Eider Goenaga Lizaso
Nola aldatu diren gauzak… horixe azaltzen diete bisitariei, Legazpin, Aitona-Amonen Eskolan. Lenbur fundazioak Haztegi ikastolan egokitutako gela bat da Aitona-Amonen Eskola, eta 1950ean ikastetxe bateko gela izandakoa da. Baina ez da edozein ikastetxe. “Hemen irudikatzen duguna Patricio Etxeberriak 1942an sortutako eskola da, Buen Pastor ikastetxea, lantegia handitzen ari zela-eta bere enpresako langileen semeentzat sortutakoa. Soilik mutilentzat zen ikastetxea, eta lasalletarrek ematen zituzten eskolak”, azaldu du Birjinia Etxeberria Lenburreko kideak (Legazpi, 1971).
Eta hori da, Etxeberriaren esanetan, eskola bisitatzera joaten diren umeei azaltzen dien ezberdintasunetako bat, garai batean neskak eta mutilak eskola ezberdinetan ibiltzen zirela. “Baina ez hori bakarrik, eskolako edukiak ere ezberdinak zirela azaltzen diegu, mutilei lanbide bat erakusten zietela, lan munduan sartzea zelako helburua, eta neskei josten eta kozinatzen irakasten zietela, gero etxekoandre onak izateko”.
Eskolaren bisita kaperan hasten dute, eta bisitariei azaltzen diete nola ikastetxeko umeek egunero mezetara joan behar zuten, 08:30etik 09:00etara, eskolak hasi aurretik. “Doktrinak pisu handia zuen garai hartako eskoletan”. Gelara joaten dira gero. “Garai bateko eskola mahaiak eta materiala ditugu bertan. Mahaiak dira tapa altxatzen zaien horietakoak, eta zulotxo bat dute tintarekin eta lumarekin idatzi ahal izateko. Lumarekin idaztea zein zaila zen erakusten diegu”, azaldu du Etxeberriak. Umeek erabiltzen zituzten arbela txikiak ere erakusten dizkiete. “Garai batean papera oso garestia baitzen, eta ez zituzten gaur egungo blokak erabiltzen”. Orduko liburuak ere badituzte. “Besteak beste, Enciclopedia Alvarez daukagu, eta etortzen diren adineko guztiek ezagutzen dute, asko erabiltzen zuten seinale”.
Zigorrak
Bisitan, umeak frankismo garaian kokatzen dituzte, orduko askatasunik eza eta hezkuntza sistema azaltzen diete, eta baita euskaraz hitz egitea debekatua zegoela ere. Eta, besteak beste, euskaraz hitz egiten zuena nola zigortzen zuten azaltzen diete. “Zigor fisikoak zein psikikoak eman eta onartzen zirela azaltzen diegu, eta ume batzuk ateratzen ditugu arbelera, garai hartan bezala belauniko jarriz eta eskuetan liburu bana jarriz besoak luzatzera behartuz. Erregelarekin jotzen zituztela, apaizek eraztunarekin jotzen zietela buruan, esaldi bat ehun aldiz kopiatzera behartzen zituztela…”.
Umeek azalpenak “harrituta” entzuten dituztela dio Etxeberriak, eta bisitariak adinekoak direnean, berriz, gidariak kontatutakoa gainditzen dutela euren bizipenak oroitzen dituztenean. “Adinekoei asko gustatzen zaie bisita, eta anekdota asko kontatzen dizkigute. Batek esan zidan, adibidez, belauniko egotera zigortu zuten batean garbantzuak jarri zizkiotela belaunetan. Errealitatea guk kontatzen dugun baino gordinagoa zela ikusten dugu horrelako bisitetan”. Etxeberriaren arabera, adinekoak eta ikastetxeetako umeak dira Aitona-Amonen Eskolako bisitari gehienak.
Umeei, gainera, garai hartako jolasak erakusten dizkiete. “Tortoloxak, txapak, yo-yoa, kromoak… atera eta jolasten erakusten diegu”. Ikastetxeei eskaintzen dieten bisita, bestalde, familiei ere eskaintzen dietela azaldu du Etxeberriak, eta interes handia sortu duen bisita dela nabarmendu du.
Leave a Reply