A. Olaizola
Aurpegi askotako pertsona da Ibon Gaztañazpi (Orio, 1977). Arraunlari ohia, kazetaria, telebista aurkezlea… ETBn ezagun bilakatu da azken urteetan, eta hainbat formatutako saioetan parte hartu du. Oriotar “peto-petoa” dela azaldu du.
Arraunlari ohia eta arraunzalea zara. Oriotar prototipotzat al duzu zeure burua?
Orain dela gutxi, telebistarako saio bat grabatzen ari ginela, lagun batek esan zidan entzuna zuela oriotarrak egoskorrak ginela. Hasitakoa amaitu nahi izaten duena baldin bada pertsona burugogorra, hala izango naiz, bai. Arraunarekin ere lotura handia dut, eta, euskaraz hitz egitean, kosta egiten zait oriotarkeriak kentzea. Beraz, agian beteko dut prototipoa.
Leku kutunik ba al duzu Orion?
Baditut pare bat leku oso berezi, Kukuarri inguruan. Itsasoak eta mendiak bat egiten dute Orion, eta, alde horretatik, leku zoragarria da. Arroka inguruetan ditut tokirik kutunenak. Paradisu koskor dezente daude Igeldo eta Orio artean.
Nola ikusten duzu Orio datorren arraun denboraldirako?
Oso itxura ona du. Azken urteetan kosta egin da herrian ilusioa piztea, eta uste dut Jon Salsamendi entrenatzailearen etorrerarekin eta neguan eta udaberrian izan dituzten emaitzekin berriz ilusioa piztu dela. Halere, esan beharra dago Orion ilusioa azkar pizten dela, baina itzali ere bai. Badaezpada, hobe izango da zuhur egotea.
22 urtez aritu zinen arraunean, eta Orio utzi eta beste klub batera joan zen lehen arraunlarietakoa izan zinen. Zalaparta dezente sortu zen orduan. Nola ikusten duzu egungo egoera?
Nire aurretik beste batzuk ere jada joanak ziren klubetik, eta beldurtzeko egurra jaso zuten haiek. Guk ere bai gero. Orain, zorionez, aldatzen ari da hori. Orduko zauriak itxi zaizkit, eta atzera begiratzen dudanean ez dut sentitzen inolako arrangurarik.
ETB1eko Gailurra Xtreme saioan parte hartu duzu. Nolako esperientzia izan da?
Txanponak bezala, bi alde izan ditu. Batetik, ikaragarri gogorra izan da. Telebistako kronogramak bete egin behar dira, eta gorputzaren eta telebistaren erritmoak ez datoz bat. Ezinezkoa da erritmo hori jarraitzea, eta gehiegizkoa izan da. Inoiz ez dut halakorik bizi izan. Modu horretan eginda, behintzat, ez nuke errepikatuko. Bestetik, positiboa izan da. Berriro lehiakor sentitu naiz, eta Euskal Herriko txokoak eta mendi lasterketen inguruan dagoen sukarra ezagutzeko aukera eman dit. Lehen, ez ninduen askorik tentatzen mundu horrek; lasaitasunarekin lotzen nuen mendia. Eta, hau probatu ondoren, garbiago dut hala dela.
Herri kirolak ere gertutik jarraitzen dituzu. Nolako egoeran daude?
Herri kiroletan lanean hasi baino lehen mundu hori ez nuen horren gertutik ezagutzen, eta bi gauza nabarmenduko nituzke: batetik, dudarik gabe, ingurunerik euskaldunena dela; eta, bestetik, kazetaritza aldetik, aparta dela informazio iturriekin hain gertu lan egitea. Ikusten dut herri kirolak geure-geureak direla, eta beste bultzada bat eman behar zaiela. Gazte jende asko dator, eta pozgarria da hori.
Komunikazioaren alorrean formatu askotan lan egin duzu. Non sentitzen zara erosoen?
Jendearekin berriketan hasten naizenean, oso gustura egoten naiz halakoetan. Parekoarekin hizketan hasi, eta batzuetan ahaztu egiten zait lanean ari naizela. Lehen, gehiago hitz egiten genuen, eta hori galdu egin dugu sakelako telefonoekin.
Leave a Reply