zuzendari komertzialak (Andoain, 1993). Realaren ohorezko mailako belar hockey taldeko jokalariak dira Belzunegi ahizpak —Ainhoak ez du jarraituko hurrengo denboraldian—. “Eta, horiekin batera, beste hainbat begirale ere egongo dira campusean”. Euria egingo balu, instalazio estaliak eskura izango lituzkete. Haurrek, berriz, kirola egiteko ohiko arropa soilik beharko dute campusean parte hartzeko.

Oinarria belar hockeya izango da, “kirol minorizatua” Irigarairen hitzetan —zelai bakarra dago Gipuzkoan, Donostian, Aieten—; baina antolatzaileek “indar berezia” eman nahi diete herri kirolei ere. “Gureak diren kirol horiek sustatzeko, eta bertako kultura gertuagotik ezagutzeko”. Euskaraz egingo dute campusa. “Baina metodo inklusiboekin, inori aterik itxi gabe”.

Berritasun nabarmen bat edukiko du campusak, “elikadura kontuak ere” landuko dituztelako: “Ekintza dinamiko batzuk egingo ditugu campusean, Leire Plazaola nutrizionistaren eskutik, haurrek osasuntsu jatea dibertigarria izan daitekeela ikas dezaten”. Neska-mutikoek eurek kudeatuko dituzte hamaiketakoak, “une bakoitzean eskura dauzkaten osagaiekin”. Horrez gain, gurasoentzat ere errezetak prestatuko ditu Plazaolak. “Txikienek fruituak eta barazkiak errazago jaten ikas dezaten”.

Astebeteko edo bi asteko eskaintza aukeran izango dute izena eman nahi duten guztiek; 09:00etatik 13:30era izango dira kirol jarduerak. 75 euro ordaindu beharko dira astebeteko campusean parte hartzeko, eta 135 euro bi astekoan izena emateko. www.sport-madness.es/hockey-kanpusa/ webgunean eskura daude argibide guztiak. BERRIA da campusaren babesleetako bat.

Sortu berria da Sportmadness enpresaren Gipuzkoako saila. “Madrilgo frankizia bat hartu dugu guk. Hango gazte batzuk hasi ziren euren metodologiarekin horrelako proiektuak gauzatzen”. Eta, horri segika, Gipuzkoan bidea egiten hasi dira Sportmadnesseko kideak. “Eskola kirolaren bidez, metodologia hau eskoletan txertatzen saiatzen ari gara”. Eta Irigarairen esanetan, gorputz hezkuntzako irakasleekin “aholkularitza lan batzuk” egitea ere izan daiteke beste aukeretako bat. Hamabost kirol jarduerako “metodologia teknikoa” dauka oinarrian proiektuak, adin tarte bakoitzari egokitutakoa. “6-7 urterekin, adibidez, koordinazioa landu behar izaten da gehiago, eta, ondorioz, jarduerak ez dira izaten 13-14 urteko haurrek egingo lituzketen berdinak”. Heziketaren oinarrian “dibertsioa” jartzea da gakoa. “Haurrak ondo pasatu behar duelako kirola egitean”.

Teknologia berriei atea irekita, aplikazio bat ere badaukate eskura gurasoak entrenatzaileekin eta arduradunekin harremanetan jartzeko. “Gaur egun Whatsapp bidez egiten dena modu profesionalagoan egitea da helburua”. Duela hilabete inguru hasi ziren lanean. “Eta campus hau da gure lehenengo proiektuetako bat”. Hitzetan nabari zaien moduan, “ilusioz gainezka” daude Irigarai eta Beñat Lopetegi (Lezo, 1993), enpresako bi kideak.

Lanpostuak utzita, apustua

“Enpresaritza ikasketak dauzkagu eginda biok, baina kirolarekin oso lotuta egon izan gara betidanik”. Euren enpresetan zeuzkaten lanpostuak utzi, eta apustua egin dute Irigaraik eta Lopetegik. Lehen pausoak ematen ari dira, eta campusean 30 laguneko taldea osatzeko itxaropena daukate. Irigaraik nabarmendu duenez, kirol maila guztietako haurrak animatu nahi dituzte. “Belar hockeya ezagutzen dutenak, inoiz egin ez dutenak… Ateak irekita daude guztientzat”.

Eskola kirola eta haurrak uztartu nahi dituzte Sportmadnessen. “Baina beste hainbat enpresarentzat aholkularitza lanak ere egiten ditugu, udaletxeekin eta hainbat kirol klubekin ere aritzen gara elkarlanean, nutrizioaren alorra ere lantzen dugu…”. “Kirola sustatzea” da helburua. “Baina kalitateari eutsita”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.