Maialen Etxaniz
Magia egiten duten pertsonaiak dira aztiak, sorginkeriak egiten dituzten ilusio sortzaileak. Azpeitian bada azti bat gaur egun, eta, sorginkeriak egiten ote dituen jakin ezin bada ere, jakina da txotxongiloak egiten dituela. Iban Bergara (Azpeitia, 1986) da bera, iaztik Aztia izenpean aritzen den txotxongilo egilea. Lamia, Mari, Tartalo eta beste hainbat pertsonaia izan ditu bidaide orain artean.
“Haurra nintzenetik izan dut harremana txotxongiloekin eta antzerkiarekin. Hala ere, duela bi urte inguru Durangoko artisauen azokan ikusi nituen txotxongilo batzuek piztu zidaten sortze prozesura saltoa egiteko grina”, azaldu du. “Ezustean egin nuen topo txotxongilo haiekin, eta nire arreta piztu zuten, panpinek zuten espresioagatik, batez ere. Handik gutxira, aspertuta nengoen egun batean ekin nion panpinak egiteari. Izan ere, ni ez naiz mendizalea edo futbolaria, eta denbora-pasa hasi nintzen sortzen”. Bizardun bat izan zen Bergarak egin zuen aurreneko txotxongiloa, eta lagun bati oparitu zion gero. Lehenengoa egin eta gutxira iritsi zen bigarrena: Che Guevararen irudia.
Bergarak ez zuen txotxongiloak egiten jarraitzeko asmorik, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta udalak martxan jarritako sorkuntza beka iritsi zen arte. Beka horren helburua da herriko sortzaileei beren proiektuak gara ditzaten sostengu ekonomikoa ematea. Iaz jarri zuten abian, eta hamar proiektu aurkeztu ziren deialdira. Horietatik bostek jaso zuten diru laguntza, tartean Bergarak aurkeztu zuen proiektuak: euskal mitologiako pertsonaien txotxongilo sorta. “Lanean hasteko izugarrizko bultzada izan zen sorkuntza beka. Izan ere, behin proiektua aurkeztuta eta saria jasota, handiagoa da konpromisoa. Gainera, bekak aukera eman zidan gaiaren inguruan gehiago informatzeko, esperimentuak egiteko eta txotxongiloen munduan saltsan ibiltzeko”, azaldu du. Ia urtebete inguru igaro zuen euskal mitologiako pertsonaiak txotxongilo bihurtzen.
Aztiari “betidanik” gustatu izan zaio euskal mitologia, eta horregatik aukeratu zuen gai hori bere aurreneko proiektua garatzeko. “Uste dut interesgarria dela, baina iruditzen zait ez dela gehiegi iristen gai hori jendearengana. Horregatik, herritarrak euskal kulturaren parte den mitologiara hurbiltzeko aukera polita izan zitekeela pentsatu nuen”. Lamia, Mari, Tartalo, Sorginak, Olentzero, Galtzagorri eta Akerbeltz izan ziren gorpuztu zituen pertsonaietako batzuk. Erakusketa bat osatu zuen horiekin, eta ikusgai izan zen Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Behin Sorkuntza Bekara aurkeztutako proiektua bukatuta eta aurkeztuta, atsedenerako tartea hartu zuen Azpeitiko Aztiak.
Bidaiatzetik itzuli ostean, Bergarak berriro ekin zion txotxongiloak egiteari, Aizarnako (Zestoa) bizilagunek eskatuta. “Txotxongilo tailerra eskaintzeko proposamena egin zidaten hainbat aizarnarrek, eta baiezkoa eman nien. Haur zein heldu aritu ginen eskulanetan, eta esperientzia polita izan zen. Txotxongiloak nola egin irakasteaz gain, aurrez eginda neuzkan lanen erakusketa ikusgai jartzeko aukera ere eman zidaten”, azaldu du Aztiak. Aizarnakoaren ostean iritsi ziren hurrengo gonbidapenak.
Proposamenei, baiezkoa
Joan den ekainean azpeitiarrak egindako mantangorria arduratu zen Azpeitiko Sanjuandegi auzoko festei hasiera emateaz. Duela urte batzuetatik da Mantangorri jaietako irudia, baina azken urteetan erabilitako panpina hautsi egin zela eta, iaz Bergararengana jo zuten auzoko festa batzordeko kideek. “Esperientzia berria” zen azpeitiarrarentzat, baina baiezkoa eman zion gonbidapenari: “Aurrez sekula ez nuen egin halako panpina handirik, baina mantangorria egitera animatu nintzen. Gauza berriak probatzeko, esperimentatzeko eta proposamenei baiezkoa emateko garaian nago”.
Hasieran, apargomarekin edo belakiarekin egiten zituen txotxongiloak Bergarak, baina bidean topatu dituen proposamenei erantzuteko beste material batzuk lantzen ere hasi da. Hala ere, erabiltzen duen material ugari berrerabilitakoa da. “Apargoma mota ezberdinak daude, eta batzuk berrerabil daitezke, baina gainerakoak Internetez erosten ditut. Bestalde, Gurea oihal dendakoek eurek behar ez dituzten oihal zatiak ematen dizkidate, eta horiei ere beste erabilera bat ematen diet”, azaldu du.
Sortzeko leku bat ere behar du Aztiak, buruan dituen ideia guztiak gorpuzteko espazio bat. Dinamoa Azpeitiko Sorgintza Gunean egiten du lan txotxongilo egileak, eta bertan ditu lanerako tresna guztiak. Herriko kultur dinamikari bultzada emateko espazioa da Dinamoa, eta herriko hainbat sortzaile aritzen dira lanean bertan. “Lanerako eta sormenerako aukera paregabea da Dinamoa bezalako espazioak egotea. Gainera, modalitate ezberdineko artistak bertan bilduz gero, elkar elikatzeko balioko digun espazioa dela uste dut”, esan du Bergarak. Horregatik, “sormenean dabilen herritar orori” gonbidapena egin dio Dinamora hurbil dadin. “Norbaitek txotxongiloen munduarekin interesa balu edo proposamenen bat egin nahiko balu, etor dadila”.
Txotxongiloak egiten jarraituko du Aztiak, eta horiek plazetara eta azoketara eramateko asmoa du. Hala ere, ez du pentsatu zer egin produkzio lan horretatik harago. Oraingoz, ez du emanaldien bidez txotxongiloei bizitza emateko asmorik, baina unean uneko proiektuei heldu eta horiek gorpuzteko irrikaz dago.
Leave a Reply