Unai Zubeldia
Euskal itsas ondarea eta historia zaintzea, aztertzea eta hedatzea”. Horixe da Donostiako Untzi Museoaren egitekoa, Soco Romano arduradunaren hitzetan (Donostia, 1959). Bide horretan, zirrikitu guztiak baliatzen ditu museoak: “Hezkuntza ekintzak, ikerketak, argitalpenak, erakusketak…”. 1991ko maiatzaren 23an ireki zuten museoa, garai bateko Donostiako Kontsulatuaren Dorretxea zen eraikinean. Historian atzera eginda, “oso berezia” da eraikina, 1813an hiria hartu zuten tropa ingelesek eta portugaldarrek eragindako hondamendiaren ondotik zutik iraun zuten apurretakoa izan baitzen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dago museoaren kudeaketa.
Kaian sartu-irtenean ibiltzen ziren ontziak kontrolatzetik, zergak kobratzetik, kaia egoera onean mantentzetik, eta itsas laguntza ematetik, historiari keinu egitera igaro da dorretxea, “itsasoa eta itsasontziak oinarri hartuta, noski”. Bi solairuko egitura dauka eraikinak, eta, bertaratuz gero, “iraupen luzeko aldi baterako erakusketak” izango ditu ikusgai bisitariak. 2007tik ari dira eskaintza hori egiten, eta zortzigarren erakusketa da egungoa: Itsas jostailuak. “Itsasoarekin lotutako jostailuen historiaren zati esanguratsu bat bildu dugu, XIX. mendearen amaieratik XXI. mendera artekoa”. Irailaren 15era arte egongo da ikusgai.
Romanoren hitzetan, Quiroga-Monte bildumakoak dira orain erakusgai dauden jostailu gehienak. “Baina Untzi Museoaren gordailutik hartutako beste hainbat pieza ere badaude. Esate baterako, Mirakruz kaleko buzoa, Siebe Dorman & Cia-ko urpeko ekipamendua”. Donostiako Bianchi enpresak, berriz, jostailu elektronikoak egin zituen 1960ko eta 1970eko urteetan. “Irrati seinalez gidatutako txalupak tartean”. Eta horietako hainbat ere ikusi ahal izango ditu bisitariak.
Museoan sartzearekin batera, bisitariak halabeharrez egingo du topo jostailuzko ontziekin. “Belaontziak, merkataritzarako lurrunontziak, transatlantikoak, aisialdirako ontziak, gerraontziak…”. Denboraren bilakaeraren isla ere badira ontzi horiek. “Erlojuzko edo bestelako propultsio mekanismoak dituztelako batzuek, haizearen indarrez mugitzen direlako beste hainbat belaontzi, sofistikatuak direlako asko, apalagoak beste hainbat… Hori bai, ilusio sortzaileak dira guztiak”.
Jolaserako gune bat ere bai
Zortzi ataletan banatuta dago erakusketa, eta jolaserako eta abenturarako gune bat ere badauka. “Azken finean, itsas jostailuen bilakaera ezagutzeko eta jostailuek garaian garaiko pentsamoldearekin, irudimenarekin eta kulturarekin izan duten harremanaz jabetzeko aukera eskaini nahi du erakusketa honek”.
Unean uneko erakusketaz gain, hezkuntza jarduerak ere eskaintzen ditu Untzi Museoak: programa didaktikoak, tailerrak, ibilbide iraunkorrak, familientzako jarduerak… “Talde bakoitzaren beharretara egokitzen ditugu jarduera horiek guztiak”.
Leave a Reply