Unai Zubeldia
Itsasoa zakartuta dabil Donostia aldean. Bizpahiru metroko olatuak, ipar haizea… Ez da giro Gipuzkoako hiriburuko kai inguruan. Azken hiru urteotan eginahalak eta bi egin dituzte emakumezkoen proiektu sendo bat sortzeko, baina ziabogan trabatuta jarraitzen dute Donostiako arraun klubek. Elkarrekin ados jarri ezinik, bihartik aurrera hiriburuko bi ontzi izango dira uretan Gipuzkoako Ligan: Donostia Arraun Lagunak, hirugarren urtez jarraian, eta Kaiarriba Donostiarra, lehenengoz.
2007an gizonezkoen traineru bateratua sortzeko pausoa eman zuten Donostia Arraun Lagunak-ek, Ur Kirolak-ek eta Donostiako Udalak —gerora bat egin zuten Fortunak eta Kirikok ere—. Kaiarriba Donostiarra elkartea sortu zuten, eta maila gorenetik koska bakarrera dago, egun, proiektu hori —joan den igandean, bigarren postua lortu zuen Lekeition, Kaikuren atzetik, TKE ligako ontzi gehienei aurrea hartuta—. Hurrengo urtean onenen artean aritzeko erronka dauka proiektuak.
Emakumezkoen traineruarekin ere antzeko bidea egiteko beharra azaldu zuen udalak duela hiruzpalau urte. “Baina gorabeherak izan dira prozesu horretan, ustez adostuta zeuden gauza asko ez direlako bete”, azaldu du Patxi Olabe Donostia Arraun Lagunak taldeko entrenatzaileak —Ekain Iriarte eta biak ari dira jardun horretan emakumezkoen traineruan—. Horren erakusgarri da azken urteotako bilakaera: 2009an, Ur Kirolak-ek emakumezkoen trainerua uretaratu zuen; 2014an, bi aldeak ados jarri ezinik, Donostia Arraun Lagunak izan zen uretan; 2015ean, Donostiarra-Arraun Lagunak 50. urteurrena izena adostu zuten. “Nahiz eta ez zen traineru bateratua”, Olaberen hitzetan. “Gurea zen egitura osoa, baina proiektu bateratuaren alde geundela erakutsi nahi genuen”. Alberto Lopez Kaiarriba Donostiarra taldeko presidentearen hitzetan, Arraun Lagunak-ek “bere” egin nahi du emakumezkoen trainerua. “Euren izaerari eusteko tresna gisa ari dira erabiltzen gaia, eta pena da”. Bidegurutzean trabatuta, iaz Donostia Arraun Lagunak soilik uretaratu zen berriz ere; eta klub bakoitzak bere trainerua itsasoratuko du aurten.
Arraun Lagunak-en ustez, Kaiarriba eskaintzen ari dena ez da hitzartuta zeukatena. “Hamar urteotan diru publiko asko sartu da proiektuan, baina Donostian ez daude lehen baino arraunlari gehiago eta ezta hobeak ere”. Olabek kritikatu duenez, kirol maila hobetzeko beste taldeetatik fitxaketak egitea da egungo filosofia. “Eta guk ez dugu bat egiten horrekin. Donostiako arraunlari onenek traineru bakarra ateratzea zen hasierako asmoa. Jendeak emaitzak eskatzen ditu, eta ulertzen dugu presioak egotea. Baina hasierako asmoa ez zen hori. Beste modu batera lan egin daiteke, eta gu horrela ari gara emakumezkoekin”.
Uretan, alde handia
Kirol arloari dagokionez, “iaz baino hobeto” ibiltzeko itxaropena dauka Arraun Lagunak-ek. “Aldaketa txiki batzuk gorabehera, iazko taldea mantendu dugu, eta neguko estropadetan eta entrenamenduetan ikusi dugu iaz baino hobeto gabiltzala. Hori berretsi dute arraunlariei egindako proba fisikoek ere. Lehiaketak argituko du gainerakoek zenbat hobetu duten”. Klubak iaz lortu zuen lehen bandera emakumezkoetan, Orioko estropadan.
Kaiarriba Donostiarrarentzat “ibilbidearen hasiera” izango da aurtengoa —Borja Mena da entrenatzailea—. “Lehen urtea izango dugu uretan, eta, hasiera guztietan bezala, geure lekua zein den ikusi beharko dugu”, azaldu du Lopezek. Denboraldirako presio handiegirik ez du nahi presidenteak. “Goza dezatela arraunean. Portugalete, Lea-Artibai… Ea gai garen horien parean edo aurretik ibiltzeko”. Kaiarribako buruak onartu duenez, “ia ezinezkoa” izango da Euskotren ligarako sailkatzea —uztailaren 8an eta 9an egingo dute sailkatzeko estropada, eta lau onenak ariko dira liga horretan—. Arraun Lagunak-ek, berriz, “eskuragarri” ikusten du erronka. “Iaz gertu ibili ginelako, lehen jardunaldian oso estropada txarra egin arren”.
Kontxako Banderan, saltsa
Bi klubek argi daukate San Juan eta Hibaika gainerakoak baino “koska bat gorago” daudela. “Eta Orio ere sar daiteke borroka horretan”, zehaztu du Olabek. “Baina gu ere saiatuko gara hirugarren postu horretarako lehian sartzen; Oriorengandik gertu ibili nahi dugu”. Eurena “baliabide gutxiko kluba” dela argitu du Donostia Arraun Lagunak-eko entrenatzaileak. “Baina 53 urteko esperientzia daukagu, txapeldun asko atera dira klub honetatik, eta zer edo zer badakigu arraun munduari buruz. Urtero pausoak ematen jarraitu nahi dugu”. Lopez zerekin geldituko da gustura denboraldi amaieran? “Hurrengo urtean gehienek taldean jarraitu nahi dutela ikusita”. Olabek, berriz, “Euskotren liga eta Kontxako Banderako ohorezko txanda” dauzka begiz jota.
Hain zuzen ere, bakoitzak bere bidea hartuta, Kontxako Banderak piztu dezake, berriz ere, bi kluben arteko sua, irailean. Lopezek ziurtatu du eurak sailkatuta daudela dagoeneko. “Iaztik araututa dago Kaiarribak emakumezkoen trainerua izanez gero postua ziurtatuta daukala”. Olabe ez dago ados horrekin. “Guri inork ez digu ezer esan oraindik, eta Donostiako bi kluben artean sailkatze estropada egingo dutela espero dut, udalak kirol maila onena daukan trainerua ikusi nahiko duelako uretan”. Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak, Kontxako Banderaren antolatzaileak, oraindik ez du hartu gaiari buruzko erabakirik.
Leave a Reply