Unai Zubeldia
Donostia zineari keinuka aritzen da urte osoan. “Ukaezina da hori”, esan du Laura Rodriguez Bauza Kristonkino elkarteko kideak (Donostia, 1992). Zinemaldia, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astea, Giza Eskubideen Aldeko Zinema Jaialdia… “Baina bakar bat ere ez dago film laburrak oinarri dituena, eta arlo horretan aritzen da lanean Kristonkino”. Ikus-entzunezkoen ekoizpen etxea. Bestela ezin eta, ez zegoen hura sortzeko lanean hasi ziren elkarteko kideak. “Crowdfunding bidez hasi ginen proiektua martxan jarri ahal izateko dirua biltzen”. Eta beharrezkoa zen gutxienekoa lortuta, “eta herritarrek interesa zeukatela ikusita”, ia urtebete atzera hasi ziren Donosskino jaialdia gorpuzten. Uztailaren 6tik 8ra jasoko dute lan horren guztiaren fruitua. Doakoa izango da jaialdi guztia.
Donostiako Egia auzoan jarriko dute egoitza nagusia. “Zinemarik ez zeukan auzo batera gerturatu nahi genuen jaialdia”, azaldu du Rodriguez Bauzak. Horregatik aukeratu dute Blas de Otero plaza. Domo geodesiko bat eraikiko dute han. “60ko urteetako Zinerama ibiltariaren ideia berreskuratu nahi izan dugu”. Hamalau metroko diametroa izango du zinema aretoak, zazpi metroko altuera, eta 170 lagunentzako lekua. “Zinema ekitaldi sozial gisa berreskuratzea da helburuetako bat”. Ostegunetik larunbatera, sail ofizialeko bi film emango dituzte egunero.
Lehen pausoak ematen ari da proiektua —hamar bat lagun ari dira lanean—, baina, estreinako urtean, 1.200 film labur jaso dituzte antolatzaileek. “Nahikoa lan izan dugu sail ofizialerako hamabi onenak aukeratzen”. Rodriguez Bauzak zehaztu duenez, horietatik lau euskarazkoak izango dira. Sail ofizialean parte hartuko duten hamabi film horiez gain, nazioarteko beste bi lan ere aukeratu dituzte emanaldien amaieran eskaintzeko. “Eta haurrentzat beste sail bat ere prestatu dugu, Zinemakiddo izenekoa. 213 film labur jaso genituen, animaziokoak gehienak”.
Paco Sagarzazuri keinua
Miren Aperribai, Jon Paul Arroyo, Meno Martin eta Iñaki Ortiz izango dira epaimahaiko kideak, eta uztailaren 8an jakinaraziko dute nor diren irabazleak, arratsaldean, Principe zinema aretoan egingo duten ekitaldi nagusian. Zortzi sari emango dituzte: sail ofizialeko film laburrik onenarena, haurrentzako film laburrik onenarena, publikoaren saria, aktore onenarena, emakumezko aktorerik onenarena, gidoi onenarena, argazkilaritza onenarena eta Hemen Here saria. Ekitaldi horretan bertan, ohorezko saria emango diote Paco Sagarzazu aktoreari. “Gipuzkoan film laburren inguruan egin duen lana eskertzea da helburua”.
Blas de Otero plazako guneaz gain, Kutxa Kultur espazioan ere egingo dituzte hainbat ekitaldi, Tabakalera eraikinean. “6 eta 12 urte arteko haurrentzat film laburren tailerrak izango ditugu han, esaterako”. Aurretik, aste honetan bertan, El Sekadero guneak interpretazio tailerrak eskaini ditu haurrentzat, 6 eta 10 urte artekoentzat bat. Eta Kristonkino elkartea filmazio tailerretan murgilduta ibili da 8 eta 12 urte arteko haurrekin.
Oinarri horri segika, datorren ostegunean eta ostiralean grabaketak egingo dituzte haurrekin, eta uztailaren 8an, goizez, haur horiek egindako film laburrak ikusteko aukera izango da Principe aretoan, 12:00etan. “Zinemakiddo sailean parte hartuko duten pare bat film ere eskainiko ditugu ekitaldi horretan”. Ismael Martin film laburren banaketa alorreko adituak eta Madrid en corto programaren arduradunak, berriz, masterclass bat emango du azken egunean. “Norberak bere film laburra nola zabaldu dezakeen ikusteko”.
Behar bati tiraka hasi ziren lanean Kristonkinoko kideak. “Donostian ez dagoelako film laburren inguruko kulturarik. Garai batean, zinemetan eskaintzen zituzten film laburrak, film nagusia hasi aurretik, adibidez. Baina hori guztia galdu egin da denborarekin”. Film ekitaldi soil bat baino “zerbait gehiago” izatea nahiko luke Rodriguez Bauzak. “Ikusleak, zuzendariak, aktoreak eta guzti-guztiak gune batean elkartu eta euren artean solasean aritu ahal izateko”. Funtsean, berritasuna eta ikusgarritasuna eskaini nahi dituzte Donosskino jaialdiko antolatzaileek. “Film laburrena zinema ikusezina ez dela erakusteko. Istorio txikiek ere gauza handiak kontatzen dituzte”.
Leave a Reply