Miriam Luki
Mundu osoan, ekaineko bigarren larunbatean ospatzen da Kalean Ehuntzeko Nazioarteko Eguna. Hamaika nazioarteko egunen bueltan, ez da ezagunena ehuleak nahiz jostunak kalera irteten direna, baina aurten oihartzun handia izango du Goierri aldean. Hain zuzen, Urretxun eta Zumarragan, bihar lehen aldiz ospatuko dute egun hori.
2005ean Danielle Landes ehulearen ekimenez sortutako eguna da biharkoa. Bi helburu izan zituen: batetik, jostea nahiz ehuntzea bakarkako lana izanda, komunitatean egin daitekeela erakustea; eta, bestetik, agerian uztea hala bata nola bestea ez direla amonen jarduerak. Urretxu eta Zumarragako antolatzaileek bat egin dute bi helburu horiekin. Nerea Mendizabal Julita mertzeriaren ugazabak hartu ditu bere esku antolaketa lanak, Zarraparra Urretxu eta Zumarragako zuzeneko musikaren aldeko kolektiboarekin batera.
Josi, ehundu, kakorratz lanak egin, trikotatu… Eskuekin eta hariekin sortzea da kontua, finean. Bihar, Urretxu eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazaraino irekiko dituzte tailerren eta etxeetako egongelen ateak. Jostunek nahiz ehuleek kalera ateratzeko aukera izango dute, elkarrekin josteko. Maider Sudupe izan da ekintzaren beste sustatzaileetako bat. “Eskulangintza honi ikusgarritasuna ematea da gure helburua. Herriotan, ikastaro eta abarren bidez eman izan zaio jada talde dimentsioa berez bakarkakoa den lanbide honi, eta gizarteratu egin nahi dugu orain”.
Biharko Josiz Egunera iritsi aurretik, dena dela, herriak girotu egin dituzte. Nola? Hari lanekin apainduta. Aurreko astelehenean hasi ziren Zumarragako Sekundino Esnaola kalean egiten ari diren lanak direla-eta jarri dituzten hesiak apaintzen. Apaintze lanetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, eta alanbre hesiak kolorez bete dituzte guztien artean.
Hariak eta kantuak
Bihar, tea eta kafea banatuko dituzte aukeran, eta baita gozoak ere. Horrez gain, soinuak eta ehunak elkarrekin lotuko dituzte. Hain zuzen, Zarraparra kolektiboaren laguntzarekin, Las D’Capricho bikote kubatarrak zuzenean kantatuko du jostunek eta ehuleek hariak gurutzatzen dituzten bitartean. “Ekintza berezi eta lasaia sortu nahi dugu, josteko jarduna eta zuzeneko musika uztartuz”, azaldu du Sudupek.
11:30ean ekingo diote Josiz Egunari, eta 14:30ean amaituko da egitaraua. Ekitaldian parte hartu nahi duen edonor batu daiteke ehuleengana, baina, Mendizabalek adierazi duenez, gonbidapen berezia bidali nahi diete gizonezkoei. “Eskulan mota hauek gizonezkoek ere egin ditzaketela erakutsi nahi dugu; are gehiago, emakumezkoek eta gizonezkoek elkarrekin egiteko jarduera aproposa izan daitekeela”.
Aurtengoa lehen Josiz Eguna da Goierri aldean, eta Gipuzkoan barrena beste hainbat ekintza antolatuko dituzte jostunek eta ehuleek. Ondo bidean, urte batzuen buruan Euskal Herrian ere ohikoa bihurtuko da nazioarteko egunaren harira ehuntzera kalera ateratzea, gero eta gehiago direlako, eta euren arteko hariak gero eta lotuago daudelako.
Leave a Reply