“Kapituluak itxiz joan behar dugu, eta, noski, presoena ere bai”

“Kapituluak itxiz joan behar dugu, eta, noski, presoena ere bai”

E. Goenaga Lizaso

0 Kilometroa kanpainari hasiera emateko ekitaldia egingo du Sarek, bihar, Donostian. Ibon Iparragirre larri gaixo dagoen presoaren aldeko elkarretaratze batek emango dio hasiera dinamikari, 16:15ean. Ondoren, zortzi gune atonduko dituzte, eta presoekin zerikusia duten gai bana landuko dute horietan: preso gaixoak, emakume presoak, sakabanaketa… Tailerrak eta jarduera ludikoak, jai giroa eta aldarrikapena uztartuko dituztela azaldu du Inaxio Oiartzabal Sareko kideak (Donostia, 1986).

Zer esan nahi duzue 0 Kilometroa horrekin?

Sarek hiru urte beteko ditu orain, eta epe horretan bilakaera bat izan da; asko landu dugu sentsibilizazioa, harremanak egin ditugu, sei urte dira ETAk jarduera armatua utzi zuela, orain armagabetzea izan da… Momentu batean gaude, non konponbideak izan behar duen ardatza; atzean dauden kapitulu horiek itxiz joan behar dugu, eta presoena ere bai, noski. Guk erabiltzen dugu 0 Kilometroa, etxetik 0 kilometrora egon behar dutelako, eta 0 kilometrora egon behar dugulako eskubideak errespetatzeari dagokionez ere.

Baikor izateko arrazoiak daudela diozue, baina sei urtean presoekin ez da batere urratsik egin. Zergatik izan baikor?

Guk antzematen duguna da jendarte zabal eta oso plural batek ikusten duela aldaketa beharra, ikusten duela eskubideak errespetatu behar direla, eta, presoek kondena bat eduki arren, pertsonak direla eta eskubideen jabe direla. Hori inportantea da, orain dela zenbait urte ez geundelako halako adostasun batera iristeko moduan. Hiru urtean ikusi dugu pentsatzen genuena baino jende gehiago datorrela bat aldarrikapen honekin.

Gizarteak protagonista aktiboa izan behar duela esan duzue…

Bai, gizarteak kapitulu horiek ixteko ardura du. Konponbidean aurrera egingo bada, presoen gaiari ja eman behar zaio soluzio bat, orokorra. Iparraldean ikusi dugu aktibazio bat izan dela, eta protagonista izan direla armagabetze prozesuan; eta nik uste dut hortik ikasi behar dugula, eta presoen auzia konpontzeko ere jarrera berarekin jardun behar dugula. Adostasunak bilatu, eta pertsona moduan baina denon artean, gizarte zibilak hartu behar du ardura hau konponbidera eramateko. Guri, herritar bezala, eskubideak errespetatzeko eta legea betetzeko exijitzea dagokigu; gizarte bezala aurrera egiten uzteko exijitu behar dugu.

Eskubideak errespetatzeari dagokionez bai, egon daiteke adostasun bat; baina presoak kaleratzeari buruz egongo litzateke adostasun bera?

Adostasuna zabala da hainbat puntutan: sakabanaketa bukatzea, preso gaixoak askatzea, zigorrak betetzeari dagokionez Espainiak bere legeak betetzea, salbuespen legedia ezabatzea… Konponbidearen norabidean jartzen bagara, salbuespen egoera horrek ez du zentzurik, argi dago amaitu behar duela. Eta, behin hori amaituta, jarriko ginateke beste tesitura batean, non presoak, bere kondena edukita ere, badituen eskubideak, eta hor sartuko lirateke irteteko baimenak, hirugarren gradua…

Eta, segida horretan, presoak kalera?

Bai, hori da, pixkanaka hori guztia ikusiz joan beharko genuke… Egia da gu ez garela sartzen horrek nola izan beharko lukeen; ni ez naiz epailea, ez naiz abokatua, ez dakit nola garatu beharko litzatekeen, baina gaur aplikatzen duten 7/2003 legearekin, adibidez, preso askok kalean beharko lukete epe motzean, eta lege horrek jada ez du zentzurik testuinguru honetan. Behin parametro normaletara iritsita, eta legeak bete eta eskubideak errespetatuko balira, beste egoera batean egongo ginateke kapituluak itxiz joateko. Urte luzetan iraun duen gatazkak hainbat motxila utzi dizkigu, eta presoen motxilak pisu handia du; pixkanaka kendu egin behar zaio pisu hori, betirako enkistatua geldituko ez bada.

Filtrazio batzuk atera dira, non presoak hurbiltzeko aukera aipatzen den. Hori gertatuko balitz, zenbaitek nahikotzat jotzeko arriskua egon liteke?

Nik ez dakit horren egiazkotasuna zenbatekoa den, baina presoek ingurune afektibotik gertu egoteko eskubidea dute, eta, presoak 200 kilometrora gerturatuta ere, eskubide urraketa izaten jarraituko luke. Noski, senideek nahiagoko dute Algecirasera joan beharrean Burgosera joatea; baina kontua da Burgosera ere ez luketela joan beharko. Guk esaten duguna da hortik haratago joan behar dela, auzi hau ezin dugula adabakiekin konpondu, errotik konpondu behar dela. Eta guk uste dugu gizarte hau prest dagoela presoen gaiari benetako irtenbidea emateko. Horregatik egiten diogu deia gizarteari, parte hartze aktiboa izan dezan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.