Ariane Vierbücher
Berezko identitatea duen herria da Ordizia, eta, are gehiago, Jose Miguel Santamaria alkatearen hitzetan, ordiziarrek eurek “identitate bereziarekin” bizi duten herria ere bada. Goierrin dago, eta milurtekoaren hiru laurden beteko ditu datorren urtean. Ez da herri gaztea, baina tradizioa eta egunerokotasuna “ondo” uztartzen ikasi du, alkatearen ustez. Azoka da adibiderik esanguratsuena.
XV. mendearen bukaeran, 500 biztanle inguru zituen Ordiziak, eta XIX. mendearen bukaerara arte mantso baina etenik gabe joan zen haziz biztanleen kopurua. XX. mendean, 80ko urteetara arte, areagotu egin zen hazkundearen erritmoa, baina ordutik behera egin du poliki-poliki.
XI. eta XII. mendeetan San Bartolome ermitaren inguruan ospatzen hasi zenetik, makina bat istorio eta gertaera bizi izan ditu Ordiziako azokak. 1512koa izango da, ziurrenik, garrantzitsuenetakoa; urte hartan herri guztia suntsitu zen sute baten ondorioz, eta Juana I.a Gaztelako erreginak urtean zehar, asteazkenero, merkatu librea egiteko errege baimena eman zion Ordiziari; zergarik gabea, alegia. Gaur egunera arte eutsi diote azoka horri, alde zaharraren bihotzean; Plaza Nagusian bertan eta inguruetan.
Sutearen ondoren egoera arautu zenetik, gorabeherak gorabehera azokak aurrera egin zuen mendeetan, eta erabat egonkortu zen XVIII. mendean. “1860 inguruan, trenaren etorrerak bultzada handia eman zion azokari eta herriari berari”, azaldu du Santamariak. 1925ean, berriz, hainbat behar eta eskakizuni erantzunez, egun ikus daitekeen zutabe lodiz osaturiko estalkia gehitu zioten Plaza Nagusiari. Ordiziako alkateak gaineratu duenez, historian eta tradizioan oinarrituta, azoka “erreferentzia” bihurtu da “nekazaritza munduko produktuentzat”. Besteak beste, garaian garaiko baserriko fruitu eta barazkientzat, Idiazabalgo gaztarentzat nahiz arkumearentzat. Astez aste, elikagai horien guztien biltoki izaten da azoka.
Ordiziako feriak irmoki defendatu izan ditu beti bertako produktuak eta sasoian sasoikoak. Horregatik, urtaro bakoitzeko produktu jakin bat ardatz hartzen dute hilabete bakoitzean. Gune bat prestatuta daukate plazan, eta produktu horiek saltzen ari diren salmahaietako ordezkariak arduratzen dira kudeaketaz. Bestalde, hilabeteko azken asteazkenean, gonbidatutako produktu bat oinarri hartuta, gastronomia erakustaldia egiten dute.
Merkataritza gune gisa, azoka “aukera paregabea” izan da herriaren garapen ekonomikorako, eta, gaur egun, “beste pauso bat emanda”, azoka bera bihurtu dute “produktu”, bai gaztaren bidez eta bai turismoaren bidez. Goierrin bertan, Euskal Herrian zein atzerrian turistentzat “eskaintza deigarria” bihurtu da asteazkeneroko feria. “Gero eta bisitari gehiago izaten dugu herrian asteazkenetan”.
Asteroko hitzordu horrez gain, beste hainbat azoka berezi ere egiten dituzte herrian urtean zehar. Pazko asteko asteazkenean, esaterako, Artzain Eguna egiten dute, “Idiazabalgo gaztaren aurkezpen gisa”. Aurten, Luis Irizar sukaldariak moztu du gazta. Egun horretan, gainera, 2.000 ardik baino gehiagok zeharkatu zuten Ordizia transhumantzian, Aralar eta Aizkorriko larreetarako bidean. Aspaldiko ohituren erakusgarri izaten da herria egun horretan. Artzain egunaz gain, irailean, Euskal Jaien barneko azoka berezia ere egiten dute herrian, eta abenduan baita Gabonetako azoka ere.
Ospakizun urtea izango dute 2018a, sortu zenetik 750 urte beteko direlako. Urteurren horren harira, hainbat eremutan sor daitezkeen ekimenak edo kezkak bildu nahi ditu udalak. “Ospakizun urtea izanik, ekintza ugari antolatuko ditugu”, zehaztu du Santamariak. Urte hasieratik ari dira egitaraua prestatzen, herriko talde eragileekin batera. Hainbat arlotako bilerak egiten ari dira. “Eta zentzuzko ospakizuna egiten ahaleginduko gara”. Herritarrak mugitzea da erronka, eta alor guztietako ekintzen arteko oreka lortzea: kultura, historia eta ondarea, kirola, zientzia eta espiritualtasuna, teknologiak, ingurumena, ekonomia… Askotariko ekintzak antolatuko dituzte.
Parte hartzeko deia
Herriko sektore guztiak parte hartzen ari dira urteurren festaren antolaketan. “Bakoitza bere moduan eta ideiak banatuz”. Kirol, kultur eta gizarte eragileak ari dira, besteak beste, prestaketan. “Ordiziaren errealitatea ongi ezagutzen dute horiek guztiek”, zehaztu du Santamariak. “750. urteurrenerako hausnarketan, lehenik, eta ekimenetan, ondoren, parte hartzera gonbidatu nahi ditugu eragile eta herritar guztiak”.
Azken hilabeteotan biltzen ari diren eta urte bukaerara arte bilduko dituzten ekarpenak “abiapuntutzat” hartuta, “indarrak biltzen” saiatuko dira, “ideiak trukatuz eta parte hartzea bultzatuz”.
Leave a Reply