Unai Zubeldia
Itzala parez pare begira. Sartzeko dei eginez, baina tentsioa sortuz. Eta belea parean, zelatan. Suspentsearen soka finean joan-etorrian ibiliko da ikuslea Alfred Hitchcock presents telebista saiorako egindako zinemagilearen beraren silueta igarotzearekin batera. 37 urte igaro dira Alfred Hitchcock zinemagile ingelesa hil zenetik —1980ko apirilaren 29an hil zen, Los Angelesen, AEBetan—, baina Donostiako San Telmo museoan bizi-bizirik jarraitzen du “suspensearen eta umore beltzaren maisu” izan zen artistaren lanak. Joan den astean ireki zuten Hitchcock, suspensetik harago erakusketa, Telefonica fundazioaren bilduma, eta urriaren 1era arte izango da ikusgai.
Donostia bertatik bertara ezagutu zuen Hitchcockek. “1958an etorri zen Zinemaldira, Vertigo lana nazioartean aurkeztera, eta San Telmo museoan bertan ere egon zen”. Hala azaldu du Nerea Izagirre San Telmo Museoko teknikariak (Errenteria, 1977), eta, keinu horri segika, Hitchcockek berak bost jauzitan barneratuko du ikuslea bere ibilbide profesional oparoan, lehen helduleku gisa datu biografiko eta filmografikoak hartuta. “50 bat film egin zituen 55 urteko ibilbidean”. Izagirreren hitzetan, Hitchcock “oso adi” egoten zen beti sormen prozesu guztietan zer gertatzen ari zen jakiteko. “Eta sortzaile horiekin guztiekin harremana izaten saiatzen zen bere proiektuetara erakartzeko”. Izagirrek azaldu duenez, “oso komertziala” zen Hitchcocken lana. “Baina baita oso artistikoa ere. Oso azkarra zen izatez; bazekien publikoari zer gustatuko zitzaion, baina, aldi berean, beretzat oso garrantzitsua zen garaian garaiko arte munduaren errealitatea”.
Konfiantza pixka bat hartzerako barrua astintzea lortzen du beti Hitchcockek, eta hala gertatzen da San Telmo museoan ere. “Zinema mutuan hasi zen lanean, eta, horregatik, beretzat garrantzi berezia zeukan estetikak. Oso bisualak ziren bere filmak”. Bi eskuekin heldutako soka; hatz puntan odol tanta bat daukan eskularrua; dutxako zuloa; begia… Film ezagunenetako lehen planoak denak. “Soinua sartu zenean ere elementu bisual horiei garrantzia ematen jarraitu zuen, eta teknika horrek berebiziko indarra ematen zion bere lanari. Ikusleari traman sartzen laguntzen diote irudi horiek”. James Stewart eta Doris Day protagonista zirela, The Man Who Knew Too Much [Gehiegi zekien gizona] filmean irudiak eta ahotsa uztartzeko egiten duen “maisulana” da horren erakusgarri.
Marketin lanean murgilduta
Tipografiak eta amaierako kredituak zaintzen ere “maisua” izan zen Hitchcock. “Eta baita marketin lanean ere”. Ordura arte inork egin gabekoak egin zituen zuzendariak. “Thriller bat egin zuen, adibidez, lehen pertsonan kontatuz Psycho filmeko hilketetako bat nola prestatu zuen; Hitchcock bera zen filmaren marketin ikurra”.
Zuzendariak zeukan nortasunaren adibide gisa, garai hartan etenik gabe errepikatzen zituzten filmak zinema aretoetan, eta ez zen izaten sartzeko eta irteteko ordu zehatzik. “Psycho-ren kasuan, ordea, kartelean bertan adierazi zuen filma hasiera-hasieratik ikusi beharra zegoela. ‘Behin filma hasita, inortxo ere ez da sartuko aretoan’ adierazi zuen berak”. Psycho party bat ere egin zuen, filmaren aitzakian antolatutako festa erraldoi bat. 1960. urtea zen, eta erabaki berritzaileak ziren haiek. “Ordura arte, aktoreei esker ziren ezagunak filmak, baina Hitchcocken kasuan, zuzendariak berak egin zituen lan horiek”.
Atzera begira egin beharra dago aurrera erakusketan, Janet Leigh aktorearekin dutxa barruan sartu beste erremediorik ez dagoelako. Psycho filmeko eszena ezaguna begi bistan izango du bisitariak, musikari esker eszena horrek hartu zuen indarra barneratuta —Hitchcockek, berez, ez zion gehitu nahi izan hain ezaguna den musika doinurik—.
Zentsura, emakumeen eta gizonen arteko harremana —hasieratik Alma Reville emaztea izan zuen gidoigile—, storyboard-ak, kolaboratzaileak, jantziak, estilizazio bisualak, familia giroko irudiak… Ordubeteko ibilian Vertigo, Psycho, The Birds, North by Northwest… filmetan sartu-irtenean ibili ondoren, eta itzaletik argitara jauzi eginda, Hitchcockek berak agurtuko du bisitaria, orain 59 urte bezala argazkirako gonbita eginez. “Zuzendaria izateaz haratago, sormen prozesuko xehetasun guztiak zaintzen zituen”. Eta bisitariak ezin, bada, agurtu gabe utzi.
Ausartenentzat gonbita ere egin du San Telmo museoak. Spellbound (uztailak 4), Rebecca (uztailak 11) eta Vertigo (uztailak 18) filmak eskainiko dituzte patioan, eta The Birds (uztailak 29) eta Psycho (abuztuak 26) elizan. 22:00etan hasiko dira guztiak.
Leave a Reply