Danel Agirre
Duela bi urteko udal hauteskundeen kanpainan zakilpausiak modu ankerrenean erasan ninduen. Muntaiatzat hartu nuen irudi bat pasatu zidan Xabik Whatsappez: ni neu ageri nintzen, Gasteizko EAJren afixa batean. Photoshoparekin propaganda jeltzale faltsua sortzea baino egiteko hoberik ez ote zuen galdetu nion lagunari. Eta bidalitakoarekin arren tentuz ibiltzeko exijitu. Jendea sinesbera delako, eta irudia zabalduz gero hainbatek “ba, Hitza-ko zutabegile txoro hori azkenean Peneubekoa zen” pentsatuta ontzat eman zezaketelako. Xabik mezukoa ez nintzela ni erantzun zidan, ordea, bi malkotxo dituen algararen emotikonoaz lagunduta. Nire mozolo irribarre berbera —eta oro har nik baino nire antz handiagoa— zuen tipo hura Gorka Urtaran zen. Informazioak lur jota utzi ninduen. Zer zetorren oso ongi jakin gabe ere, heldutasuna deitzen dioten munstroa parez pare ikusi nuen lehenbizikoz. Izan ere, EAJko alkategai baten fotokopia perfektua nintzela jabetu ondoren, ezin nuen gazte plantak egiten jarraitu. EAJko alkategai baten fotokopia perfektua zarela jabetzea zakilpausia duzula ziurtatzen duen agiri ofizial baten modukoa delako, kosmosaren hariak mugitzen dituenaren zigilu eta guzti.
Nagusia nintzela onartu nahi ez, eta EAJko alkategaiaren mamua uxatzeko azken saiakera egon zen. Egun futbolari guztiek daramaten orrazkera imitatzeko eskatu nion ile-apaintzaileari: belarri parean kaskamotz eta goiko txima luzeagoak aldez alde SSen ofizialen moduan, zehatz orraztuta. Googlek eskainitako Urtaranen irudi guztiak aztertu, eta betaurreko berriak ere erosi nituen, berak erabili ohi dituenak baino askoz handiagoak. Ez zuen ezertarako balio izan, modernoa izateko Lacosteko poloa galtzen gainetik ateratzen zuen hura bezala sentitu nintzen. Aurpegia eta mozolo irribarrea ezin dira aldatu, eta oraindik ere harpa jotzen didate lagunek “Urtaran karapan!” deituta.
Udaberria zen Gasteizko alkate hautatu nindutenean. Gogoan dut data, nire zakilpausia atzera bueltarik gabekoa zela iragartzen zuen bigarren zorigaitza ere orduan jasan nuelako. Maiatza izanagatik, sua ari zuen zerutik. Azken tiraderatik prakamotzak berreskuratu, eta sasoian lehenbizikoz jantzi nituen. Ispilu aurretik pasatutakoan ikarak hartu ninduen. Gerritik gora Urtaran nintzen oraindik. Gerritik behera, nire aita. Zangoetako ilerik gehienak desagertuak ziren, abisatu gabe. Nire azalaren zurbila zela eta, bereziki nabarmentzen ziren pare bat dozena barize, handituak eta itsusiak. Inongo giharren arrastorik ezak are penagarriago bihurtzen zuen ispiluko panorama.
Prakamotzekin ikusten nuen bakoitzean, aitari bere hanka ezin zuriagoak algara batean seinalatzen nizkion lehen. 45 urte betetakoan galtza luzeak bakarrik jantziko nituela esaten nion, nire dekadentzia ez nuela edonoren begibistan lagako. Zangoen kaskartzea ia hamarkada bat aurreratu zait, ordea. Eta egunotan ere zerutik sua ari duenez, nahi baino gehiago erakusten ari naiz zainzuri parea. Hori guztia dela eta, mesede bat eskatu behar dizut. Nire zangoekin ez duzu gupidarik izan beharrik, baina ez iezadazu zuk ere Urtaran deitu, arren. Zakilpausia-ren beste sintoma guztiak nahikoa gogorrak badira, EAJko alkate baten fotokopia perfektua naizela etengabe gogoratu gabe ere.
Leave a Reply