Ane Olaizola
Arrantzari eta itsasoari lotutako herria da Orio. “Arrauna eta bisigua” dira herriaren berezitasun nagusiak, eta horregatik dira kanpoan ezagun, Joxe Angel Zaldua alkatearen hitzetan (Orio, 1959). “Beste lekuetan ez bezala, hemen umeak arraunean hasten dira kirola egiten. Bisigua jan nahi duenak, berriz, Oriora etorri behar du”.Tradizioa ahaztu gabe, ordea, etorkizunari ateak zabalik bizi den herria da Orio.
Gipuzkoako ipar-erdialdeko kostaldean dago kokatuta, eta Urola Kosta eskualdeko udalerria da. Donostiarekin, Zarautzekin, Usurbilekin eta Aiarekin egiten du muga, besteak beste. Ingurune natural aberatsa daukala, hori da herriaren balio handienetakoa; Kukuarri mendi kaskoaren magalean, itsasoari eta Oria ibaiari begira haziz joan den herria da. Egun, Antillakoa da katalogatuta dagoen hondartza bakarra, baina Txurrukako hondartzaren egoera “asko” hobetu dela eta, aurrera begira ez dute baztertzen berriro hondartza izendatzea. “Duela urte batzuk baino askoz garbiago dago hango ura. Aztertu egin behar dugu berriro erabilgarri jarriko dugun edo ez”.
Orioren ondarea ezagutarazteko, udalak estrategikotzat du turismoa sustatzea. “Hori baita herriaren motorra. Industriari dagokionez, gabezia handia dugu; enpresa gehienak Aian daude. Lehen, itsasotik bizi zen herria. 28 itsasontzi izan genituen garai batean, baina egun bost besterik ez daude. Merkataritzaren eta turismoaren inguruan mugitzen da herria, eta horren aldeko apustua egin dugu”.
Orio “herri turistikoa” dela azpimarratu du alkateak. “Baina 2014tik turismo teknikaririk gabe gaude”. Postu hori betetzeko pertsona bat kontratatzeko bidean dira, eta, bien bitartean, herriak dituen indarguneak eta ahuleziak zehazteko azterketa bat egingo dute, aurrera begira turismoari lotutako proiektu bat gara dezaten.
Herrigunea, oinezkoentzat
Oriok egun duen “arazo handiari” irtenbidea eman nahian, Areizaga kalea oinezkoentzat egokitzea da udalak esku artean duen proiektu garrantzitsuenetakoa. Ibilgailuek, egun, asteburuetan soilik dute debekatua udaletxe eta plaza inguruan ibiltzea, eta neurri hori behin betiko hartu nahi dute, aldaketa batzuk eginda. Obrak egingo dituzte, eta, besteak beste, herrirako sarbidea aldatu eta moila zabalduko dute. “Modu horretara, bi norabidetan igaro ahalko dira ibilgailuak”. Alkatearen iritziz, proiektuak herriari “arnasa” emango dio urtea amaitzerako.
5.900 biztanle inguru ditu Oriok, baina “7.000 eta 8.000 biztanle arteko herriek adina zerbitzu” dituela azpimarratu du Zalduak. Donostiarekin duen gertutasuna dela eta, azken urteetan inguruko herrietako biztanle asko hartu dituzte. “Hein batean, autobidearen sarbidearen eraginez”.
Herria turismotik eta merkataritzatik bizi bada ere, Zalduak ez du baztertzen urte batzuk barru beste norabide bat hartzea. “Gizarteak eskatzen duen hori Orion badago, bultzatu egingo dugu. Ez dugu aterik itxiko”.
Leave a Reply