Eider Goenaga Lizaso
Konfiantzaren Pedagogia deitzen diote batzuek, Pedagogia Aktiboa ere bai, Azpeitian Kimu izena jarri zioten… Izenak izen, Haur Hezkuntzaren eraldaketa pedagogikoa ari dira egiten 60 ikastolatan (Gipuzkoan 26 dira), eta, horretarako, Haur Hezkuntzarako Ikastolen Elkartearen Proiektua dute ardatz. Proiektuak marko bat zehazten du, eta ikastola bakoitzak, bere behar, kezka eta baliabideen arabera, proiektu propio bat landu behar du, eraldaketa gauzatzeko. “Guk garbi daukagu ikastola bakoitzak bere proiektua egin behar duela; elkarteak marko bat jarri du, eta denok norabide berean joan behar dugu, baina bakoitzak marraztu behar du bere bidea”, esan du Beñat Azurmendi Ikastolen Elkarteko Haur Hezkuntzako eta Prestakuntzako arduradunak.
Bidea duela hamar bat urte hasi zuten hiru ikastolak, tartean Arizmendi eta Azpeitiko ikastola. “Montagnerren eskola bat bisitatu zuten, Bordelen; hor jarriko nuke nik abiapuntua. Bakoitzak bere bidea egin zuen gero, hainbat iturritatik edanez; eta ikastola gehiago ere batu ziren bide horretara”. Ikastola aitzindari horiek, Ikastolen Elkartea eta Mondragon Unibertsitateko Hazitegi proiektuko ikerlariak duela lau urte hasi ziren ikastola guztientzako baliagarria izango zen markoa lantzen. Eta elkarlanean egin nahi dute etorkizuneko bidea, ikastolen arteko ezagutza sarea baliatuz, baten ezagutza bestearen mesedetan ipiniz: “Zazpi laguneko taldea osatu da orain, ikastola aitzindarietako kideekin; 8-9 ikastola hartu ditu bakoitzak, eta ekintza plana egiten lagunduko diete”.
Pedagogia berri honek umearen baitan, umearen garapenerako gaitasunean eta helduek garapen hori sustatzeko testuinguru egokia eskaintzean egiten du azpimarra. Honela dio Ikastolen Elkartearen proiektuak: “Garrantzitsua da haurra, txiki-txikitatik, hainbat gaitasun dituen pertsona dela ulertzea; ohartzea eta onartzea haur bakoitzak bere singularitatea duela; barneratzea haurra bera dela bere garapenaren protagonista, garapen testuinguru aberatsa eta segurua eskainiz gero, haurrak berak gaitasuna duela osasuntsuki garatzeko, norbera bere erritmoan, bere esperimentatzeko grinatik”.
Umea erdigunean
Pedagogia berriak HHren orain arteko ikuskera aldatzen duela dio Azurmendik, haurra ikusteko moduan baitago aldaketa. “Ez naiz ni, ez da heldua erdigunean dagoena, agintzen duena; kontua ez da umea moldatzea helduak nahi duen horretara, edo dagoen espazio horretara. Ez, alderantziz, ume hori hor dago, behar batzuk dauzka, garapen natural bat dauka, erritmo biologiko bat… Eta hori guztia jarri behar dugu erdigunean, eta gu, helduok, horren zerbitzura jarri behar dugu”.
Umeari testuinguru, espazio eta tresna egokiak eskainiz, garapena bere kasa egiten uztea da filosofia honen muina, eta Ikastolen Elkarteak hiru irizpide nagusi zehaztu ditu metodologia gisa: errespetua (haurraren izaera eta garapen erritmoa errespetatzea); konfiantza (umearen berezko garapen ahalmenean, prozesuak aurreratu gabe eta bere bizitzaren protagonista dela onartuz); eta segurtasun fisikoa eta emozionalaren bermea (mugimendu eta ekintza autonomo librean garatzeko behar dituen baldintzak eskainiz, eta bere beharrekiko sentikortasuna adieraziz).
Hori hala izan dadin, aldaketa handienetako bat espazioetan egin behar da. Gune irekiak eta adin ezberdinetako umeen zirkulazio librea planteatzen ditu pedagogia berriak, eta horrek guneak egokitzea eskatzen du, besteak beste. “Baliabide ekonomiko gehiago dituen ikastolak, espazio handiagoa duenak, aukera gehiago izan dezake. Baina, baliabide gutxiagorekin eta obra handirik gabe ere egin daiteke egokitzapena; batzuetan nahikoa da umeei gelako atea irekitzea eta gelan bertan haien jarduerarako gune ezberdinak antolatzea”.
Espazioek ez ezik, irakasleek ere egin behar dute aldaketa. “Umeak espazio itxi batean edukitzeak segurtasun eremu bat eskaintzen dio irakasleari, eta umearen zirkulazio libreak esan nahi du ume guztiak ez daudela une oro zure begiradapean”. Ebaluatzeko modua ere aldatzea dakar sistema berriak, ohiko fitxa eta liburuxken egokitzapena ere bai, baina, aldi berean, HHri eskatzen zaizkion edukiak eta hizkuntzari dagozkion betekizunak ere hor daude, eta hor dago erronka handietako bat. “Egokitzapena eta aldaketa arlo askotan egin behar du irakasleak, eta horregatik nik argi daukat irakasleari ere segurtasuna eman behar zaiola, pauso horiek berme batekin emateko”.
Azurmendiren arabera, beste helduek ere pedagogia berriaren parte izan behar dute. “Adibidez, jangelan aritzen direnak; pedagogia hau ez baita ondo uztartzen platerean dagoen guztia jatera behartzearekin. Autobusean umeei laguntzen doazen helduek, berriz, bitartekari lan bat egin behar dute, harrera goxoa eskaini umeari, eta gurasoekin hitz egin umeak gaua nola pasatu duen jakiteko, ondo gosaldu duen ala ez… Aldaketak guztiei eragiten die”.
Eta gurasoek ere bai. Marko teoriko hori soilik irakasleengan edo ikastolan gelditzerik ez dute nahi. “Pedagogia honek ikastola gainditu behar du, eta gurasoak ere barneratu behar ditu. Prozesu hau egiten ari diren ikastola batzuetan, adibidez, Guraso Eskolak ari dira egiten norabide horretan. Baina nola lortu gurasoen inplikazioa 23 autobus mugitzen dituen ikastola batean? Horietan bilatu behar da bide bat gurasoak inplikatu eta aldaketa pedagogiko honen parte senti daitezen”.
Azurmendiren arabera, elkarlana da prozesu honen gakoa; bai ikastolen arteko elkarlana, eta bai ikastolako agente guztiena (guraso, irakasle, langile…). Bestetik, aldaketa pedagogikoak jarraipena behar du hurrengo zikloetan ere (LHn), eta Ikastolen Elkartea hori ere ari da lantzen jada.
Leave a Reply